Arrauna. San Miguel liga. Trapaiazko olatutik

Lotsagarria!

2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Iritsi da bai, iritsi da TKE zirkua. Amorruz betetzen naiz asteburuan gertatutakoaz akordatzen naizenean. Penagarria da, baina aste honetan ezin izango da estropadaz hitz egin, denetarik bizi izan dugulako, eta garrantzitsuena, lehiatu gabe itzuli garela etxera.

Nola prestatu daiteke tankera honetako estropada bat? Kirol ikuspegitik lotsagarria izan da gertatu den guztia. Lehen momentutik argi ikusi da inor ez dela arraunlariotaz arduratu, bestela nola onar dezakete arraunlariok horrelako leku batean lo egitea? Edo, ez dutxarik, ez komunik ezta aterperik ere ez zegoen leku batean kokatzea estropada eremu bat? Eta ikusi zen bezala, trainerua uretara botatzeko lekurik ere ez edukitzea? Hasieratik bukaerara dena gaizki atera da, baina ez da izan zorte txarra, argi geratu dadila planifikazio negargarri baten ondorioa izan dela.

TKE ligak behin eta berriro eskatzen dizkigu gauzak, eskatu eta exijitu. Klubek eta arraunlariok dena ondo egin beharra daukagu, hori egin ezean zigor ekonomikoak edo kirol zigorrak jaso ditzakegulako. Hortxe ditugu adibidez Zumaia eta Tiranen kasuak, balizekin arazoak izan ondoren TKE ligak isuna jarri ziela. Aurreko astean ere, Santanderrera joatera behartu gintuzten, inora ez doan antzerki hutsal batera. Han ikusi genuen zertan xahutzen duten dirua. Noizko arraunlariok ordezkatzen gaituen benetako erakunde bat? Oso ondo dago ikuskizuna apaintzea, horrek jende asko erakartzen baitu, baina ez dute ahaztu behar benetan garrantzia duena arrauna dela.

Txapeldunen Liga bezala saltzen digute liga hau, baina asteburuan argi ikusi da arraunlariok zirku guztiaren azken pailazoak garela. Izan ere, karpa guztiak, katamarana, soinua, pantailak... dena prest zegoen, baina kirol arlo guztia airean utzi zuten. Zer pentsatu behar dugu arraunlariok horretaz guztiaz? Hamar hilabeteko lana eskertzeko modua al da hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.