Baskoniak Espainiako Kopa irabazi izanak itsututa, ez dugu Bilbo Basketen urte hasiera bikainaren inguruan hitz egin. Horrelakoak askotan pasatzen dira, batez ere hurbilekoenen artean. Gertutik begiratzean, are gehiago itsutzen gara, ez gara gai urrunago begiratzeko, aurrean dugunari bakarrik erreparatzen diogu.
Kasu honetan, beharrezkoa
ACB ligan etena dute orain, selekzioen arteko partidengatik, FIBA leihoengatik. Beraz, momentu ezin hobea da bilbotarren inguruan hitz egiteko. Jokalari guztiek ez dute atseden izan, bost beren selekzioekin jokatzen ari baitira: Harald Frey, Tryggbi Hlinason, Melwin Pantzar, Margiris Normantas eta Martin Krampelj. Beraz, horiek ez dute etenik izango.
Talde bat ondo dagoenean, etenaldiek ez diotela mesede egiten esan ohi da. Kasu honetan ere, lehen aipatu bezala, aurrekoari edo hurrengoari bakarrik erreparatzen zaio, urrutiago begiratu barik. Bilbotarrek atsedena behar zuten, batez ere Amar Sylla eta Stefan Lazarevic min hartuta egon direlako, eta Jaume Ponsarnauk jokalari gutxiago izan dituelako txandakatzeak egiteko. Printzipioz, bi jokalariak astebururako osatuta egotea espero da.
Harrobiko jokalariek Europako partidetan emandako laguntza nabarmentzekoa da. Urko Madariagaren, Aiert Velascoren, Bingen Errastiren eta Kepa de Castroren ekarpenari esker, minutu gehien jokatzen dituzten jokalariek atseden hartu ahal izan dute, eta hori ez da gutxi gaur egungo egutegia ikusita.
Valentzia Basketek Miribillan erakustaldia eman ostean, Jaume Ponsarnauren jokalariek sei garaipen lortu zituzten jarraian ACB ligan. Hain zuzen ere, Baskoniaren aurkako derbian eten zen bolada on hori. Europan ere irabazi egin zituzten partida guztiak, baina ezin ditugu alderatu. Bilbo Basketek 2012ko apiriletik zeraman hilabete batean jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi gabe. Â
Boladak
Aldea, zelan ez, etxetik kanpoko partidetan dago. Lau garaipen daramatzate jarraian Miribillatik urrun. Gironan, Granadan, Zaragozan eta Kanaria Handian irabazi dute, eta erakutsi dute gai direla partida estuak irabazteko. Hortik ere etorri da aldaketa. Horrelakoetan, alde emozionalak berebiziko garrantzia hartzen du. Boladak dira, eta urtea hasi zenetik Bilbo Basket geldiezin ari da. Urtebete egin zuen etxetik urrun irabazi gabe, eta hori zama handia da. Zama hori kenduta, bestelako begiekin erreparatzen zaio datorrenari. Gainera, etxetik kanpo irabazi dituen partidetan, lau puntugatik edo gutxiagogatik gailendu da. Darrun Hilliard eta Justin Jarowski bezalako jokalari erabakigarriak izateak ere laguntzen du.
Hamahiru jardunaldi falta dira ACBn liga erregularra amaitzeko, eta dagoneko aurreko sasoian adina garaipen lortu dituzte: hamabi. Hala, sailkapenean ere gora begira jarri dira. Partida bat gehiago jokatu dute bilbotarrek, baina berdinduta daude Teneriferekin eta Joventutekin. Bi talde horiek kanporaketak jokatzeko postuetan dira. Ez da erraza izango lehen zortzi taldeen artean sartzea. Postu horietan dauden hainbat taldek fitxaketak egin dituzte. Joventutek, adibidez, Jabari Parker fitxatu du, eta Tenerifek, Kenny Williams. Badalonan jokatuko da Txapeldunen Ligako Lauko Finala, eta etxean jokatuta, Joventutek txapelketa horretan izan dezake arreta.Â
Baina Bilbo Basketek ere hurrengo astean ekingo die FIBAren Eurokopako kanporaketei. Final-laurdenetan Turkiako Petkim Sport taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Joanekoa hilaren 11n jokatuko dute, Turkian, eta itzulerakoa, 18an, Miribillan. Hain zuzen ere, bilbotarrek etxean jokatuko dituzte itzulerako partidak, kanporaketa guztietan. Bigarren faseko talderik onena izateagatik lortu dute hori. Beraz, berriro finalera heltzekotan, aukera izango dute txapelketa etxean irabazteko. Aurreko denboraldian Tesalonikan irabazi zuten garaikurra, Grezian. Murtzia izango da berriro txapeldun izateko aurkari gogorrena. Dena den, finalean baino ez lukete jokatuko bi taldeek elkarren aurka. Sito Alonsok entrenatzen du Murtzia, Gipuzkoa Basketen, Bilbo Basketen eta Baskoniaren teknikari ohiak.Â
Baina Europako kanporaketei heldu aurretik, bilbotarrek ACB ligako partida jokatuko dute Burgosen, larunbatean, 21:00etan. Baskoniak, berriz, etzi du Euroligako partida. Paris jasoko du, Buesa Arenan (20:30). Igandean, Lleidaren bisita izango du, ACB ligan (18:00).