mikel reina
Hirukotik

Pentsatu barik

2026ko maiatzaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan gertatzen da hainbeste espero eta itxaroten dituzun kontuekiko aurreikuspen handiegiak jartzea. Imajinazioak burutik alde egiten du. Gehiegi pentsatzen dugu, eta batzuetan hori ez da ona.

Dena alde

Euroligako Lauko Finalean horrelako zerbait gertatu da. Gutxienez, mistika izan du. Olympiakos izan da txapeldun, eta, hori eginda, liga erregularreko madarikazioa amaitu du. Hautagai nagusia zen, baina beste batzuetan ere izan zen, eta ez zuen irabazi. Pentsa genezakeen gerta zitekeela, baina ez genuen nahi, agian, madarikazioa dagoeneko kontuan hartzen genuelako. Izan ere, ezustekoak saihetsezinak izan dira azken urteetan, ez bakarrik finalean, baita finalerdietan ere. Aurtengoa, alde horretatik, hotzago geratu da. Harmailetan, zelan ez, nagusitasun erabatekoarekin nagusitu dira greziarrak. Pentsa, ez dago Euroliga aurkari nagusiaren kantxan irabaztea baino gauza hobeagorik. Harmailak, berde kolorea hartu beharrean, gorriz jantzi ziren. Dena zuten alde.

Eta hori kontuan hartuta Real Madril espero baino hobeto lehiatu zela finalean. Aztertzeko modukoa da Espainiako klub horrek izan futbolean edo izan saskibaloian Europako txapelketekin daukan harremana. Onena ateratzen du, batzuetan koska bat beherago egonda ere. Hain zuzen ere, Valentziaren aurkako finalerdian, hirugarren pibota galdu zuen: Usman Garuba. Dirudienez, orpazurda hautsi du. Horren ondorioz, barruko jokalari petorik gabe aritu zen: Izan Almansa zen bakarra, eta ez zuen jokatu. ACB ligako kanporaketetarako Omer Yurtseven fitxatu du.

Kontuak kontu

Baskoniaren aurka egingo du ziurrenik estreinakoa turkiarrak, bihar, Lauko Finalagatik atzeratutako asteburuko partidan. Beste behin ere zentzugabea da egutegia. Ostiralean jokatuko dute azken jardunaldia, eta ia partida denak ordu berean hasiko dira. Hala ere, ez da guztia erabakita geratuko, Bartzelonaren eta Valentziaren artekoa igandean jokatuko baita. Hau da, Baskoniak, adibidez, ordura arte ez du jakingo zein postutan amaituko duen sailkapenean, eta ondorioz, noren kontra jokatuko duen final-laurdenetan. Eta noski, denbora galdu barik, ekainaren 2an eta 3an hasiko dira kanporaketak.

Gaur bertan beste bi partida jokatuko dituzte. Batetik, markagailuko arazoengatik bertan behera geratutako Joventuten eta Unicajaren arteko azken bi laurdenak jokatuko dituzte. Kataluniarrak 53-33 ari dira irabazten. Bestetik, Valentziak eta Zaragozak gaur jokatuko dute Euroligako kanporaketetako Panathinaikosen aurkako bosgarren partidagatik atzeratutako neurketa. Horrelakoak ez zituzten kontuan hartu egutegia osatzeko orduan, nahiz eta ACBk beste edozein ligak baino ordezkari gehiago dituen Euroligan.

Baskoniak eta Bilbo Basketek adi erreparatuko diete gaurko bi partidei. Biek ala biek Real Madril saihestea dute helburu, izan final-laurdenetan edo izan finalerdietan. Sergio Scarioloren taldeak ligako azken hiru partidak galdu baditu ere, garaikurra irabazteko hautagai nagusia da oraindik ere. Futbolean bezala, ezin dira titulurik gabe geratu.

Arabarrek azken bi partidak irabazi behar dituzte ia seguru zerrendaburu izateko eta kantxa faktorea alde izateko. Real Madrilen edo Unicajaren aurka galduta, oso zail izango dute. Puntu aldea da gakoa, eta ez hori bakarrik, garaipen aldetik berdinketa izatean —egun, bost talde daude berdinduta, baina jokatutako partida kopurua ez da bera— ea zenbat dauden berdinduta, eta nortzuk. Hau da, aldagaiak askotarikoak dira. Argi dagoena da Paolo Galbiatiren taldeari komeni zaiola azken bi partidak irabaztea.

Bilbo Basketek, berriz, kostata egin zituen etxeko lanak igandean, Miribillan. Bizkaitarren kontuak errazagoak dira: zazpigarren izan daitezke ostiralean Tenerifen irabazten badute. Galduz gero, Unicajak bi partidak galtzea behar dute sailkatzeko. Espainiako taldeak zinez zaila dauka gaurkoari buelta ematea. Beraz, bi euskal taldeen etorkizuna lotuta dago. Etxetik bada ere, Bilbo Basketeko zaleek Baskonia animatuko dute ostiralean. Pentsatu barik, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA