Zutabe honetan zera gertatu da aurten behin baino gehiagotan: gai baten inguruan hitz egin, eta dinamika edo joera aldatu dela. Baskoniaren bolada txarraren inguruan lehen aldiz idatzi nuenean, esate baterako, berehala lau garaipen lortu zituen jarraian. Horregatik, Baskoniari Euroligan eta Bilbo Basketi ACB ligan gertatzen ari zaiena madarikazio bat da. Urtebete daramate etxetik urrun irabazi gabe.
Urtebete baino gehiago
Baskoniak eskuan izan zuen garaipena, aurreko ostiralean, Bartzelonaren aurka. Hiru luzapen behartu zituzten, eta behin baino gehiagotan partida ia irabazita izan zuten. Markus Howard ere agertu zen; duela bi urteko jokalaria zirudien. Baina azkenerako galdu egin zuten: 134-124. Madarikazioak zerbaitegatik mantentzen dira luzaroan. Buruan sartzen dira, eta apurtu ezin diren zutarri bilakatzen dira.
Bilbo Basketi antzera gertatu zaio. Herenegun beste aukera bat izan zuten irabazteko. Darrun Hillardek hiruko bat sartu zuen, eta lau segundoren faltan bilbotarrak aurretik zeuden. Azken garaipena Coruñan lortu zuten; kasu honetan ere Galizian ari ziren jokatzen: Lugon. Gainera, minutu asko egin zituzten aurretik. Baina berriro ere galdu egin zuten: 100-99.
Baskoniak, behintzat, madarikazioa amaitzeko beste aukera bat izango du gaur, Euroligako partida jokatuko baitu Valentzia Basketen pabiloian (20:00). Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea Euroligako ezusteko nagusietako bat izaten ari da. Hirugarren postuan dago, 11 garaipenekin eta sei porrotekin. Eguberriak izanda, arabarrek gogoz hartuko dute etxerako bidea. Izan ere, hirugarren neurketa dute etxetik urrun. Aurretik Bartzelonan eta Malagan jokatu dute. Egutegiak ere horrelakoak ditu, are gehiago urte sasoi honetan.
Eguberri on
Joan den astean aipatu genuen Gabonak bereziak direla, batez ere NBAn. Horren adibide nagusia New York da. Rockefeller Centerren kokatutako Gabonetako zuhaitza pizteko ekitaldia oso ezaguna da. Madison Square Gardenen eskegi ez dutena, ordea, NBA Cup txapelketako irabazlearen oihala da. New York Knicksek 52 urte zeramatzan titulurik irabazi barik, baina, hala eta guztiz ere, NBA Cup txapelketako garaikurra ez da horren ospetsua oraindik. Hori ere denbora kontua izan daiteke, madarikazioak bezala. Pentsa, estatubatuarrentzat Olinpiar Jokoak garrantzitsuagoak dira Munduko Txapelketa baino. NBA Cup txapelketako aurreko bi irabazleek eskegi egin zuten oihala. Hala egin zuen, adibidez, Los Angeles Lakersek, nahiz eta NBAko hamazazpi eraztun dituen.
Hain zuzen ere, Madison Square Gardenen jokatuko da, etzi, Eguberri eguneko NBAko jardunaldiaren lehen partida: New York Knicks-Cleveland Cavaliers. Beste neurketak hauek izango dira: Oklahoma City Thunder-San Antonio Spurs; Golden State Warriors-Dallas Mavericks: Los Angeles Lakers-Houston Rockets; eta, Denver Nuggets-Minnesota Timberwolves. Horixe bai Eguberri eguneko menua, eta ez urdaiazpikoa, otarrainxkak eta bakailaoa. Horrek ere familiak batzen ditu: saskibaloi zaleenak.
Gainera, azkenaldian Oklahoma berriz txapeldun izateko bide orria zalantzan da. Lehen 23 jardunaldietan 22 garaipen lortu zituzten. Hala, ezin izan zuten hautsi 2015-2016 denboraldian Golden State Warriorsek ezarritako marka. Goldenek lehen 24 partidak irabazi zituen. 73 garaipen eta bederatzi porrot lortu zituzten denboraldi hartan liga erregularrean. Oklahomak marka hori izango du begiz joa, inoizko onena baita. Bi taldeen artean antzekotasunak daude. Adibidez, aurreko denboraldian ere eraztuna irabaztetik zetozen. Hori bai, marka ezarri zuen urtean Goldenek ez zuen garaikurra irabazi. Horrenbestez, ikusteko dago zutarri berdinekin, menu bera jatea interesatzen zaien. Madarikazioa hor egon daiteke.