Hirukoetan oinarritzen da egungo saskibaloia. Lehen, umeek baloia hartzen zutenean, uztaipera joaten ziren lehen jaurtiketa egitera. Berez, hor dago aukerarik gehien helburu nagusia lortzeko: baloia uztaiaren barrura sartzeko. Orain, ordea, aurrera baino gehiago, atzera joaten dira, hiruko marrara. Oraindik egoki heldu ez arren, urrunetik egiten dute saiakera. Azkenean, umeak gizartearen isla dira.
Bat gehiago
Aste honetako harrobiko entrenamendu saioetan are eta ageriagokoa izango da joera hori. Miribillan eta Buesa Arenan asteburuan ikusitakoa izango da horren arrazoi nagusia. Larunbatean, Teneriferen aurka, Bilbo Basketek hiruko marratik egindako lehen hamazazpi saiakeretatik hamahiru sartu zituen. Margiris Normantasek lehen bost saiakeretan asmatu zuen. Baskoniak, berriz, muturrera eraman zuen apustua. Gurean oso apustuzaleak garelako, eta «bat gehiago» esamoldea oso barneratua dagoelako. Hala, gasteiztarrek hamalau sartu zituzten lehen hamazazpi ahaleginetan. Herenegun egin zuten, Manresaren aurka. Baina hori gutxi ez, eta errekorrak bata bestearen atzetik txikitu zituzten arabarrek. Orain arte zuten marka hautsi zuten: 23 sartu zituzten denera. Artean partida bakar batean hemeretzi zituzten sartuta. Khaliga Diopek berak bat saskiratu zuen, bere ibilbideko lehendabizikoa. ACB ligako markarik onena ere berdindu zuten: Unicajak zuen orain arte. Aurreko denboraldian 23 sartu zituen, Real Madrilen aurkako partida batean.
Horrek, noski, eragina izan zuen emaitzan. Paolo Galbiatik zuzendutako taldeak 74 puntu saskiratu zituen lehen zatian. Inoizko markarik onenetan bigarrena da Baskoniarena. 1987ko urtarrilaren 31n, Bartzelonak 78 puntu sartu zizkion orduko Caja Bilbaori lehen bi laurdenetan. Hori bai, egungo Bilbo Basketi ere, Gabonetan, 79 puntu sartu zizkion Valentziak bi laurdenetan. Baina azken bi laurdeneetan izan zen. Guztira 130 puntu saskiratu zituzten gasteiztarrek igandean. NBAn ohikoa izaten da hori egitea, baina han hamabi minutu irauten du laurden bakoitzak, eta ACB ligan hamar. Hain zuzen ere, ia berrogei urte ziren ez zirela hainbeste puntu sartu ACB ligako partida batean. Zaragozak 131 sartu zituen Ourensen, 1990eko irailaren 19an.
Egin kontu
Oraindik ere kontuak ateratzen ariko dira ACB ligako bi euskal taldeak. Bilbo Basketek Espainiako Koparako sailkatzeko aukera apurrei eusten die. Lehen itzuliko azken jardunaldian borrokatuko da hori lortzeko. Ez da erraza izango, eta izan liteke etxean Valentziaren aurka hainbeste punturen aldeaz galdu izanak eragina izatea. Hasteko, bilbotarrek irabazi egin beharko dute Granadan, eta beharrezkoa izango dute Tenerifek Bartzelonan galtzea. Posible da hori gertatzea. Izan ere, Granada sailkapeneko azken postuan dago: garaipen bakarra du. Xavi Pascualekin, Bartzelonak ez du partidarik galdu azken hamar jardunaldietan. Gainera, Miribillan galdu eta gero, Txus Bidorretaren taldeak azken bost partidak galdu ditu. Baina kontua da, horrez gain, 69 punturen aldea irauli beharko luketela bizkaitarrek: +47ko puntu alde orokorra du Tenerifek, eta -222koa Bilbo Basketek. Hau da, Granadari jipoia eman behar diote bilbotarrek, eta funtsezkoa zaie, halaber, Bartzelonak Teneriferi egurra ematea. Horregatik da bereziki zaila Koparako sailkatzea.
Baskoniak, berriz, ziurtatua du Kopa jokatzea. Zozketan zerrendaburu izateko aukera ere badauka. Horretarako, Joventut mendean hartu beharko luke igandean, eta Murtziak galdu egin beharko luke Unicajaren kantxan. Aldi berean, horrek esan nahiko luke apur bat ezerezean geratu dela Kanaria Handiaren aurkako partida atzeratua. Zerrendaburu badira, arabarrek Real Madril, Bartzelona eta Valentzia saihestuko dituzte final-laurdenetan. Hasteko, ospatzeko modukoa da Baskonia berriro ere Kopan ikustea: ez zen aritu aurreko bi ekitaldietan. Are garrantzitsuagoa izan daiteke zaleak gozaraztea. Galbiatik berak hori eskatu baitzuen: Buesa Arena betetzea. Bide onetik doa.