Pello Bilbao.
Euskal Herriko Itzulia: Eibar-Eibar. IRITZIA

Zorionak, antolatzaileei!

2016ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Caja Ruraleko txirrindularia

Beharrezkoa den motibazio gehigarri hori ez neukan erlojupeko on-ona egiteko, sailkapen nagusian atzera eginda nengoelako. Baina animoak bidali eta bidali aritu zaizkit autotik, lan ona egiten ari nintzen seinale, eta oso gustura amaitu dut saioa. Etxeko lasterketan polita da lehen hogeien artean sartzea, eta lortu dut helburua.

Erlojupekoaren ibilbideari kritika asko egin dizkiote egunotan, antolatzaileak puntari punta atera nahian ibiltzen direlako beti. Baina, txoko honetatik, zoriondu egin nahiko nituzke. Asmatu egin dute ikusgarritasuna lortzen eta zaleengana iristen, eta azken erlojupekoa ere oso berezia izan da. Kronoigoera edo ibilbide laua izaten da normalean, baina Itzuliaren berezko sena hori gehitu diote. Aste osoan ez da izan segurtasun arazorik, ikusleentzat zoragarria izan da lasterketa, eta azkenera arte emozioa mantendu du. Ezin da gehiago eskatu.

Gogoan daukat Samuel Sanchezek Itzulia irabazi zuenean ere kritika asko egin zizkietela azken erlojupekoaren ibilbideagatik. Baserri bideetatik barrena ibili ziren orduan, baina Samuelek hantxe irabazi zuen lasterketa. Denentzat aukerak behar dira egutegian, eta Euskal Herriko Itzulira datorrenak badaki zerekin topo egingo duen, harbideetako klasikoetara doanak han zer aurkituko duen badakien neurri berean.

Niri dagokidanez, gustura nago emaitzarekin eta eman dudan mailarekin. Iaz ere oso erregular ibili nintzen, lasterketa askotan hamar onenen artean sartuz. Baina argi ikusi nuen World Tourreko probetan zegoela ondo ibili beharra ateak ireki ahal izateko. Tirreno-Adriatikoa, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Vuelta izango ditugu aurten, eta horietan bete-betean ibiltzea da xedea. Aurretik, ordea, Zornotzan saiatuko gara gaur. Milesker guztioi emandako babesagatik, eta errepidean ikusiko dugu elkar!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.