mikel rodriguez

Marrazoak Senan

2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Monster movie-ak edo munstroen pelikulak gogoko dituztenek harribitxi bat dute ikusgai plataformetan duela hilabete pasatxotik: Sous la Seine (Sena azpian). Marrazoen azpigeneroa lantzen duen film bat da, eta hura sortzeko burutazioa izan zutenek ezin hobeki ustiatu zuten errealitateak eskainitako hari muturra: denbora gutxi falta da Parisko Olinpiar Jokoetarako, eta Senan nazioarteko triatloi bat antolatu dute, Jokoetarako entsegu inportante gisa; biologo talde batek, ordea, ibaian marrazo hiltzaile bat dabilela jakin du. Marrazoen film bati eskatzen zaizkion oinarrizko elementuak ditu: Andrei Txikatilok baino giza odol gose handiagoa duen arrain erraldoi bat, arriskuaz ohartarazten duen pertsona burutsua, eta deusen begirunerik ez duen auzapez zeken bat.

Ailegatu da, bada, Olinpiar Jokoetako lehenbiziko triatloi probaren eguna, eta filmaren egileak kontent izanen dira, errealitatea promoziorako aukera ematen ari baitzaie. Ohartarazi dute izaki arriskutsu bat dagoela Senan, eta Anne Hidalgo auzapezak berak telebista kameren aitzinean sartu behar izan du ibaira, herritarrei erakusteko arriskurik ez dela. Gaur da, hortaz, errealitatearen gidoilariek idatzi duten istorioaren momentu gorena. Gertatuko dena gertatuta ere, monster movie-rik ez da eginen, mehatxuak E.coli izena baitu, eta mikroskopio bat behar baita ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.