Emakumezkoen Txapeldunen Ligan ez da 2024ko finala errepikatuko. Oraingoan, Arsenal izango da Bartzelonaren aurkaria. Ingalaterrako taldea ez zen Lyonen aurka lehiatu, nagusitasun historiko baten kontra baizik. Erabaki taktikoek Lyon kondenatu zuten. Arsenalek, berriz, Mariona Caldenteyk finaletan pilatutako esperientzia baliatu zuen aurkaria gainditzeko.
Plan aldaketa
Bartzelona nagusitasunez gailendu zaio Chelseari: 4-1 joanekoan, eta beste horrenbeste itzulerakoan. Aurreko denboraldian Chelseak 0-1 gainditu zuen Bartzelona finalerdietako joaneko partidan, baina denboraldi honetan ez da lehiatzeko gai izan. Plana aldatu zuen, eta, ondorioz, emaitza ere aldatu egin zen. Iaz, Johan Cruyff zelaian, Chelsea kontserbadorea izan zen. Emma Hayesek zuzentzen zuen taldea, eta, bloke ertainean kokatuta, 1-4-4-2 marrazkia azkar bihurtu zen 1-5-3-2; batez ere Bartzelona kanpoko erreietatik aurrera egiten saiatu zenean.
Sonia Bompastorrek zuzentzen du orain Chelsea, eta baloirik gabeko plan oldarkorrago baten alde egin du sasoi honetan. Ohiko 1-4-2-3-1etik abiatuta, zazpi edo zortzi jokalarik estutu zuten Bartzelonaren baloi irteera joanekoan. Pere Romeuren taldeak 3 gehi 2ko egitura bat osatu ohi du motzean ateratzeko. Patri Guijarro erdiko atzelarien artean kokatzen da, edo haien alboan; Aitana Bonmati edo Alexia, berriz, euskarrira hurbiltzen dira aurkaria erakartzeko. Partida hasieran Brugtsek osatu zuen euskarri bikoitz teoriko hori. Hegalekoak barrurantz jo zuen bere parea erakartzeko, eta Salma Paralluelok aukera zuen baloia jaso eta buruz buruko jokaldiak egiteko.
Baina Bartzelonaren desegituraketak ez zuen Chelsea desegituratu. Cuthbertek eta Walshek jokatu zuten euskarri bikoitzean, eta lan handia egin zuten Aitana Bonmati eta Alexia jaitsi zirenean. Lucy Bronze, berriz, erabakigarria izan zen Salma Paralluelok aurrera ez egiteko. Aurrelaria atetik oso urrun egon zen. Hala, lehen 20 minutuak arrakastatsuak izan ziren Chelsearentzat.
Golak badu izena
Hori ikusita, Bartzelonako entrenatzaileak, Pere Romeuk, esku hartu zuen. Abantaila ez zegoen baloi irteeran, baizik eta azkeneko lerroan. Brugts hegalera itzuli zen; Salma Paralluelo, berriz, Björnekin parekatu zen, eta Eva Pajor Brightekin. Hala, Bartzelona Chelsearen atzealdearen bizkarrari eraso egiten hasi zen, eta erdiko atzelariak atzeraka korrika egitera behartu zituen. Horri esker lortu zuen lehen gola. Horretarako iritsi zen Eva Pajor, irtenbideak emateko joko konbinatiboak funtzionatzen ez zuenean. Dagoeneko 26 gol sartu ditu denboraldi honetan.
Baina Pajor ez da txapelketako golegile nagusia, Claudia Pina baizik. Joaneko partidan, bigarren zatian zelairatu zen. Chelsea atzean sartuta zegoen, eta Bartzelonak espazio laburretan desorekak sortzeko gai den jokalari bat behar zuen min egiteko. Merezita lortu zuen hasierako hamaikakoan egotea itzulikoan. 10 gol daramatza dagoeneko txapelketan.
Marionaren bilakaera
Arsenalek, berriz, ezustekoa eman du. Joanekoan, etxean, 1-2 galdu zuen Lyonen aurka. Baina itzulerakoan 1-4 gailendu zen Frantzian. Finalerdietara iritsi aurretik Lyonek hiru gol baino ez zituen jaso txapelketan. Baloirik gabe bizirautea eta kontraerasoetan irabaztea zen haren plana. Frantziako taldeak baloia emango ziola jakinda, Renee Slegersek euskarri bikoitzean kokatu zuen Mariona Caldentey. Hark hegal moduan ekin zion lehiaketari, posizio zurrun batean, eta askatasun osoz amaitu, Arsenalen gidari izanda. Haren bilakaera taktikoa funtsezkoa izan da Arsenal finalean izateko.
Joaneko partidan Arsenal Lyon baino hobea izan zen ia arlo guztietan, eraginkortasunean izan ezik. Arsenalek etengabe gainditu zuen frantziarren 1-4-1-4-1a, aurrelarien defentsaren ahuleziaren ondorioz. Chawinga eta Diani erdibidean geratu ziren beti, Arsenalen alboko atzelariak estutu eta hegalei zuzendutako pasea itxi bitartean. Meadek eta batez ere Foordek buruz burukoa behartu zuten Bacha eta Carpenterren aurka, barruko erreietatik hirugarren jokalari bat iritsi arte. Arsenal erraz iritsi zen errematera, baina ez zuen golik lortu. Azkenean 1-2 irabazi zuen Lyonek.
Lyon desitxuratzea
Itzulikoan, Montemurrok, Lyongo entrenatzaileak, eutsi egin zion joaneko partidako bigarren zatian egindako aldaketa taktikoari. 1-4-1-4-1tik 1-4-4-2ra pasatu zen, Heaps Damarisekin euskarri bikoitzean kokatuz. Dumornay, berriz, erdi puntara mugitu zuen. Aldaketa horiek iparra galarazi zioten. Heaps oso urrun zegoen aurrelariengandik. Bestalde, Dumornayk ezin zuen ezer eraiki. Taldea luze-luze egin eta banaturik geratu zen, loturak aurkitu ezinik, eta Arsenalek aprobetxatu egin zuen baloia lapurtuz min egiteko. Baina Lyon garaitzeko hobeto jokatzea baino zerbait gehiago behar da. Deseroso, Arsenalek bidean utzitako gol guztiak lortu zituen finalera iristeko.