Olinpiar Joko bakoitza gogoratua izan ohi da gertakari edo egoera sozial jakin batek gaina hartzen diolako gainontzekoari. Rioko Olinpiar Jokoak Gosearen Jokoak ezizenarekin dira ezagunak. Krisi ekonomiko eta sozial basati batean zegoen murgildua Brasil. Tokio eta COVID-19a saltsa berbera dira. Ez da kasualitatea garai hartan buru osasuna terminoa hain zabaldua izatea. Intimoa zen horri bozgorailua jarri zioten. Parisko Jokoak amaitu ez badira ere, ausartuko nintzateke esatera Joko hauetan emakumea izatea zer den zalantzan jarri dela, eta agerian utzi duela erreakzionarismorik bortitzena. Barealdian lasaiago gorpuzten dira bizitakoak; eta Paris, oraindik, ez da amaitu.
Bien bitartean, titular potolo horien pean, bukaezinak diren albisteak argitaratzen dira tantaka. Eskandalizatu eta blokeatu egiten gaituzte. Beldurgarria da, eta ohartzen zara, elizarekin gertatu zen modura, egonkortua dagoen estruktura batek bermatu duela afera. Adin txikikoen kontra kirolean gertatzen diren biolentzia eta abusuak ez dira kasu bakanak. Lazgarria da, gainera, inguruan dauden erresistentziak biktimak sinesteko; gertuko adibidea da Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohi Mario Lopezen kontrako salaketa.
Biolentzia horiek eskoletan, klubetan eta federazioetan gertatzen dira. Whatsappeko taldeetan bueltaka dabiltzan argazki sexualak salagarriak dira; ez da onargarria 25 urteko entrenatzailea 15 urteko kirolariaren bikotekidea izatea; aldageletako ateek itxita egon behar dute, eta helduek beste aldean geratu; eta aita, entrenatzaile edo zuzendaritzako norbaitek ezin du gaztea bere etxera autoan eraman. Helduen eta adin txikikoen arteko hartu-emanek botere harreman asimetrikoak izateko arriskua dute. Harmailetan eta zelaietan gertatzen diren borrokek ez naute arduratzen; bai, ordea, begiradatik kanpo gertatzen diren espazioek. Eremu informalak formalizatzeko beharra dago. Salaketa publikoak eta protokoloek kontzientzia ematen digute, helduak eta gazteak indartzen dituzte eta haurrak babesten.