Valentzia Basketek irabazi du emakumezkoen Espainiako Kopa, Tarragonan (Herrialde Katalanak). Ezin zen besterik gertatu. Talderik indartsuena da, hori erakusteko beharra zuen, eta bere legea ezarri du. Horrelakoetan ez dago zereginik.
Derrigortuta
Valentzia Euroligako azken fasetik kanpo geratu zen. Taldeak duen aurrekontua eta jokalarien multzoa kontuan hartuta, bertan egon behar zuen. Ligan, berriz, hirugarren dago, Zaragoza eta Girona aurretik dituela. Orain arte taldeak ez du behar bezala lan egin, eta Ruben Burgos entrenatzailearen etorkizuna ezbaian zegoen. Baina ematen du garaikurrarekin gauzak baretu egingo direla Fontetan.
Kopa oso txapelketa garrantzitsua da. Emakumezkoena gero eta beranduago jokatzen da. Pentsa: ligako fase erregularra amaitzeko bost jardunaldi besterik ez da falta. Ondorioz, talde gehienek buruan dituzte ligako titulua eskuratzeko kanporaketak ere. Bi txapelketetan pentsatu behar dute.
Jairisek azken bi denboraldietan erakutsi izan du badakiela Kopara ondo heltzen. Neurria hartu dio. Aurreko denboraldian txapeldun izan zen; oraingoan, berriz, txapeldunorde. Taldeek badakite Kopa dela garaikur bat eskuratzeko txapelketarik aproposena. Hiru partida irabazita, txapelduna zara. Gainera, Kopa ondo prestatuta, kanporaketetara ere ondo iristen dira taldeak, ia aurkari berberak izango dituztelako aurrean. Hori dela eta, zaila da ezustekoak gertatzea. 2019tik, 32 kanporaketa jokatu dira final-laurdenetan, eta sei aldiz bakarrik egin dute aurrera zerrendaburu izan ez ziren taldeek.
Zeresana
Kopa jokatu den tokiak ere zeresana eman du. Oraingo honetan, aipatu bezala, Tarragonan jokatuko dute. Han ez dago maila gorenean ari den talderik. Ez zait txarto iruditzen halako txapelketak saskibaloia horren errotua ez dagoen tokietara eramatea. Superkopa ere Huescan (Aragoi, Espainia) jokatu dute, iazko irailean. Baina kontuan hartu behar da zer edukiera duen txapelketa jokatzen den pabiloiak. Tarragonako Paul D'Esportsek 4.200 eserleku inguru ditu. Aurreko denboraldian, Zaragozan jokatu zuten Kopa, eta finalean 9.000 ikusle izan ziren. Egia da Zaragozan saskibaloiak arrakasta handia duela, eta bertako emakumezkoen taldeak babes handia duela alde guztietatik: komunikabideak, jarraitzaileak, erakunde publiko eta pribatuak... Baina ez da hori ligako talde gehienen egoera. ACB ligako taldeak atzetik dituztenek bestelako gaitasuna dute: bidea egina dute arlo askotan, baliabide aldetik batez ere. Besteen egoera, ordea, estua da.
Ordutegiez ere hitz egin da. Kopako azken fasean, txapelketa eredua kontuan hartuta, partida asko jokatu behar dira egun gutxian. Baina kasu honetan, aurretik jakina zen azken final-laurdenekoa jokatuko zuten taldeek askoz denbora gutxiago izango zutela atseden hartzeko. Normalean, final-laurdenen ordutegia berbera izaten da ostegunean eta ostiralean. Joan den ostiralean, ordea, 21:30ean hasi zen Gironaren eta Avenidaren artekoa. Andrea Vilaro Avenidako jokalariak finalerdia galdu eta gero azaldu zuen 03:30ean oheratu zirela, partida ostean gorputza indarberritzeko tratamenduak jaso behar izan zituztelako. Nabarmendu zuen finalerdietan, Jairisen kontra, antzeman egin zutela hain berandu oheratu izana, eta hori gertatu ez balitz bestelakoak izango zirela gauzak. Finalaren ordutegia ere duela pare bat aste moldatu zuten. Ordu erdiz atzeratu zuten, baina zaleei begira ez da txukunena.
Proiektua
Kopako kontuak alde batera utzita, atzo jakin zen Jaume Ponsarnau entrenatzaileak 2029ra arte luzatu duela kontratua Bilbo Basketekin. Entrenatzaileak berak esana zuen hizketan ari zirela, eta «ondo bidean» kontratua berrituko zuela. Azkenerako, atzo eman zuten akordioaren berri. Egia esan, Bilbo Basketentzat ez dago aukera hoberik. Rafa Pueyorekin batera, proiektu sendo bat sortu dute Miribillan. Askotan errepikatzen da proiektu hitza. Baina Ponsarnauk eta Pueyok egin dutena ez da erraza.
Bilbo Basketek, gainera, beste jauzi bat eman du denboraldi honetan. Beste urte batez ACB ligan mantentzea da helburua, baina denboraldi honetan gora begira jarri dira hasieratik. Asteburuan Murtzian galdu eta gero, zail dute titulurako kanporaketak jokatzea. Baina borroka horretan dira, eta urruti dituzte jaitsiera postuak. Hobe da gora begiratzea, behera begiratzea baino. Horretarako ez dago Jaume Ponsarnau baino prestatzaile hoberik, garrantzitsuena oinak lurrean izatea baita.