mikel reina
Hirukotik

Mantendu, eta galdu?

2026ko maiatzaren 13a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mantentzea galtzea dela diote batzuek. Hau da, ez duzunean hobetzen galtzen ari zarela. Normalean norbanakoei zuzendutako mezua izaten da, baina, batzuetan, baita multzoei ere. Hobetzea, ordea, askotan garaikurrekin edo lorpenekin bakarrik neurtzen da. Ez da bestelakorik kontuan hartzen.

Jauzia

Bilbo Basketek, adibidez, lau hilabete daramatza bederatzigarren postuan, hamasei jardunaldi. Kostatzen ari zaio kanporaketetako postuetara jauzi egitea. Bizkaitarrek dagoeneko hamasei garaipen dituzte. 2015-2016ko eta 2021-2022ko denboraldietako markak berdindu dituzte dagoeneko, eta oraindik beste lau jardunaldi falta dira. Zaila izango da 2014-2015eko denboraldian lortutako 20 garaipenak berdintzea—Sito Alonso zen orduan entrenatzailea—, baina Jaume Ponsarnau aulkian dagoenetik lortu duten garaipen kopuru handiena da. Azken urteetan asko sufritu ez badute ere, aurrerapauso bat eman dute. Denboraldi hasieran kanporaketak jokatzeko borrokan egotea jarri zuten helburu, eta horretan ari dira. 

Sailkapen hori lortzeko Ibon Navarrok zuzentzen duen Unicajaren bolada txarra baliatu nahi dute. Bestela, egiari zor, bilbotarrek zail dute kanporaketetan sartzea. Euroligako lau taldeek ia ziurtatuta daukate denboraldiero sailkapena, Baskoniak noizbait kale egin badu ere. Tenerife eta Unicaja ere ia ziurtzat eman daitezke. Horrenbestez, bi toki geratu ohi dira Bilbo Basket, Joventut, Kanaria Handia, Murtzia eta Manresa taldeentzat.

ACB ligan jokatu dituen azken zazpi partidetatik, Unicajak bakarra irabazi du. Badalonan jokatutako Txapeldunen ligako Lauko Finalean ere finalaurrekoetan galdu zuen. Lehen bi laurdenetan 21 puntu baino ez zituen sartu. Bilbo Basketek eskura izan zuen Unicajari puntuen aldea irabazteko aukera. Izan ere, Martin Carpenan hemezortzi punturen aldez galdu ostean, Miribillan hamasei puntuz irabazi zuen. Beraz, bilbotarrek Ibon Navarrok zuzentzen duen taldeak baino garaipen bat gehiago beharko du gutxienez, sailkapenean aurretik egoteko. 

Egutegiari erreparatuta, hurrengo lau partidetatik Unicajak bakarra jokatuko du etxean. Hain zuzen ere, irabazteko aukera gehien izan dezakeen lehia da hori: Breoganen aurka. Gainontzekoak etxetik kanpo jokatu beharko ditu, eta sailkapenean aurretik dauden taldeen aurka: Murtzia, Baskonia eta Joventut. Bilbo Basketentzat, berriz, erabakigarria izan daiteke Euroligako taldeen aurka egiten duena. Denboraldi honetan ondo lehiatu da haien aurka, baina ez du garaipenik lortu. Joera hori aldatzeko aukera izango du bihar. Izan ere, Real Madrilen aurka jokatuko du Miribillan (19:00). Sergio Scariolok zuzentzen duen taldea Euroligako Lauko Finalerako sailkatu da, eta aukera ona izan daiteke hura mendean hartzeko. Izan ere, txapelketa hori izan dezakete buruan Madrilgo taldeak. Beste hiru partidetan, Girona jasoko dute etxean Bilbokoek, eta Valentziari eta Teneriferi egingo diete bisita. Teneriferen aurkako norgehiagoka ere oso garrantzitsua izango da. Miribillan hamazazpi punturen aldeaz irabazi zioten, eta garaipen bakarrera daude. 

Etxean jokatzea

Baskoniak ere oraindik badauka zeresana. Arabarrek, titulurako lehen kanporaketan gutxienez, etxean jokatu nahi dute partida erabakigarria —hala behar izanez gero—. Horretarako, laugarren izan behar dute. Valentziaren nekea baliatuta, arabarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten asteburuan Roig Arena pabiloian. Laugarren postu hori lortzeko erabakigarriak izango dira Buesa Arenan lortzen dituzten emaitzak. Izan ere, liga erregularreko azken lau norgehiagokatik hiru etxean jokatuko dituzte. Bihar aurkari zuzen bat izango du aurrean: Murtzia. Neurketa 21:30ean jokatuko da, inoiz baino beranduago. Horrek ez dio mesederik egingo. 

Laugarren geratzearekin batera, Paolo Galbiatik bi helburu izango ditu: partidak ondo prestatzea eta jokalariak sasoi puntu onean heltzea kanporaketetara. Tadas Sedekerskis kapitaina, adibidez, itzultzen ari da pixkanaka. Real Madril kenduta, berdintasuna ikaragarria dago goialdean.

Behealdean, berriz, oso bestelakoa da egoera. Granada dago azken postuan sei garaipenekin, baina goitik dauden lau taldeak berdinduta daude bederatzirekin: Burgos, Kanaria Handia, Zaragoza eta Andorra. Horien helburua kategoriari eustea izango da. Beraz, batzuetan, mantentzea ez da inondik inora galtzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA