Ibai Zabala Gandarias
PILOTA

Langile klasearen txapela

2023ko ekainaren 5a
17:55
Entzun

Mallabitarrek botatako petardo eta bolandera hotsek izutu zituzten atarian igande iluntzeaz gozatzen ari ziren gure txakur biak; Mallabiarekin mugan dagoen baserria da gurea, eta bazuten ospakizunerako arrazoirik herrian: Aitor Elordi, buruz buruko txapeldun berria. «Olatu-aparretan zebilek», esan zidan Xabier Euzkitzek Aitorrek Urrutikoetxeari irabazi ondorengo egunean, eta begira olatua noraino iritsi den, denok bustitzeraino, bere jokoz eta pozez. Txapel honek hori lortu duela uste baitut, denok poztea; hein batean, baita Jokin Altunaren zaleak ere.

Ikusi gehiago:Aitor Elordik ametsetan jarraitzen du

Ukitu epikodun txapela izan da, duela zortzi hilabete Aitorrek bizi zuen errealitatea guztiz desberdina zelako egungoarekin alderatuz, bai jokatzen zebilen partiden mailari, bai enpresan zuen pisuari dagokienez. Lau eta erdiko txapelketan sortu zitzaion aukera bikain baliatu zuen, askok kasualitatez lortutako balentria gisa joz gutxietsi nahi izan zuten hirugarren postu hura erdietsiz. Horrek binakako txapelketan parte hartzeko ateak ireki zizkion, eta aukera hori bikain aprobetxatu zuen, txapela lortuz. Baina orduan ere zenbaitek ezin mutilari bere lan ederra aitortu, eta lorpen hori apaltzera bidean sortutako hainbat komentario irakurri eta entzun behar izan ziren, «Zabaletarekin edonork» eta antzekoak. Zenbat kostatzen den gizarte honetan txikitasunetik gauza handiak egiten dituen horri merezi duen aitortza egitea. Orain buruz buruko txapelduna ere badugu Aitor, itzalik handiena egiten duen txapelaren jabea. Txapelketan ordezko gisa sartu zen; bidean, besteak beste, txapeldun izandako hiru pilotari (Urrutikoetxea, Laso eta Altuna) garaitu ditu, eta berea da podiumeko lehen koska horretan egotearen pribilegioa. Berea baino ez. Sei hilabetean lau eta erdiko hirugarren postua eta binakako zein buruz buruko txapelak lortu ditu, umiltasunetik, gogor lan egitetik, eta irribarrez. Bejondeizula, Aitor.

Eta, era berean, zorionak Aitorren inguruko guztiei ere: lagunei, familiari, momenturik zailenetan ondoan izan eta erortzen utzi ez zeniotenei, itzalekoa eta horren beharrezkoa den lan zail hori egin duzuenoi. Partida bukaerako Aitorren eta bere gurasoen arteko besarkada hunkigarri hura da zuek guztiok batzen zaituzten argazkia. Bejondeizuela zuei ere.

Buruz buruko txapelak irakaspen asko utzi dizkigu azken bi edizioetan. Duela urtebete, kale gorrian geratzetik bueltan zetorren Unai Lasok jantzi zuen elkartasunez busti eta pilotazaleek era berezi batean ospatu zuten txapela. Aurten, duela ez asko bere burua ia enpresatik kanpo ikusi zuen mutil langile eta umil baten buruan dago, Aitor Elordirenean. Langileen arteko elkartasuna eta txikitasunetik lanean jarraitzen duen langilearen ekina. Buruz buruko txapela langile klasearen txapel bihurtu zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.