mikel reina
Hirukotik

Zerrendak errepasatu eta eguneratu

2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte amaiera bakarrik ez, ligaren lehen itzuliaren amaiera ere badator. Izan ere, saskibaloiak ez du etenik, egutegiak batzuetan ez du gehiagorako ematen. Eta orain ere partidak jokatzen dira; ez edozelakoak, gainera. Emakumezkoetan, adibidez, Espainiako Federazioa saiatzen da Gabonetan derbiak edo behintzat hurbileko partidak jartzen.

Bolada txarrean

Lointek Gernikak IDK-ren aurka irabazi zuen denboraldiko lehen derbia, Mendizorrotzan galdu egin baitzuen. Azken zazpi jardunaldietan partida bakarra irabazita heldu ziren bizkaitarrak. Kilometro asko bidaietan eta metro asko errotazio laburrarekin hanketan. Gipuzkoarrak ere ez zeuden boladarik onenean, inondik inora ere; Malostekoa zenbatuta, bost partida galdu dituzte jarraian. Harrigarria da, kontuan hartuta zazpi partida irabazi eta bakarra galduta ekin ziotela denboraldiari. Eta orain, lehen aipatu bezala, beste derbi bat, IDK-ren eta Araskiren artekoa, Josean Gascan. Bi taldeak behartuta helduko dira, gasteiztarrek ere azken bost neurketak galdu dituzte eta. Made Urietarenak ere lehen bi partidak irabazi zituzten.

Donostiarrak dira Koparako sailkatzeko aukera gehien dituztenak, baina, hori lortzeko, euskal derbia irabaztea komeni zaie. Lehen itzuliko azken jardunaldian Zaragozara joan behar dute. Hala ere, sartutako eta jasotako puntuen balantzea positiboan daukate oraindik. Lointek Gernikak zailagoa dauka, egutegia begiratu besterik ez dago: Roig Arenan jokatu eta Girona liderra Malosten hartu. Hori gutxi ez, eta garaipen bat baino zerbait gehiago beharko dute.

Berdintasuna da emakumezkoen ligaren ezaugarri nagusia. Girona, Zaragoza eta Valentzia kenduta, Avenida jada ez baita lehengo talde bera, gainontzeko kluben artean borroka ikaragarria dago. Jaitsiera postuen eta Kopa jokatzeko aukera ematen duen zortzigarren postuaren artean bi garaipenen aldea bakarrik dago. Hau da, Kopara joateko ametsa izan dezakezu, baina, aldi berean, ez deskuidatu, behealdea distantzia berera dago eta.

Hiru urteren ostean

ACB ligan jardunaldi gehiago falta dira: lau bai, behintzat. Hemen oraindik asko dago argitzeko, baina zerbait irudikatu daiteke dagoeneko. Adibidez, Baskoniak, asteleheneko Lugoko garaipen borrokatuaren ostean, aurrerapauso nabarmena eman du hiru urteren ostean Kopara itzultzeko. Oraindik data jarri behar zaion partida bat izan daiteke erabakigarria, Kanaria Handiaren aurka eguraldiagatik atzeratu zena. Bi aste luzeren ostean, oraindik ez dago datarik jarrita. Urtarrilaren 25a baino lehen jokatu beharko litzateke, orduan amaitzen baita liga erregularreko joaneko itzulia. Baina egutegiak ez du aukera askorik eskaintzen, bi taldeek Europako txapelketak ere jokatzen dituzte eta. Emakumezkoetan, esate baterako, atzo jokatu zituzten abenduaren 13ko asteburuan bertan behera geratutako bi neurketak. Horietako bat Kanaria Handian.

Kanaria Handiaren aurka lortu zuen Bilbo Basketek bosgarren garaipena —bost horiek etxean eskuratuak izan dira—. Kanpoan irabazi barik jarraitzen du. Bartzelonaren kontra, ordea, apurtu zitzaion Miribilla efektua. Hain zuzen ere, bilbotarrek orain arte egutegi nahiko samurra izan dute Bilbo Arenan, eta orain zailduko zaie. Koparako sailkatzeko ametsari begira, azken lau partidetako hiru etxean jokatuko dituzte, baina aurkari guztiak kanporaketa postuetan daude: Valentzia, Murtzia eta Tenerife. Horri gehitu behar zaio Miribillatik urrun oraindik ez dutela irabazi bilbotarrek. Gironan 2026ari hasiera ezin hobea emateko aukera izango dute urtarrilaren 4an.

Gizonezkoetan, behintzat, badaude bi talde nabarmen atzean geratu direnak. Burgosek eta Granadak garaipen bakarra lortu dute hamabi jardunaldiren ostean, eta horrek lasaitasuna ematen die gainontzekoei ere. Tristea da, baina horrela da. Modu batera edo bestera, urte hasierarekin batera bakoitzak bere lorpenen zerrenda errepasatu bakarrik ez, hurrengorako helburuak zehaztu ere egin beharko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.