ainara arratibel gascon
Notre-Dameko plazan

Kaleko jokoak

2024ko abuztuaren 2a
04:40
Entzun

Olinpiar Joko guztiek aldendu nahi dute besteetatik, desberdin edo berezi egingo dituen zerbait izan nahi dute. Pariskoetan, kalea izan da. Tony Estanguet Parisko 2024ko Jokoen antolakuntza batzordeko buruak argi esan zuen, hasiera ekitaldia Senan egiteaz galdetu ziotenean: «Kalera atera nahi izan dugu, jende guztiak bizi eta gozatu ahal izan dezan, Olinpiar Jokoak denentzat baitira». Hiruko saskibaloia, skateboardinga, breakdancea... asko dira kalean egiten ari diren kirol probak, Parisko toki esanguratsu eta ederrenak baliatuz: Eiffel dorrea, Concorde plaza...

Ondo dago Jokoak jendearengana gerturatu nahi izatea. Baina baita edozer kostata ere? Egoera zaurgarrian bizi diren milaka pertsona kanporatu dituzte. Paristarren egunerokoa ere hankaz gora jarri dute: kaleak eta tren geltokiak itxi dituzte, Poliziaren presentzia areagotu... Gehiegizkoa da, zalantzarik gabe, baina antolatzaileek ez dute onartuko.

Ni oso kirolzalea naiz, baina argi dut kirol ekitaldi batek, edozein dela ere, ezin duela baldintzatu egiten den tokiko herritarren egunerokoa. Are gutxiago hainbeste denboraz. Kirola gustuko ez duenak nola egin dezake ihes zurrunbilo horretatik? Askorentzat, irtenbide bakarra Paristik joatea izan da, eta Jokoak amaitzean bueltatzea. Badira beste modu batzuk Jokoak herritarrengana gerturatzeko: adibidez, sarreren prezioa jaitsita. Izan ere, kasu batzuetan salneurria mila eurotik gorakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.