Ez dago dinastiarik ezartzeko modurik NBAn. Ezinezkoa da. Atzean geratu dira halakoak. Zortzigarren urtez jarraian beste txapeldun bat izango du munduko saskibaloi ligarik onenak. Zortzi urte, zortzi txapeldun.
Oklahoma bigarrenez eraztuna irabazteko moduan zegoen, baina Mendebaldeko Konferentziako finalean San Antonio Spursek irabazi zion. Ikusgarria izan zen finala, eta zazpigarren partidan erabaki zen. Hala, San Antoniok izango du nagusitasun hori ezartzeko aukera. New York Knicksen aurka jokatuko dute finala, Ekialdeko finaleko garailearen kontra. Hain zuzen, bi talde horiek jokatu zuten aurten NBAko Kopa. Partida bakarrera jokatu zuten, eta New Yorkek irabazi zuen. Titulu gehiagoren zain, garaikurra ez zuten ezta horretarako duten txokoan jarri ere. Etzi goizaldean hasiko da finala, San Antonion, eta ekainaren 20ra luza daiteke.Â
Final aurreratua
NBAko finala dagoeneko jokatu dela esango nuke. Ikusgarria izan da Mendebaldeko Konferentziako finala. Denetarik izan du. Neurketa guztiek ikaragarrizko maila izan dute. Oso lehiatuak izan dira. Defentsako jokoa izan da nagusi, eta bi taldeek oso gogor jardun dute. Erasoan buruz buruko jokaldietan trebeak diren jokalariek azaldu behar izan dute.Â
Erabateko guda izan da. Defentsak izan dira nagusi, eta araudiaren mugan dauden lehiak egon dira. Hein handi batean, muga horretara gehien hurbiltzen utzi dioten taldeak irabazi ditu partidak. Testuinguru horretan, erasoan, beste inon ez dagoen bakarkako kalitatea atera behar izan dute jokalariek. Bizitza, eta horri lotuta kirola, ziklikoa da.Â
Eta bizitza —batez ere kirolean eta NBAn— ziklikoa denari arrazoia eman dio kanporaketa horrek. Tim Duncan joan da San Antonion, baina Victor Wembanyama etorri da. Eta, harekin batera, Stephon Castle eta Dylan Harper. Wembanyamak eta Castlek 22 urte dituzte, eta Harperrek, 20. Ez dira atzean geratzen Keldon Johnson (27 urte), Devin Vassell (26 urte) eta Julian Champagnie (25 urte). Horiek guztiek lehen aldiz jokatu dituzte kanporaketak. Horren gazteak dira denak, ezen De'Aaron Foxek, 29 urterekin, beteranoa baitirudi.Â
Horrek erakusten du paradigma aldaketa handia gertatu dela NBAn dinastiak ezarri nahi direnean. Draft-ak eta bertako hautaketek ikaragarrizko garrantzia hartu dute. Izar metaketak dagoeneko ez du balio. Eta, horrelakoetan, frankizia gutxi daude San Antonio baino hobeak. Ez dute esperientziarik, baina bai hanka bizkorrak defentsan estutzeko eta erasoan korrika egiteko.
1973an azkena
Hain zuzen ere, alor fisiko horri heldu behar dio New Yorkek. Azken asteetako nekea nabaritu beharko dute San Antonioko jokalariek. New Yorken ibilbidea oso bestelakoa izan da: bi partida bakarrik galdu dituzte kanporaketetan, eta aurreneko kanporaketan izan zen hori. Hau da, Ekialdeko finalerdietan eta finalean hutsean utzi dituzte Filadelfia Sixers eta Cleveland Cavaliers: 4-0 irabazi diete biei. Are gehiago, oraindik ez dute liga erregularrean haiek baino garaipen gehiago lortu dituen talde baten aurka jokatu. Beraz, atseden aldetik ez dute aitzakiarik izango. Gainera, ez dute lesio larririk izan.
Tom Thibouderen langa gainditzea lortu du Mike Brownek. Zalantza asko zeuden aldaketarekin. Iaz 26 urteren ostean heldu ziren Konferentziako finalera. Aurten, 1999an bezala, NBAko finalean sartzea lortu dute, ostera ere San Antonioren aurka. 50 urte baino gehiago pasatu dira New Yorkek azkenekoz eraztuna irabazi zuenetik: 1973an irabazi zuen, Walt Frazier, Willis Reed eta halako jokalariekin.
Baina zer aldatu da? Ez asko. Erasoan dago aldea. Jalen Brunsonen gainean dena esanda dago. Karl-Anthony Townsek egin du aldaketa. Orain arte New Yorken eraso guztia antolatzailearen menpe zegoen erabat, baina, orain, pibotak baloi gehiago dauka, eta puntuak sartzen bakarrik ez, jokoa sortzen ari da. Gainontzekoak borrokarako daude: Hart, Robinson, Anunoby eta Bridges. Kito. Ez dauka bermedun jokalari gehiagorik. Hori da New Yorken arazo nagusia: ezin ditu txandakatze onak egin.
Horrez gain, taldeko bi izar nagusiak, Brunson eta Towns, defentsako zulo nagusia dira. Gaur egun, NBAn, ia blokeo guztiak defentsako jokalarien zaintza aldatzen defenditzen dira. Horrenbestez, gakoa da behar beste blokeo jokatzea zuk nahi duzun bat-baten aurkako egoera aurkitu arte. Hor dago abantaila, eta hortik etorriko da gainerakoa. Hori lortzen saiatuko da San Antonio, defentsan Wembanyama uztaiaren babesle izanik. Ikaragarria da haren eragina kantxan dagoenean. Ez dagoenean, berriz, zulo galanta du San Antoniok. Taldeko jokoa erakutsi beharko du New Yorkek, eta hiruko marratik fin ibili. Aurten, Kopa barne, hiru partidetatik bi irabazi dizkio New Yorkek San Antoniori.