PILOTA. Partidak bi zati izan ditu

Aimar Olaizola.
2009ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Finalak bi zati oso ezberdin izan ditu: lehenean Irujo nagusitu da, eta bigarrenean Gonzalez. Erritmo handian jokatutako partida izan da. Jakina zen partida azkarra izango zela, eta halaxe gertatu da. Biek ala biek erasora jo dute aukera txikiena zutenean, eta defentsan baino hobeto moldatu dira erasoan. Argi eta garbi geratu da faborito izateagatik ez direla partidak irabazten. Gonzalez gehiago izan da, eta merezita jantzi du txapela.

Lehen zatian Irujo jaun eta jabe izan da, eta markagailuan ere alde polita lortu du. Irabazten hastea beti da ona, eta final batean are gehiago. Abiadura handian mugitu du pilota ezker eskuin, eta Gonzalez ezinean aritu da. Konfiantzaz gainezka zegoen Irujo, eta Gonzalez partidan sartu ezinda. Saketik ere min handia egin dio Irujok.

Partida erditik aurrera, baina, gauzak aldatzen hasi dira. Irujoren jokoa ez da hasierako tantoetakoa bezain ona izan, eta Gonzalezi erraztasun handiak eman dizkio. Irujok berak sartu du Gonzalez partidan. Eta noski, honek ez dio aukera horri muzin egin. Behetik gora etorri da. Bazekin partida irabazi nahi bazuen erasoan fin aritu beharko zuela, eta ezin hobeto amaitu ditu tantoak. Horma bikoarekin min handia egin dio aurkari. Irujok, berriz, ez du beste partidetako maila eman.

Tantorik garrantzitsuenetan Irujo jaitsi egin da. Lau t'erditik bi pilota pasa ditu jarraian, eta hori ez da ohikoa beragan. Faborito izatearen presioa sentituko zuen agian, urduri jarriz. Hala ere, Irujok badauka kasta horrelako egoerei aurre egiteko, eta ez du atera. Ez da bere egunik onena izan.

Jokoan bezain gutxi asmatu du Irujok estrategian. Gonzalez partidan sartzen hasi denean estrategia desegokia erabili du. Gonzalezen sareetan erori da. Gonzalezen eskuina gehiago bilatu behar zuen, eta ez du hala egin. Dena eskura ematen zion, eta Gonzalez eroso aritu da, airez, batik bat. Hori bai, Gonzalezek tanto ikusgarriak egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.