Epelkeria eta uniformetasuna nagusi diren garaiotan, zaila da ahobizarrik gabe hitz egingo duena aurkitzea. Bizitzan ohikoa den joera bere egin du kirolak, eta arrauna ez da hortaz libratu. Jardunaldi osteko adierazpenak dira horren adibide. Zapata zola miazkatzeak baino grazia gutxiago dute elkarrizketa askok, kontrarioari ahalik eta pistarik gutxien ematearen aitzakian.
Salbuespenak badira, halere. Ibilbide luzeko jendea izaten da, orokorrean, araua hausten duena. Eta nago ez ote den klasikoen garaia, hala bizitzan nola arraunean ere. Aiztoa gurinetan sartzen duten horiena. Nahiz eta, dagoeneko, otzantasunak irabazi duen lau egia esaten dituzten tolesgabeen aurkako lehia.
Hara estropada osteko gogoetak utzitakoa: lehengoak zabarragoak izango ziren akaso, baina baita autentikoagoak ere. Ulerterrazagoak, nahi bada. Futbolean oso agerikoa izan da hori: «Nik dimititu? Lehenago ikusiko duzue zerria hegan». Egun, ponpoxokeriak itzaldu du argitasuna.
Klasikoei beti atera dakieke zukua, inor ez baitute epel uzten. Beti emango dute lezioa. Pedro Mari Zabaltza Osasunako entrenatzaile ohiak, kasurako: «Konfiatzen garenean, zeharo txarrak gara». Labur bezain argi.
Bestelako estiloa zuen Manolo Preciado zenak, baina ederki ulertzen zitzaion: «Lehen ez ginen Jaungoiko, eta orain ez gara Pontzio Pilatok egindako azken mokordoa». «Eta alderantziz», gehituko nioke. Arraunak aldagai gehiegi baititu matematika bezain zehatza izateko.
Arrauna. ANTXERRITIK
Klasikoen garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu