mikel reina
Hirukotik

Salbuespenik gabe

2026ko maiatzaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denok nahi ditugu partida erabakigarriak ikusi, jokatu, bizi. Hil ala bizikoak. Antzinako erromatarren Koliseoko batailak bezalakoak. Irudikeria horretatik abiatzen da. Irabaztearen loria edo galtzearen umiliazioa edo porrota. Ez dago salbuespenik: dena edo ezer ez.

Kontrajarria

Ikusleak hori nahi du, baina ezinezkoa da partida bakoitza horrelakoa izatea. Gero eta gehiagori egiten zaie luze denboraldiko fase erregularra. Horretarako, bakoitzak bere konponbideak aurkitzen ditu. NBAk kopa formatua sortu zuen, eta, orain arte, emaitza nahiko txukuna izan da. Euroligak liga formatua jarri zuen ahalik eta partida onenak eskaini ahal izateko. Bi ligetan, azken zatiari emozioa emateko, aurrekanporaketak jokatzen dituzte.

Hau da, partida askotako lana, benetan, partida gutxi batzuetan erabakitzen da. Gainera, pentsatzen dugun baino gehiagotan, garrantzitsuagoa da zelan heltzen zaren kanporaketetara. Gutxi batzuek jotzen dute arrakastatzat sailkatze hutsa. Horrek, aldi berean, albo kalteak ditu: gero eta lesio gehiago daude fase erregularrak luzatzen direlako. Partida bakoitzak hil ala bizikoa dirudi. Denak dira finalak.

Euroligan, esate baterako, lehen astearen ondoren ez da kanporaketa bat bera ere berdinduta igaro bigarren astera. Denak hasi dira 2-0. Salbuespena Panathinaikosena da, hura 0-2 hasi baita irabazten Valentziaren aurka. Aurrekanporaketa jokatu behar izan zuten greziarrek final-laurdenak jokatzeko. Baina, behin hil ala biziko partida izanda, Ergin Atamanek aurkari gutxi ditu. Valentziak aurkaria aukera zezakeen: Dubain irabazita, Panathinaikosen aurka ariko zen, eta galduta, aldiz, Hapoelen aurka neurtuko zituen indarrak. Horrelakoetan, dena izan behar da kontuan.

Jokalarien minutuak Excel batekin kudeatzea egotzi zaio Sergio Scariolori. Behin eta berriro esan du berdin zaiola galtzea, horrela bada ere. NBAko fase erregularreko pentsaera ekarri du Europara. Espainiako selekzioarekin ere askotan goratu da txapelketa laburretara egokitzeko duen gaitasuna. Horrela, sasoi bikainean heldu da Real Madril maiatzera.

Zer pentsatua

NBAn dagoeneko lehen kanporaketak jokatu dituzte. Ekialdean, lau kanporaketetako hiru zazpigarren partidan erabaki dira: hil ala bizikoak horiek ere. Thunder eta Spurs hautagai nagusiak kenduta, gainontzeko taldeek gutxienez sei partida jokatu behar izan dituzte. Ezusteko handitzat jo daiteke Celtics eta Nuggets kanpoan geratu izana.

Bostongoek ez sinesteko fase erregularra osatu dute. Jayson Tatum lesionatu zenetik, taldearen bizkarrezurra aldatzeko apustua egin zuten, eta bikain lehiatu ziren bigarren postuan amaitu arte. Tatum, gainera, aurreikusi baino lehenago itzuli zen, eta bazirudien kanporaketetarako fitxaketa bat izan zitekeela. Ordea, ezin izan zuen zazpigarren partida jokatu, belauneko minagatik.

Adam Silver NBAko arduradun nagusiak zer pentsatua dauka. Gero eta izar gehiago heltzen dira oso nekatuta denboraldiko garairik garrantzitsuenera: Nikola Jokic leher eginda heldu da, eta Luka Doncic min hartuta dago. Horietako askok min hartuta egon arren jokatu behar izan dute; besteak beste, NBAko bakarkako sarietan hautagai izateko egin dute hori, gutxienez 65 partida jokatu behar dituztelako. Aurten, lehen aldiz, Doncicekin eta Cade Cunninghamekin salbuespena egin dute; ez, ordea, Anthony Edwardsekin. Denek nahi dute dena jokatu, salbuespenik gabe, baina ez da posible.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA