Txikitan, Athleticeko zalea zen osaba bat nuen. Ez zen erraza Gipuzkoan Athleticekoa izatea. Baina denborarekin ni Realaren zale egin naiz. Seme-alabak ditudanetik, gainera, are gehiago bizi dut futbola. Hiru ditut, eta batez ere erdikoak eta txikienak asko disfrutatzen dute Anoetara joaten garen aldiro. Ederra da nola gozatzen duten ikustea. Txikienak egunero eskatzen dit Realaren elastikoarekin lo egitea. Nik ere gero eta gehiago disfrutatzen dut, eta lehen ez bezala urduri jartzen naiz partidak ikusten. Harritu ere egiten nau horrek, baina aldi berean polita da emozio horiek guztiak bizitzeko aukera izatea.
Umeek duten ilusio horrekin goaz Sevillara: egun polit batzuk igaro, eta ahal bada garaikurra irabaztera. Kamiseta, bufanda eta ahotsa prest ditugu taldea gogotik animatzeko. Realak eta haren zaleok merezi dugu halako final bat bizitzea. 2021ean, Kopa irabazita asko poztu ginen, baina ezin izan genuen bete-betean ospatu, COVID-19a zela eta etxean ginelako. Ahal genuen moduan gozatu genuen, gertukoenekin. Garai zail haiek goxatzeko une bat izan zen: hunkigarria eta polita. Oraingoan denek elkarrekin bizi ahal izango dugu, eta aukera aproposa izango da jende guztiari Reala zer den erakusteko.Â
Izan ere, gutariko asko Realekoak gara, besteak beste, dituen balioengatik: umiltasuna, eguneroko ahalegina... Balio horiek nire egiten ditut, eta uste dut Mikel Oiartzabal kapitainak ederki islatzen dituela. Kirolari asko miresten ditut lortzen dituzten emaitzengatik; baina, seme-alabentzat eredu izan daitezkeen erreferenteetan pentsatzen hasten naizenean, ez ditut hainbeste topatzen. Mikel horietako bat da. Zelaian eta zelaitik kanpo eredugarria da. Gidari ona dugu finalerako.Â
Aulkian ere pertsona egokia dugula uste dut: Pellegrino Matarazzo. Ikusi da taldeak hura iritsi denetik izan duen aldaketa. Batetik, jokalari guztiak garrantzitsu izatea lortu du, eta beren onena ematea. Hori askotan zaila izaten da taldeko joko batean. Bestetik, emozio asko transmititzen dituen taldea ere bada gaur egun Reala, azkenera arte lehiatzen dena. Makina bat aldiz lortu du emaitza iraultzea. Hori funtsezkoa da halako partida erabakigarri batean.
Zale moduan ezin diegu gehiago eskatu jokalariei. Galdu edo irabazi, dena ematen duenari ezin zaio gehiago eskatu. Ziur nago, gainera, hala egingo dutela, eta gai izango direla halako partida bat jokatzeak eragiten dituen sentipenak kudeatzeko: ilusioa, gogoa, presioa... Futbol zelai batean hainbeste emozio batzen dira, ezinezkoa baita horiek guztiak batean ez sentitzea, eta alde batera uztea. Baina Mikel Oiartzabal ezin hobea da horretan, eta taldekideei horretan lagundu die. Arreta osoa partidan izango dute jarrita.
Denboraldia nola hasi zen ikusita, sinestezina da orain final bat jokatzeko aukera izatea. Baina futbolak hori ere badu. Gauzak beltzetik zurira, edo zuritik beltzera, aldatzen dira egun batetik bestera. Irabazi edo galdu, goza dezagun denok final honetaz! Emaitzatik harago hori da inportanteena, eta oroimenean geratuko zaiguna.Â