Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 4. etaparen kronika. ERRELEBOKA

Liderra ihesean

Ion Izagirre.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso gogorra izan da etapa, eta lehertuta amaitu dugu. Berez gogorra zen ibilbidea eta are gehiago gogortu dugu txirrindulariok, hasieratik oso erritmo bizian ibili garelako. Asko kosta da ihesaldia sortzea, eta kilometro askoan bitan zatituta ibili da tropela. Guri komeni zitzaigun erritmoa bizitzea eta etapa gogortzea, taldekide guztiok ondo gaudelako. Bakoitzak oso argi zeukan bere lana, eta ondo atera dela uste dut.

Hasieran, Visconti eta Anton aritu dira lanean, Tony Martin aurrean zela eta aldea bi minutu eta erdira igota, arriskutsua izan zitekeelako. Herrada aritu da gero erreleboka, eta anaiak egin du jaitsiera, ingurua ezagutzen duelako eta teknika pixka bat behar delako beherakoan. Kokapen lanean ondo aritu da Castroviejo, eta hasieran Orica lanean hasi den arren, Intxausti jarri da gero tropel buruan Arraten gora. Erasoak berehala iritsi dira, eta hor erantzun dut nik. Hori bai, ez nindoan batere eroso Zakarinekin, erritmo aldaketak egin dizkidalako une oro, eta atzera egin dut.

Harrigarri samarra izan da Henaoren erasoa, ez delako ohikoa liderrak horrelako erritmo aldaketa egitea. Begira geratu dira denak, eta zalantzaren bat edo beste izan da tropelean. Liderrak aurrera egiten duenean, gainerako taldeburuek erantzutea izaten da normalena, baina ez dakit ziur zer gertatu den, ez baitut hitz egin Nairorekin. Ez dizuet gezurrik esango, ez da seinalerik onena liderraren erasoari ez erantzutea, baina egun bakarreko kontua izatea espero dugu taldean.

Henao aurrean zela, tropel buruan jarri eta haiengana gerturatzeko lanean aritu naiz, eta hainbestean salbatu dugu eguna. Saiatu gara Nairorekin etapa irabazten, baina katea atera zaio azken 500 metroetan, eta ezinezkoa izan da. Zumarraga eta Arrateko etapak igarota, Aiakoa tokatzen da orain. Oso gogorra da etapa, eta ez amaiera bakarrik, egun guztian ibiliko garelako gora eta behera. Ezagutzen dugu Aiako igoera, eta triskantza handia egongo da azken aldapa horretan. Ikusi genuen zer gertatu zen Antioko lehen igoeran, eta adi Aian ere.

Sailkapen nagusian Nairo da gure apustua, eta lan egiteko eskatzen badu, inolako arazorik gabe egingo dugu. Baina egia da ni ere goi-goian nagoela sailkapen nagusian, eta hobea izaten dela beti bi aukera edukitzea bakarra edukitzea baino. Katuxarekin eta gurekin, garrantzi handia izango du estrategiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.