Bizitzan posizionatu beharra dago: toki batean edo bestean, alde batean edo bestean. Saskibaloian ere posizioak zeharo garrantzitsuak dira. Espazioen kirola dela diote askok, eta bertan bakoitzaren posizionamenduak berebiziko garrantzia dauka.
Kirol orotan bezala, posizioek agintzen dute; sailkapenekoek, hain zuzen ere. Horiek direlako askorentzat garrantzitsuenak. Horrek erakusten duelako arrakasta edo porrota, maila ona edo txarra. Hain sinplea, ordea, ezin daiteke izan. Hala ere, orain saskibaloi ligetako azken jardunaldietan sartuta gaudela, bakoitzak bere posizioari eutsi nahi dio; hobe izaten da tokiari eustea toki galtzea baino.
Urteurrenean
Bere posizioa galdu dezakeenetako bat Araski da. Asteburu ezin okerragoa izan du, bestelako posizionamenduengatik. Zaragoza liderraren aurka galtzea normala da, baina ez haren bi aurkari zuzenek asteburu berean eta aurkari onen aurka irabaztea. Joventutek, nahiz eta bere jokalaririk onena Alima Dembele gabe geratu, Perfumerias Avenidari irabazteko gai izan zen, Badalonan. Gainera, irabazteko saskiratzea azken segundoan sartu zuten kataluniarrek.
Larunbateko lehen partida izan zen hori. Emaitza horretaz jakitun atera zen Magariñoseko kantxara Gernika, Estudiantesen aurka jokatzeko. Zazpi garaipen zeramatzan jarraian Espainiako taldeak, baina Lucas Fernandezenak garaipena lortu zuen. Hemen ere Angela Salvadoresen azken saskiratzeak erabaki zuen lehia. Kontuak kontu, bizkaitarrek aurrerapauso handia eman zuten beste urtebetez maila nagusian aritzeko bidean. Bide batez, kontuak zaildu dizkiote Araskiri. Askotan, batzuen posizionamenduak eragin zuzena du besteengan.
Gauzak horrela, biharko jardunaldia jokatu eta gero, bakarrik hiru partida geratuko dira txapelketa amaitzeko. Gernikarentzat aste erabakigarria da: bihar derbia jokatuko du Donostian, IDKren aurka, eta larunbatean kosta ahala kosta irabazi beharreko partida jokatuko du, Malosten, dagoeneko maila galdu duen Kanaria Handiaren aurka. Araskirentzat, ordea, albiste ona izan daiteke aurkariek ez irabaztea. Perfumerias Avenidaren eta Jairisen aurka neurtu behar ditu indarrak.
Araskik hamar urte daramatza jarraian maila nagusian jokatzen. Horrenbestez, ez du postu pribilegiatu hori galdu nahi. Urteurren latza izango litzateke. Bigarren Mailan diru asko inbertitu duten proiektuak daude: Mallorca eta Unicaja, adibidez. Talde horiek ere beren posizioa hartu nahi dute, erakundeek hori eskatzen baitiete. Hain zuzen, horregatik sortu du denboraldi honetan Bilbo Basketek lehen aldiz harrobian nesken taldea. Posizioak hartu beharra dago.
Posizio ezin hobean
Gerra batean gutxi dago posizionamendu on bat baino gauza garrantzitsuagorik. Bilbo Basketek ezin hobea dauka. Bihar jokatuko du FIBA Europako Kopako finalerdietako itzuliko partida, Miribillan. Hamazazpi punturen aldeaz irabazi zion joanekoan Szombathleyri. Iaz ez bezala, aurten finaleko bigarren partida etxean jokatuko du. PAOK Tesalonika 79-73 gailendu zitzaion Murtziari joanekoan.
Baina posizioaren garrantzia ACB ligako sailkapenekoa da. Zail daukate kanporaketak jokatzea, are gehiago Unicajari puntu aldea irabazteko horrelako aukerak galduta. Lortuz gero, adibidez, zortzi onenen artean egongo zen orain, partida bat gehiago jokatuta, hori bai. Baina argi dago Jaume Ponsarnauren kontratua luzatuta bestelako posizionamendu bat hartu nahi dutela. Eta ez bakarrik ligan; are garrantzitsuagoa izango litzateke Europan. Txiki geratu zaie gaur egungo txapelketa bizkaitarrei; denboraldi honetan nabariagoa izan da hori. Beraz, garrantzitsua izango litzateke Eurokopa edo Txapeldunen Liga jokatzea. Horretarako, ordea, sailkapeneko posizionamendua da gakoa. Manresa edota Kanaria Handia atzetik geratuko dira, eta horrek modua eman dezake bestelako aukerak lortzeko. Horretarako, taulako posizionamenduek bakarrik ez, bestelakoek ere balio dute. Orain, Europan jokatzeko meritokrazia jarri nahi dute, gonbidapenak bulegoz bulego mugitu direnean.
Kontuak kontu, posizioa hartu beharra dago, eta bertan indartsu egin. Etorriko dira aurrerago posizioak irabazteko aukerak. Garrantzi handiagoa du posizioa ez galtzeak.