IRITZIA

WADAren mezuak kezkatzen nau

IƱaki Arratibel
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Nahiko kezkatuta, edo, gutxienez, harrituta; halaxe gaude azken egunetan kirol munduan lan egiten dugunok, eta batez ere, dopinaren kontroletan positibo eman dezaketen produktuekin lan egin behar dugunok. Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) adierazi du urtero atera ohi duen substantzia debekatuen zerrendan ageri diren zenbaiten egoera aldatu egingo dela 2021etik aurrera. Kokaina, heroina, estasia, THCa edo tetrahidrocannabinola dira substantzia horiek. Urtarrilaren 1etik aurrera abusuko substantzia-tzat joko ditu WADAk. Horrek kontrol batean kontrako emaitza emanez gero, zigorra asko murriztuko du.

Zigorretatik harago, gizarteari bidal dakiokeen mezua da gehien kezkatzen nauena. Arau berriak dioen bezala, hiru hilabetekoa da zigorra, eta hilabetera murriztu daiteke kontrako emaitza eman duen kirolaria substantzien abusuaren aurkako programa batean sartzen bada. Horrek esan nahi du zigorra askoz txikiagoa izango dela horrelako substantzia batekin positiboa ematen bada, zerrendan debekatutako medikamentu batzuekin emanda baino gehiago. Hots, kirolari batek, nahi gabean, substantzia askoz arinago batekin positibo ematen badu, zigor handiagoa jasoko du.

Gehien harritu nauena izan daorain arte dopinaren aurkako borrokaren helburuen erdian osasuna jarri dela, eta substantzia batzuen abusuari, gizarteak erabiltzen duelako, kirolean garrantzia kentzea. Dirudienez, kezka gutxiago sortzen du. Betidanik defendatu dut osasunak ez duela izan behar dopinaren aurkako gakoa, substantzia gehienak edozein pertsona baten gaixotasun bat tratatzeko medikamentuak direlako. Benetako gakoa tranpan jarri behar da. Gizartearen osasuna benetan babestu nahi bada, nola onar daiteke hori? Mediku, guraso eta kirolzale gisa, askoz gehiago kezkatzen nau arrazoia izatea gizartean erabilera zabalduta dagoela, eta kirolari batek substantzia horietako batekin kontrako emaitza emanez gero, zigor askoz gutxiago jasotzea asmaren kontrako substantzia batekin ematen duena baino: adibidez, Terbutalinarekin (askok erabiliko duzuen Terbasmin inhalagailua). Zergatik ez zabaldu beste substantzietara erabilera zabalduta izatearen argudioa?

Egun, zabalduta dago gizartean substantzia estimulatzaileak erabiltzea, osasun zerbitzuei kezka handia sortuz. Eta kirolak garbitasunaren isla izan behar du. Horretan, noski, osasuna bultzatzeko bidea izan behar du, arazoak gainditzeko badagoela erakutsiz. Eta ez dut uste hau bidea denik. Dopinaren aurkako borrokak tranparen kontrakoa izan behar du, joko garbiaren bideratzaile, eta, horretan heziketak bide nagusia izan behar du. Ez dut uste bidea denik gizartean arazo asko sortzen ari diren substantziei garrantzia kentzea.

Gainera, teknikoki beste arazo bat dago. Nahiz CBDa onartua izan, eta debekatuta ez egon, kalamu landareetatik ateratzen denez, dopinaren kontrol batean THC edo beste kannabinoideen aztarnak ager daitezke. Horrek kontrol bat positibo gisa adierazteko, arazo asko sor ditzake: THCa erabili, eta CBDa erabili dela argudia daiteke. Horrek beste ate bat ireki diezaioke tranpari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.