«A zer-nolako anabasa, maite zaitudalako izango da. Pixkanaka haziz doan emozio bat da». Horixe da Paolo Galbiatiren Baskonia: konexioa. Aurkezpenaren egunean jarritako helburu nagusia bete du, garaikurren gainetik: konexioa lortu du. Jokalariekin. Zaleekin. Guztiekin. Horrela bakarrik ulertu daiteke Baskoniaren saskibaloia.
Ateak
Markus Howarden azken saskiraketa da gasteiztarren jokoaren adibiderik onena. Sinplea. Erraza. Oinarrizkoa. Eraginkorra. Zoragarria. Pibotaren —Mamadi Diakiteren— eta eskoltaren —Howarden— arteko konexioa, nola? Izkinatik, igotzerakoan atzeko atetik mozketa eginda. Arabarren jokamoldearen ezaugarri nagusietako bat dela esango nuke. Frikiontzako eromena. Partida ezin zen beste modu batean ebatzi. Horrela izan behar zuen. Atzeko atetik sartu baitzen Baskonia Kopara, baina ate nagusitik atera.
Saskibaloiak, azken batean, jokalarien arteko konexioak baititu oinarri. Elkar ulertzea. Eta jokalarien artean ez ezik pertsonen artean ere konexioak osatzen dituzunean horrelako emaitzak heltzen dira. Hori da zailena entrenatzaile batentzat: konbentzitzea. Ez dugu urrutira joan behar, finaleko beste aulkira: Mario Hezonja eta Usman Garuba sutan zeuden. Haserre. Partidako une garrantzitsuenetako bat izan zen. Gakoa.
Beste aldean, ordea, konfiantza. Aldaketak. Etengabeak. Hiruzpalau minutuan behin. Denek dute aukera. Agian beste edozeinekin aukera izango ez zutenek ere bai. Entrenatzaile italiarrak, beste batzuek ez bezala, ez baitu arazorik bere jokalarien arteko izarra aulkian uzteko. Finaleko saskiratzaile nagusia faltengatik kanporatua izan ostean heldu zitzaion Howardi abagunea. Puntu bakar bat sartu barik zegoen, baina sei sartu zituen azken minutuetan. Azkena, lehen aipatutako jokaldia.
Jasanezina
Barneko jokalari erreferente barik, Diakite bera ez da denok ezagutzen ditugun pibot klasiko horietako bat. Ezta gutxiago ere. Baskonia nagusi izan zen uztaipean. Europako pibot menderatzaileenaren aurrean, Walter Tavaresen aurrean. Sergio Scariolok berak aitortu zuen prentsaurrekoan. Zelan? Ez galdetu. Rodion Kurucksek falta arazoak izan zituen. Clement Frischek denbora behar du oraindik. Eugenio Omoruyi agertu zen, Yogi hartza. Abizen esanezina izateagatik, edozein ezizen jarri zaion jokalaria. Arabiako Ligatik ekarritako jokalaria. Bi hilabeterako hasieran. Beste bi hilerako orain. Betirako gure bihotzean. Lehen aipatutako jokaldia hobekien osatzen duen jokalaria da.
Eta hainbesteko adrenalina, izaera eta irudikeriaren artean, Landon Trent Forrest. Izotza baino hotzagoa. Tavaresen aurrean birrinketa egin eta bi keinu txiki bakarrik egiten dituena. Tavaresen aurrean saskiraketa erabakigarria sartu eta bi keinu txiki egiten dituena. Jokoak berarekin zerikusirik ez duelako itxura eman, baina aldi berean, jokoa bera dena. Konexioez hitz eginda, konexiorik transmititzen ez duena. Bera baita konexioa. Errebote bakarra falta izan zuen Koparen historia luzean lehen aldiz hiruko bikoitza lortzeko. Eta berdin zaio.
Talentua garrantzitsua baita, beharrezkoa, baina aldi berean, langileak ere behar dituzu. Talentuak langileriaren lanari esker bide ematen die lorpenei. Langile klasearen garaipena izan da. Gitis Radzeviciusen garaipena. Hau ere denboraldia hasita etorritakoa. Ordura arteko zure jokalaririk erabakigarriena galdu (Hamidou Diallo), eta Lituaniatik langile bat ekartzen duzu. Hain justu, taldeak behar zuena.
Baskoniako jokalarientzat, lehendabiziko Kopa zen. Ez zuten esperientziarik. Baina inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bat bizi izan dute. Eta oraindik Gasteizko kaleetako biharko ospakizuna falta zaie. Aurrean, Sergio Llull, Facundo Campazzo edota Gabby Deck bezalakoak. Hamaika ikusiak dituztenak, mota guztietakoak.
Galbiatik Baskoniako orain arteko beste edozein entrenatzailek jasan ez duena jasan izan du. Inork ez luke denboraldi hasierako emaitza eta joko eskasarekin Zurbanon iraungo. Konexioek, ordea, denbora behar izaten dute, ondo egiteko bai behintzat. Baina denbora izan da Buesa Arenan faltan izan dena. Beste abesti bat zaleen kantutegirako: Sarà perché ti amo. Maite zaitudalako.