Ane Santestebanek agur esango dio bere kirol ibilbideari. Igandean izango da, Eibarren (Gipuzkoa) korrituko duen lasterketa batean. Hala iragarri berri du gaur. «Ez ditut lasterketa asko irabazi, baina bai zerbait baliotsuagoa: zaleen errespetua eta maitasuna. Harro nago txirrindulari izan naizelako. 10-11 urterekin hasi nintzen bizikletan ibiltzen, eta ez nekien hain urruti iritsiko nintzenik. 34 urterekin, bizikletatik jaisteko unea iritsi da; bai, behintzat, profesionalki».
«Harro, eskertuta, eta nostalgia apur batekin» doa. «Ez emaitzengatik, baizik eta erakusten saiatu naizenagatik. Gazteentzat eredu izaten saiatu naiz, eta erakusten modu asko daudela distira egiteko; guztiak baliagarriak». Txirrindularitza ulertzeko eta bizikleta gainean ibiltzeko modu bat izan du: «Talde lana, konpromisoa, errespetua eta ahalegina oinarri dituena». Horrekin batera, txirrindularitza beretzat zer den azaldu du: «Nire bizitza izan da. Baina ez hori bakarrik, baita nire pasioa, eskola eta etxea ere. Sekula aldatuko ez ditudan uneak daramatzat bihotzean».
Hala, argi dauka zein izan den txirrindularitzatik jaso duen ikasgairik garrantzitsuena: «Txirrindularitzak erakutsi dit ez dela helmuga lehen tokian zeharkatu behar irabazi duzula sentitzeko; garrantzitsuena zera dela ere bai: norekin eta nola korritzen duzun; eta, batez ere, bidean uzten duzun arrastoa».
Eskerrak eman dizkie aritu den talde guztiei. Azkena Laboral Kutxa izan da. «Horri esker, nire ametsa bete ahal izan dut: etxeko talde batean aritzea, emakumeen txirrindularitzaren alde apustu egiten duen eta atzetik datozenei bideak zabaltzen dizkien talde batean». Goi mailako kirola utzi arren, eutsi egingo dio txirrindularitzarekin duen «konpromisoari». «Txirrindularitza ez da amaitzen lasterketa bukatzen denean, baizik eta, bizitzarekin gertatu bezala, aurrera egiten du».
Hamazazpi urte profesionaletan
Santesteban hamazazpi urtez aritu da profesionaletan. Hasi eta bukatu Euskal Herrian egin du: 2009an lehiatu zen estreinakoz, Debabarrena-Kirolgi taldean, eta Laboral Kutxan hartu du erretiroa. Lehen bost urteak Euskal Herrian egin zituen, Debabarrena-Kirolgin eta Bizkaia-Durangon. Azken talde horrekin lortu zuen bere kirol ibilbideko garaipen bakarra: errepideko Espainiako Txapelketa irabazi zuen 2013an. Horri esker, talde indartsuen arreta bereganatu zuen, eta Ale Cipollinik fitxatu zuen. Zortzi urtez aritu zen World Tourrean: bost urte egin zituen Italian, eta urte bana Alemaniako WNT taldean eta Australiako Bike Exchange eta Jayco taldeetan. Iaz itzuli zen etxera.
Makina bat aldiz lehiatu da itzuli garrantzitsuenetan: Italiako Giroan, Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan. Giroan, hirutan sailkatu da lehen hamarren artean, behin Tourrean, eta, beste behin Vueltan. Munduko Txapelketan, berriz, 23. postua du emaitzarik onena. Bitan lehiatu da Olinpiar Jokoetan: 2016an, Rio de Janeiron (Brasil), eta, 2021ean, Tokion. Japoniako hiriburuan aritu zen ondoena: 28. postuan sailkatu zen errepidekoan. Espainiako Txapelketan lortu ditu emaitzarik onenak: urrezko domina bat irabazi du, hiru zilarrezkoak eta bi brontzezkoak, guztiak errepideko proban.
Une zailak ere ¡izan ditu urte hauetan. 2017an istripu larria izan zuen, etxetik gertu entrenatzen ari zela. Auto batek jo zuen, eta gidariak ihes egin zuen. Memoria eta ikusmen arazoak izan zituen istripuaren ondorioz. Osatzeko urtebete beharko zuela espero zen, baina askoz lehenago osatu zen azkenerako. Bestalde, iaz Laboral Kutxara itzuli zen, taldeari UCI World Tourrera igotzeko behar zituen puntuak lortzen laguntzeko. Apirilera arte nahiko ondo aritu zen, baina gaixotu egin zen Belgikan. Handik aurrera, lasterketetan gaizki sumatu zuen bere burua, behin eta berriro. Azkenean ikusi zuten kiste handi bat zuela obarioetan. Kistea onbera zen, baina horrek eragiten zion ondoeza. Tratamendu batekin osatu, eta denboraldi honetan bete-betean aritu da. «Gertatutakoa kontatzea erabaki nuen, ikusgaitasuna emateko, eta errebisioak egitearen garrantziaz ohartarazteko».