Ados Pilota klubeko pilotaria da Andrea Aldaregia (Imotz, Nafarroa, 1993). 7 urte zituenetik jokatzen du pilotan, eta 2021. urtean egin zuen debuta profesionaletan. 2022an San Fermin Torneoa irabazi zuen, eta urratsak egiten ari zen pilotan. Iazko irailean, ordea, auto istripu larri bat izan zuen. «Ez nekien berriz pilotan jokatuko nuen edo ez», aitortu du. Irailaren 21a zen, eta taldekide batzuen partida ikustera joana zen, Leitzara (Nafarroa). Pilotalekuan zirela, etxean materiala ahaztu zutela ohartu ziren taldekideak, eta Aldaregia abiatu zen haren bila. «Leitza eta Lekunberri arteko bidean izan nuen ezbeharra», zehaztu du. Bere autoak eta beste batek «aurrez aurre» jo zutela azaldu du: «Bihurgune bat hartu nuen, eta bidea berriz zuzendu orduko, auto bat niregana zetorrela ikusi nuen. Ez nuen beste ezer egiteko denborarik izan: bolanteari gogor eutsi nion, eta begiak itxi nituen».
Istripuaren ondoren, Aldaregiari kosta egin zitzaion zer gertatu zitzaion asimilatzea: «Begiak ireki nituenean, ikusi nuen kolpe mordoa nituela, eta autoa txikituta zegoela». Ibilgailu barruan geratu zen, harrapatuta. «Hankako eta aurpegiko mina neukan, eta istripuaz jabetzea kosta egin zitzaidan». Ezbeharraren ondorioz, lesio larriak izan zituen: «Femurra hautsi nuen, eta ebakuntza egin behar izan zidaten, barra bat jarri ahal izateko. Gibelean ere zauri batzuk izan nituen, baina bere kasa sendatu ziren horiek. ZIUan egon nintzen egun batzuetan».
Osatze prozesuaren parterik «gogorrena» hankarena izan zen, hasieran ezin baitzuen mugitu ere egin. «Hanka mugitzen saiatzen nintzen bakoitzean, min handia nuen. Asko sufritu nuen, une oro hanka errekuperatzeko ahaleginak egiten ibili behar bainuen», nabarmendu du. Psikologikoki ere ez zen samurra izan. Izan ere, hasieran ez zekien pilotan jokatzera itzuliko zen ala ez. Medikuek esan zioten osatzeko prozesuan jartzeko arreta. «Banekien berriz ibiliko nintzela. Baina nik nahi nuen gauza bakarra pilotan jokatzera itzultzea zen. Osatze prozesua aurrera zihoala ikusi arte, oso zaila izen zen dena. Hasieran dena beltz ikusten duzu, gainontzekoen laguntza behar baituzu edozertarako».
Hilabete hauetan gehien lagundu diotenak «familia eta pilotako lagunak» izan direla aitortu du: «Une oro nire atzetik ibili dira, motibatu eta animatu nahian. Beti gogoratzen zidaten egoera hartatik aterako nintzela, eta pilotan jokatuko nuela berriz ere. Haiek izan dira itzultzera etengabe animatu nautenak».
Asko itxarondako itzulera
Osatzen zazpi hilabete egon ostean, joan den apirilean itzuli zen taldekideekin pilotan entrenatzera. Lehen pilotakadak, ordea, bakarka eman zituen: «Lehen aldiz itzuli nintzenean, geldirik nengoela jokatzen nuen, pilotari ahal nuen bezala emanaz, ez bainintzen asko mugitzen. Pixkanaka hobetuz joan nintzen, baina apirilera arte bakarrik jokatu dut beti, banekielako norbaitekin jokatuz gero min har nezakeela». Entrenamendu askotan «frontoiaren atzealdean» aritu da Aldaregia, gainontzeko taldekideak aurrean zebiltzan bitartean.
Istripuaren ondorengo lehen partida duela bi aste jokatu badu ere, oraindik «konfiantza eta entrenamendu orduak» falta zaizkio ezbeharraren aurretik zuen sasoia berreskuratzeko: «Beldurra hor dago beti. Duela bi aste jokatu nuen istripuaren ondorengo lehen partida, eta ez nintzen ausartu mugimendu asko egitera. Espero dut pixkanaka burua eta gorputza berriz ere ohituz eta konfiantza hartuz joatea». Hala ere, berriz ere pilotari sentitzea «izugarria» izan zela azpimarratu du.
Gertatutakoak bizitza ikusteko modua ere aldarazi dio. «Pasatutako guztiaren ondoren, bizitzan beste lehentasun batzuk daudela ohartzen zara. Beti pentsatzen duzu ez zaizula ezer ere gertatuko, eta gertatzen zaizun arte ez zara ohartzen horretaz». Aitortu du orain «gehiago» disfrutatzen dituela maite dituenekin igarotzen dituen momentuak.
«Istripuaren aurretik bezala edo hobeto jokatu nahi dut. Egunetik egunera hobea izatea da nire helburua, eta nire mailarik onena eman nahi dut»
ANDREA ALDAREGIA Ados klubeko pilotaria
Bada, hala ere, aldatu ez den zerbait: kirolarekin duen harremana. Alderantziz: bere gorputza eta haren mugak hobeto ezagutu ditu. Hemendik aurrera zer helburu izango duen ere argi du: «Istripuaren aurretik bezala edo hobeto jokatu nahi dut. Egunetik egunera hobea izatea da nire helburua, eta nire mailarik onena eman nahi dut. Oraindik ez nago sasoi betean, eta aurrena guztiz errekuperatu nahiko nuke».
Berak pasatu duen egoera antzekoan dagoen norbaiti zer esango liokeen galdetuta, argi izan du: «Egoera horretatik ateratzen saiatu behar duela esango nioke. Buruari buelta asko ematen dizkiogula, baina beti baikor izan behar dela, eta momentu txarretatik atera daitekeela; amaierara arte borrokatu behar dela».