Reala: liburu berria zirriborro batekin hasi da

Talde txuri-urdina azken hogei urteetako denboraldi hasierarik kaskarrena egiten ari da. Jokatzeko era argirik ez duen taldea da: bigun ari da defentsan eta kamuts erasoan. Besteak beste, taldearen eraketan izandako akatsak ordaintzen ari da.

Realeko jokalariak, burumakur, Rayoren aurka galdu eta gero. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak, burumakur, Rayoren aurka galdu eta gero. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko urriaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kezkatzeko modukoa eta kaskarra. Halakoxea izan da Realaren denboraldi hasiera. Igandean, Rayoren aurka, beste norgehiagoka txar bat jokatu zuen, eta denboraldi honetako bosgarren neurketa galdu zuen: 0-1. Imanol Alguacilen aroaren azken txanpatik taldeak izan zituen gabeziak agerian geratu ziren beste behin. Reala ideiarik gabe eta kamuts aritu zen erasoan; defentsan, berriz, aurkariak aukera gutxi behar izan zituen gola sartzeko. Sergio Franciscok ez du hori konpontzea lortu, oraingoz. Joko proposamen argirik ez duen taldea da txuri-urdina, eta nortasuna galduz joan dena. Gainera, zera ordaintzen ari da: azken bi denboraldietan multzoa osatzeko orduan egin diren akatsak. 

Jokin Aperribai presidenteak beste idazle batzuk jarri zituen liburu berria idazten: Erik Bretos eta Sergio Francisco. Baina liburuaren hasiera kaskarra izaten ari da. Zirriborro batekin abiatu da. Jokoan izan diren 24 puntuetatik txuri-urdinek bost baino ez dituzte lortu, eta azken-aurreko postuan daude sailkapenean. Mallorca dago azkena, puntu kopuru berarekin. Azken hogei urteetako denboraldi hasierarik kaskarrena da. 2006-2007 denboraldian egin zuen kaskarragoa: bi puntu baino ez zituen lortu. Jose Mari Bakerok eta Miguel Angel Lotinak zuzendu zuten taldea, eta sasoi amaieran Bigarren Mailara jaitsi zen. Liburu berriak halako amaiera ez izateko egoera iraultzen hasi beharko dute etenaren ostean.

Datuak

Hotzak bezain argigarriak 

Sergio Franciscok behin baino gehiagotan aipatu du ondorengo esaldia: «Datuek adierazten duten baino hobeto gaude». Baina zenbakiak hotzak bezain argigarriak dira. Aipatu bezala, Realak azken hogei urteetako sasoi hasierarik txarrena egin du. Baina badira datu gehiago: 2025ean jokoan izan diren 84 puntuetatik 26 lortu ditu soilik: %30. Gainera, urte eta erdi darama partida baten emaitza irauli ezinik. Horrek erakusten du aurkariaren kolpeei erantzuteko zailtasunak dituela. 2024ko martxoaren 9an lortu zuen azkenengoz, Granadaren aurka. 33 partida dira denera.  

Bestalde, jokatzean dituen gabeziak agerian uzten dituen datuak daude. Valentziaren eta Bartzelonaren aurkako partidetan izan ezik, aurkariak baino gehiago izan du baloia, baina gero ez du hori jokoan islatzea lortu. Jaurtiketa gehien egiten duen zortzigarren taldea da, baina gol bat sartzeko jaurtiketa gehien behar duen bigarren taldea da, Oviedoren atzetik. 11 jaurtiketa egin behar ditu atera gola sartzeko; aurkariek, berriz, 9rekin gola sartzen diote.

Jokatzeko era

Ideia argirik gabe

Talde guztiek jokatzeko eredu edo ideia bat dute. Baina Realak oraingoz ez du halakorik erakutsi. Baloia duenean ez du gaitasunik aurkariari min egiteko. Jokoa sortzeko orduan nabaritzen ari da azken denboraldietan galdu dituen jokalarien falta: Mikel Merinorena, Martin Zubimendirena, David Silvarena... Urruti dago duela bi denboraldi Europa osoa aho zabalik utzi zuen joko ikusgarria. Ez dago horren zantzurik txikiena ere. Presioan estu eta oldarkor arituz baloia berreskuratu, eta pase gutxitan aurkariaren areara iristen zen: bizi jokatuz eta baloiari abiadura ikaragarria emanez. 

