HARMAILATIK AULKIRA

Partiden gidoiak idazten

Nerea Zusberro Alberro.
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Munduko Kopako finalerdiak jokatuko dituzte gaur Zeelanda Berrian, eta. bihar, Australian. Iritsi direnak oso estilo markatua duten lau selekzio direnez, partiden gidoia idazten has gaitezke.

Japoniaren aurka 4-0 galdu ondoren, Vildaren iraultzak eragin ona izan du Espainian. Aldaketarik handiena Esther Gonzalez hamaikakoan sartzea izan da. Espainiak aurrelaririk gabe jokatu zituen lehenengo partidak. Antzeko jokalariak (Alexia, Aitana, Mariona...) pilatzen zituen lerro artean. Orain, horiek Estherren lanaz baliatzen dira. Real Madrileko jokalariak bizkarrez jokatzen du, ondoren aurkariaren erdiko atzelariak finkatu, eta Espainiaren blokea luzatzeko. Arearen okupazioak ere hobera egin du Alba Redondoren sarrerari esker. Alba irekita kokatzen da garapen-fasean, zabaltasuna emanez, baina ondo iristen da errematera amaierako fasean.

Espainiak Suedia izango du parean gaur (10:00); ez da aurkari ikusgarria, baina bai oso eraginkorra. Suediari kosta egiten zaio eraikitzea. Bloke baxuan finkatzen da aukera iritsi zain. Nola iritsi? Geldikako baloian: hamar goletatik zazpi estrategian lortu dituzte, eta horietatik lau Ilestedt erdiko atzelariak sartu ditu. Espainiak adi ibili beharko du.

Australik eta Ingalaterrak bihar jokatuko duten finalerdiaren abiapuntua antzekoa da. Sarinaren jokalariek baloia izango dute, baina kosta egingo zaie etxekoen 4-4-2a zeharkatzea. Gainera, kontuz ibili beharko dute Australiaren eraso trantsizioekin. Ingalaterrak marrazkia aldatu du txapelketan: orain, erdiko hiru atzelari eta defentsako hegaleko erasokorrekin aritzen da. Beraz, kanpoko erreietan min egin diezaieke. Fowlerrek hegaleko horien bizkarra bilatuko du, Raso eta, batez ere, Foordena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.