Inoizko gogorrena. Luzeena. Berdinduena. Urtero erabiltzen diren adjektiboak dira horiek guztiak.
Biziraun
Emakumezkoen ligan, denboraldirik sufrituena izan da, Gasteizen batez ere. Beste urte batez hiru euskal talde izango ditugu saskibaloiko maila nagusian. Momentuz bai, behintzat. Iaz IDK-ri tokatu zitzaion sufritzea, eta, aurten, Araskiri. Miraritik gertu egon da gasteiztarrek egin dutena. Argi dagoena da ligaren maila asko igo dela, eta lehia berdindu egin dela. Datorren urtean ere Mallorca etorriko da, aurrekontu handiarekin. Gernikan, ordea, Lointek enpresak utzi egingo dio taldearen babesle nagusi izateari, eta horrek eragina izango du bizkaitarren jardunean.
Oro har, Europako saskibaloia ere aldatu egingo da. Etzi hasiko diren Espainiako Ohorezko Mailako titulurako kanporaketak erabat desitxuratu dira. Jokalari asko joan dira AEBetara amets amerikarraren bila, WNBAren entrenamenduetara, kontratu bat lortzeko. Hori izango da joera eta errealitatea aurrerantzean. Dagoeneko WNBAn tokia dutenek Project B bezalako egitasmoetan jokatu dute, eta sartu-irtenak egiteko esperantza dutenek denboraldi erregularra amaitu bezain laster alde egingo dute. Eta testuinguru horretan bizirauten jarraitu nahi dute euskal taldeek. Bigarren urtez jarraian ez da izango ordezkaririk titulurako kanporaketetan.
Krudelena
Euroligan gaur hasiko dira kanporaketak. Hemen, nik beste izenondo bat gehitu nioke denboraldiari: inoizko Euroligarik krudelena. Zergatik? Denboraldia hasi zuten entrenatzaileen erdiak kanporatu baitituzte: hogeitik hamar. Azkena, Jurica Golemac izan da, Dubain. Aleksander Sekulicek ordezkatu du, liga erregularreko azken jardunaldirako. Atarikoen kanporaketarako sailkatzeko azken mugimendua izan zen. Alferrik, Dubai ez baitzen sailkatu.
Egutegiak, jokalariak baino gehiago, entrenatzaileak eraman ditu aurretik. 2026-2027ko denboraldian, ordea, ez da aldaketarik izango, eta egutegiari eutsiko diote. Mahai gainean egon da beste bi talde gehitu eta NBAn bezala bi konferentzia eratzea. Aurten, hauek dira final-laurdenetako kanporaketak: Olympiakos-Monako, Valentzia-Panathinaikos, Real Madril-Hapoel Tel Aviv eta Fenerahce-Zalgiris.
Liga erregularreko lehen sailkatuaren inguruko madarikazioa aski ezaguna da. Formatu berriarekin, lehen postuan amaitu duen inork ez du Euroliga irabazi. Baina madarikazioa are eta krudelagoa da. Azken hogei urteetan, Lauko Finalera garaipen eta porroten balantzerik onena daukan taldea bakarrik bost aldiz sailkatu da finalerako. Beraz, madarikazioa lehen postutik haratago doa.
Madarikazioa baino gehiago
Esan diezaiotela Olympiakosi. Iaz, bidean geratu zen finalerdietan liga erregularrean onena izan eta gero. Hala ere, faboritoa da Monakoren aurka, talde hori ez baita sasoi betean iritsi azken txanpara. Iaz Olympiakos finaletik kanpo utzi zuen taldea da Monako, baina, gaur egun, ez dago bere onenean: entrenatzailea aldatu du, jokalari gutxi ditu, baita diru arazoak ere.
Valentziak orain arte bi partidak irabazi dizkio Panathinaikosi. Jakina da, ordea, Ergin Atamanek beti bere eta jokalarien onena ateratzen duela kanporaketetan. Are gehiago kontuan hartuta Lauko Finala Atenasko OAKA pabiloian jokatuko dela, maiatzaren 22ko asteburuan. Txapela kentzekoa izan da Valentziak egin duen denboraldia: Pedro Martinez hautatu dute jokalaririk onena, eta Jean Montero gazterik onena izendatzeaz gain, sasoiko bostekorik onenean ere sartu dute. Hala eta guztiz ere, kontuz greziarrekin, zerbaitetarako fitxatu dute Nigel Hayes-Davis, iazko Lauko Finaleko jokalaririk onena.
Real Madrili Hapoel Tel Aviv egokitu zaio. Hemen badago kantxa faktorea, alde askotatik gainera. Batetik, badirudi Real Madrileko bazkideak behintzat partida ikustera sartu ahalko direla: 8.000 zale inguru. Movistar Arenan 13.000 sartzen dira. Hapoelek, berriz, jokalekua aldatuko du: Sofian jokatu beharrean, Botevgraden jokatuko du, 3.200 jesarlekuko kantxa batean. Bitan jokatu du han Real Madrilek, eta bietan irabazi du.
Eta, gero, Sarunas Jasikevicius dago, Fenerbahceko entrenatzailea. Aurreko urtera arte bere entrenatzaile laguntzailea izan zenaren aurka neurtuko ditu indarrak: Tomas Masiulis. Zalgiris Jasikeviciusekin sailkatu zen azkenekoz Lauko Finalerako, 2018an. Turkiarrek, berriz, bigarrenez jarraian irabazi nahi dute titulua, eta hori egin dutenen multzo txikian sartu.