Pixkanaka aurkariek neurria hartu diote, eta Reala min egiteko gaitasuna galduz joan da. Baloia eduki, bai, baina bertikalean baino gehiago, horizontalean mugitzen du, eta hala oso zaila da aurkariari min egitea. Aurkariak erraz aurreikusten du Realak nola jokatuko duen. Aurrean, gainera, golak sartzeko arazoak ditu oraindik ere. Askotan, hala dauden taldeek geldikako jokaldiak baliatzen dituzte golak sartzeko. Baina hor ere kamuts dabil Reala. Jokaldi horiek lantzeko entrenatzaile bat fitxatu duten arren, oraingoz ez da nabaritu. Defentsan ere sendotasuna galdu du. Trantsizioetan bereziki asko sufritzen du taldeak, eta aurkariek ederki baliatzen dute hori. Gainera, zaintzetan ere ez dabiltza fin. Betisen aurkako partida da horren adibide. 

Sergio Franciscok ez ditu gabezia horiek konpondu. Alderantziz, batzuek okerrera egin dute. Gainera, ez du bere jokatzeko ideia ezartzea lortu. Prestatzailea Realaren bigarren taldeak egin zuen lan onari esker iritsi zen lehendabizikora. Bigarren taldeak joko zuzena egiten zuen, eta ausart jokatzen zuen, erasora. Gainera, gai zen aurkariaren joko estilora egokitzeko. Halakorik ez da ikusi. Aurretik zuen nortasuna ere galdu egin du. Edozein kolpe nabaritu egiten du, eta zaleak haserre dira hainbat jokalarirekin, zelaian erakusten duten jarrerarekin: Sucicekin, adibidez. Halaber, Ander Barrenetxea izan ezik, gainerako ia jokalari guztiak beren sasoi onenetik urrun daude. Sergio Gomez eta Mikel Oiartzabal dira txukun antzean ibili diren beste bi jokalariak. 

Taldearen osaketa

Berandu eta desorekatua

Baina jokalariak eta entrenatzailea ez dira egoeraren errudun bakarrak. Gorago ere begiratu behar da, eta zaleak hasi dira dagoeneko horretan. Izan ere, bigarren denboraldiz segidan taldearen osaketa berandu egin dute Bretosek eta Aperribaik. Bretosek adierazi zuen talde «osoa eta orekatua» zuela Realak. Baina hainbat postutan behar baino jokalari gehiago ditu: zelai erdia, adibidez, punta erdiz josita dago. Aurrean, berriz, iragan sasoiko gabeziak ditu orain ere. Orri Oskarsson min hartuta dago, eta agerikoa da Sergio Franciscok ez duela konfiantzarik ez Jon Karrikaburun, ez Umar Sadiqen. Azken hori klubetik kanpo nahi zuten, baina bi partidetan Karrikabururen aurretik zelairatu du teknikariak. Konponbidea, aurreko sasoikoa: aurrean Oiartzabalek jokatzea.

Prestatzaileak zelai erdiko jokalari bat eskatu zuen, taldeak baloia galtzen zuenean oldarkor arituko zena. Azkenerako, Yangel Herrera ekarri zuten, baina azken egunean, eta min hartuta iritsi zen. Oraingoz ez du jokatu, eta aurreko jardunaldian sartu zen lehen aldiz deialdian. 

Beste hiru fitxaketak, Duje Caleta-Car, Gonçalo Guedes eta Carlos Soler, ez daude garai batean erakutsi zuten bezain sasoiko. Tantaka baino ez dute erakutsi zertarako gai diren. Aurreko denboraldietan egindako fitxaketek ere jokatu gabe jarraitzen dute: Sucicek eta Zakharianek, adibidez. Gainera, garairik loriatsuenean taldeko bizkarrezurra ziren jokalarietako batzuek taldea utzi dute. Jakina zen hala izango zela. Baina ez dituzte ordezkatu; eta egin duten kasuetan ez dute asmatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.