Saskibaloiak Gabonetan ere etenik ez duela agerikoa da. Baina argi dago ez diela guztiei berdin eragiten. Egutegiak horrelakoak dira. Talde batzuek duela hilabete jokatu zituzten Europako azken partidak.
Berriz ere aurkari bera
Bilbo Basket urritik ari da FIBAren Eurokopa jokatzen, baina esan daiteke gaur hasiko dela lehiatzen. Izan ere, lehen ligaxkan, Peristeriren aurkako bi partidak baino ez ziren estuak izan bilbotarrentzat. Aurreko denboraldiko finalean izandako aurkariaren kontra jokatuko dute gaur, PAOK Tesalokinaren aurka, Miribillan (20:00, ETB4). Oraingo honetan, bigarren faseko partida izango da. Aurreko sasoian bezala, Bilbon jokatuko dute lehenengo, eta otsailaren 11n, Grezian. Oroitzapen bikainak ekarriko dizkie bizkaitarrei, orduan irabazi baitzuten Europako lehen garaikurra. Hala, klubaren sorreraren 25. urteurrena biribildu zuten.
Orain, ordea, baliteke egoera bestelakoa izatea. Jaume Ponsarnauk bi jokalari garrantzitsuren hutsunea izango da uztaipean: Amar Syllarena eta Stefan Lazarevicena. Ikusteko dago Rafa Pueyok merkatura joko duen edo ez. Hala ere, Valentziaren aurkako partida alde batera utzita, zaleen aurrean lehiakor izan da Bilboko taldea. Asteburuan ere Murtziaren aurka lan ona egin zuen. Murtzia talde oso oldarkorra da, baina irabaztea lortu zuen Bilbo Basketek. Garaipen horri esker, lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta direla, Espainiako Kopa jokatzeko aukera apurrei eusten diete, nahiz eta oso zaila izan. Koparako sailkatzeko baino gehiago, beheko postuetatik aldentzeko egingo die mesede bi partida horiek irabazteak. Beheko toki horietan parekotasun handia dago.
Bilbotarrek Marvin Jonesekin egingo dute topo berriro. Greziarrak dezente mugitu dira merkatuan, eta besteak beste, Patrick Beverley joko antolatzailea fitxatu zuten duela aste batzuk. NBAn sona handia izan du jokalari horrek. Hamabi denboraldi jokatu zituen bertan.
Txapelduna
Gernikak bihar ekingo dio Eurokopako final-zortzirenetako kanporaketari. ESB Villeneuven aurka jokatuko du. Joaneko partida, esan bezala, bihar jokatuko dute. Malosten izango da (20:00, ETB4); itzulerakoa, berriz, gaur zortzi, ordu berean, Frantzian. Bizkaitarrak jokalariak berreskuratzen ari dira pixkanaka, eta batez ere Angela Salvadoresen itzulera nabarmendu behar da. Itzuli osteko lehen partidan, IDKren aurkako derbian, 22 puntu sartu zituen. Urte askoren ostean, gernikarrak ez dira Espainiako Koparako sailkatu, baina Malosten sailkapeneko lehen bi taldeak mendean hartzeko gai izan dira: Zaragoza eta Girona.
Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldea ere etxean aritzen da ondoen. Oraingoan ere hala aritu nahi dute, itzulerako partidan sailkatzeko aukerak izateko. Izan ere, Frantziako taldea da Eurokopako egungo txapelduna, eta duela bi urte Euroligako finalera heldu zen. Taldean Gernikako bi jokalari ohi daude: Marie-Michelle Milapie eta Ameryst Alston. Frantziako taldeak ahalmen fisiko handia dauka, eta, Europan epaileek jokalarien artean kontaktu gehiago egotea baimentzen dutela kontuan hartuta, Gernikako jokalariek gogor eta oldarkor jokatu beharko dute. Gernikarrek Aaronette Vonleh pibot estatubatuarraren laguntza izango dute aurrerantzean, klubak atzo iragarri baitzuen haren fitxaketa.
Kontraesana
Hain zuzen ere, IDK-ko entrenatzaile Azu Muguruza horren inguruan kexatu zen Araskiren aurkako derbiaren ostean. Saskibaloia errugbiaren pare jarri zuen, gaur egun baimentzen den kontaktua ikusita. Prestatzaileak zera esan zuen: kolpe gehien ematen dituenak irabazten dituela partidak. Alde horretatik arrazoi du. Gaur egungo saskibaloian fisikoak eta indarrak gero eta garrantzi gehiago daukate. Horrek, zelan ez, eragina du jokoan eta epaileen lanean. Harrobitik ikus daiteke joera hori. Joko arina nahi dugu guztiok, baina horrek kalte ordainak ditu. Eta hori zera kontuan hartuta: emakumezkoen ligan epaileek oraindik ere ez dutela jokaldiak telebistaz berriz ikusteko aukerarik.
Kontraesana dago hor: azkar ateratzeko araua ezarri, eta gero errepikapen amaigabeekin partidak bi ordu baino gehiago luzatu. Ikuskizuna nahi izanez gero, alde guztietatik bermatu behar da, baita epaileen aldetik ere. Hori berriro begiratu behar dute, egutegia bezala.