mikel reina
Hirukotik

Pozik

2026ko otsailaren 17a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozik nago. Pozik, Espainiako Koparen astea dugulako aurretik. Pozik, saskibaloikoa delako. Azken asteetan Kopa gora eta Kopa behera ibili bagara ere, benetako Koparen astea hau da. Hil edo biziko partidak dira: neurketa bakarra, aukera bakarra. Hor ez dago bigarren aukerarik, futboleko finalerdietan gertatzen den bezala. 

Pozik, oraingo honetan ere euskal talde bat arituko delako. Izan ere, azken urteetan ez Baskonia, ez Bilbo Basket ez dira bertan egon. Arabarrek, oraingoan, lortu dute sailkatzea; Bilbo Basket, berriz, gutxigatik geratu da horretarako aukera ematen zuten postuetatik kanpo. 

Bizkarrezurra

Kanaria Handiaren aurka atzeratua zuten partida irabazi ostean, zerrendaburu dira gasteiztarrak. Ondorioz, Teneriferen aurka jokatuko dute final-laurdenetan, ostiralean, 18:00etan, Valentziako Roig Arena pabiloian. Egun horretan bertan, Bartzelonak eta Murtziak neurtuko dituzte indarrak. Valentzia-Joventut eta Real Madril-Unicaja dira beste bi final-laurdenak. Azken bi kanporaketa horiek bezperan jokatuko dituzte, ostegunean. 

Bost urte daramatza Baskoniak Kopako finalerdietan jokatu gabe. Tenerifek, berriz, final-laurdenak gainditu ditu azken bost urteetan. Paolo Galbiatik, Baskoniako entrenatzaileak, erabaki garrantzitsu bat hartu beharko du partida aurretik: Forrest, Simmons edo Howard, hiruretako bat kanpoan utzi beharko du, atzerritarren kopuruari araudiak ezarritako muga dela eta. Litekeena da Simmons izatea kanpoan geratuko dena, baina Howardek min hartu zuen herenegun, Bilbo Basketen aurkako derbian. Khalifa Diopek, Kurucksek eta Luwawu-Cabarrotek ere arazo fisikoak dituzte. «Kopa jokatzeko moduan direnekin arituko gara, ez dago arazorik», esan zuen Galbiatik, bilbotarren aurkako partida amaitu ostean.

Tenerifen, Marcelinho Huertas min hartuta dago. Baskoniako jokalari ohiak antolatzaile postuan egiten duen lanean oinarritzen da Txus Vidorretak zuzentzen duen taldearen jokamoldea. Huertas da taldearen jokoaren iparrorratza. Kanaria Uharteetako taldeak denbora darama jokalari multzo berarekin jokatzen. Haren jokoaren egitura, bizkarrezurra, berdina da. Hala, buruz jokatzen du. Baina oraingo honetan, aipatu bezala, iparrorratza falta dezakete.

Arabarrek duela pare bat aste jokatu zuten ACB Ligan Teneriferen aurka. 89-85 galdu zuten, eta neurketa hartatik ikasi beharra dute. Hasteko, Marcelinho Huertasek 23 puntu sartu zituen. Baina Galbiatik zuzentzen duen taldeak zera lortu behar du batez ere: jokoak, partidak, komeni zaion erritmoa izatea. Horretarako gakoa defentsako lanean egongo da. Tenerifek argi dauka nola jokatzen duen, eta neurketak erritmo motelagoa izan dezan saiatuko da. Baskoniak, berriz, bizi jokatu behar du. Beste gakoetako bat hiruko marratik asmatzea izango da. 

Egutegia

Irabaziz gero, Baskoniak Bartzelonaren edo Murtziaren aurka jokatuko du. Herrialde Katalanetako taldeak jokalari garrantzitsu bat faltako du: Kevin Punter. Thomas Satoransky aritzeko moduan egongo den ere ez dago argi. Sito Alonsoren taldeak, ordea, horrelako partidak ditu gustuko. Are gehiago, Bartzelonari irabazi zion duela ez asko.

Beste final-laurdenetan ere gauzak ez daude argi. Real Madril gero eta sendoagoa ari da. Sergio Scariolok multzorik indartsuena dauka; alde handiarekin, gainera. Unicajak —Ibon Navarrok zuzentzen du— berriz jokalari garrantzitsuak galdu ditu. Perryk, Duartek eta Balcerowskik osatzen duten hirukotearen menpe daude irabazteko aukerak izateko. Bi taldeek herenegun neurtu zituzten indarrak, eta Real Madril 92-96 gailendu zen.

Zalantza gehiago ditut Valentziaren eta Joventuten arteko kanporaketan. Bi talde horiek ere joan den astean jokatu zuten elkarren aurka, eta Badalonako taldeak irabazi zuen: 90-87. Valentzia etxean arituko da, eta, Kopan izandako emaitzei erreparatuta, ez da mesedegarria izaten. Presioa kudeatu beharra izaten da. Joventutek hiru jokalari erabakigarri ditu: Ricky Rubio, Hunt eta Tomic. Konponbideak erraza dirudi: hiru jokalari horiek gertutik zaintzea. Baina kalitatea ez ezik, esperientzia ere baduten jokalariak dira. Beraz, uste baino zailagoa da. 

Egutegia batzuetan halakoa izaten da. Final-laurdenetan jokatuko diren partidetako batzuk duela ez asko jokatu dira ACB ligan. Horrelakoetan zailagoa izaten da ondorioak ateratzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA