Aldaketa izango da Realean. Klub txuri-urdinak gaur jakinarazi du zein jokalarik ez duten jarraituko datorren denboraldian taldean. Guztira bederatzi dira: Ane Etxezarreta, Amaiur Sarriegi, Sanni Franssi, Elene Lete, Manuela Vanegas, Izarne Sarasola, Elene Viles eta Lorena Navarro. Bestalde, Maria Valle Real Madrilera itzuliko da, denboraldi honetan talde txuri-urdinean utzita aritu ostean.
Realak etzi jokatuko du ligako azken partida etxean, Granadaren kontra (12:00), eta zaleek jokalariei agur esateko aukera izango dute. Ane Etxezarretak urrezko intsignia jasoko du, klubean egindako bideagatik. Berriki jokatu zuen 200. partida talde txuri-urdinarekin. Espainiako Kopako titulua lortu zuen, besteak beste. Sanni Franssi eta Amaiur Sarriegi, berriz, kapitainetako bi dira. Vanegas eta Lete ere funtsezko jokalariak izan dira azken denboraldietan. Vanegasek belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen otsailean.
Ikusteko dago nora joango diren jokalari horiek. Baina Amaiur Sarriegi, ezusterik ezean, Atletico Madrilera joango da. Duela aste batzuk jakin zen Jose Luis Sanchez Vera teknikariak ere ez duela jarraituko. Horrenbestez, argitu beharko da nor eseriko den datorren denboraldian talde txuri-urdinaren aulkian. Arturo Ruiz aipatu da gehien, Granadako entrenatzailea.