Gaur egungo ziklismoaren Seikote Handiko kide bat irabazle —Pogacar, Van der Poel, Van Aert, Roglic eta Evenepoel falta— eta Mikel Landa bikain bigarren.
Herenegungoak, ordea, ez zidan hain gorputzaldi ona utzi. Aurtengo Itzuliak Arraten helmugarik ez zuela izango jakitean, albiste ona iruditu zitzaidan. Paraje gisa Arratek ez du aitzakiarik, Ixuako igoera ederra da edonondik eginda ere, baina beheranzko helmugak duela 23 urteko Euskal Bizikletaren amaiera ekartzen dit gogora beti, Haimar Zubeldia orduan gazteak irabazi zuena: Iñigo Chaurreauk sekulako zartakoa hartu zuen helmuga abiadura bizian pasa eta gero. Aurrerago kontatu zuenez, anbulantzian jaisten ari zirela —bost saihets-hezur hautsita eta, okerrena, birika bat zulatuta— etsia eman omen zion bere buruari, erremediorik gabe hiltzen ari zela sinetsita. Oker zegoen, zorionez, eta ondo osatu zen.
Arratekoaren faltan, alabaina, Leitzakoa izan dugu aurten, herenegungoa, eta horri buruz, Arratekoari buruz ez bezala, izan da gaitzespenik, etaparen irabazlearena berarena barne, Ide Schellingena. Helmuga mendate baten jaitsieraren ostean kokatuz gero, bi baldintza bete behar dira, nire ustez: batetik, mendatea tropela hausteko modukoa izatea, azken jaitsiera tropelean egitea eragozteko; bestetik, gutxieneko tarte bat uztea jaitsieraren amaieraren eta helmugaren artean. Milan-San Remon doi-doi betetzen dira baldintza biak; Leitzan amaitutako etapan bietako bakar bat ere ez zen bete.
Txirrindularitza erakargarriago egiteko gogortasuna muturrera eramateko joera dago gaur egun, baina denak ez du balio. Lehendik ere arrisku handikoa den kirola are arrisku handiagoko bihurtzea ezin da izan bide egokia horretarako. Kontuz!

ERRELEBOKA
Kontuz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak