Entrenamendua bukatu ostean gerturatu da kazetariengana Carmen Alvarez Eibar taldeko aurrelaria, (Salamanca, Espainia, 2003), irribarretsu. «Azken partidetan ez gara fin aritu, baina derbiak beti dira bereziak», aitortu du. Horiek horrela, «ilusioz eta gogotsu» egingo diote aurre Athleticen aurkako partidari, irabaztea helburu. Etzi jokatuko dute, 12:00etan (EITB1).
Galdu egin dituzue ligako azken bost partidak. Nola dago taldea?
Taldea motibatuta dago, gogotsu. Beste modu batera bizitzen dira derbiak, eta lehiatzeko gogoz gaude. Hiru puntuak lortu nahi ditugu.
Bolada txarrak emozionalki eragin dizue?
Egia da denboraldi hasieran puntu dezente lortu genituela, eta, beraz, lasai egoteko moduko aldea dugula. Animoz ondo gaude. Badakigu egoerari buelta eman diezaiokegula eta geratzen zaizkigun partida askotan puntuak lor ditzakegula. Horretan saiatuko gara.
Nola egingo diozue aurre Athleticen aurkako derbiari?
Derbietan lehia handia izan ohi da, eta erritmo handiko partidak izaten dira. Seguruenik bi taldeetako zale asko etorriko dira partida ikustera, eta hori beti da polita.
Zer izan daiteke irabazteko gakoa?
Hasieratik erritmo bizian jokatu behar dugu, eta sendo. Batuta aritu behar dugu, eta talde indartsua izan. Eta gero, ditugun aukerak aprobetxatu beharko ditugu.
Athleticek ere galdu egin ditu ligako azken partidak; defentsan ez dabiltza oso sendo, zuek bezala. Uste duzu hori aprobetxatu dezakezuela?
Boladak izaten dira. Lehen itzuliko partidara dinamika onean iritsi ginen, partidak irabazten ari ginen, eta derbia galdu egin genuen. Neurketa bakoitza mundu bat da, eta edozer gerta daiteke. Baina, tira, aurreko partidak irabaziko balituzte, animoz bestela iritsiko ziren; ea ondo ateratzen zaigun eta aprobetxatu dezakegun.
Lehen itzulian, hain zuzen, 2-0 galdu zenuten. Zer aldatu da ordutik hona?
Taldea dezente aldatu da. Hasieran, jokalari berri asko zeuden taldean, fitxaketa asko. Pixkanaka, dinamikan sartuz joan dira. Orain gehiago ezagutzen dugu elkar, eta badakigu bakoitzak zer behar duen. Multzo sendoagoa gara, eta hobeto lehiatu gaitezke.
Dituzuen hamazazpi puntuetatik bost baino ez dituzue lortu etxean. Kostata ari zarete Ipuruan...
Bai, hala da. Aurreko denboraldian ere gertatu zitzaigun. Ez dakit zergatik, baina etxetik kanpo indartsuago ari gara. Gogoz gaude etxean irabazteko, edo, behintzat, puntuak lortzeko. Zaleei poz hori eman nahi diegu, eta etenera aho zapore onarekin joan nahi dugu.
«Ez dakit zergatik, baina etxetik kanpo indartsuago ari gara. Gogoz gaude etxean irabazteko, edo, behintzat, puntuak lortzeko. Zaleei poz hori eman nahi diegu»
Sasoi honetan sartu dituzun hiru goletatik bik irabazteko balio izan dizue. Taldeko golegile nagusia zara. Gustura zaude egiten ari zarenarekin?
Oso gustura nago hemen, zoriontsu naiz. Konfiantzaz ari naiz, eta klubak ere konfiantza du nigan. Horrek laguntzen du nire errendimendua hobea izan dadin. Talde guztiaren lana da. Nik golak sartzea eta guri golik ez sartzea guztion lana da.
Hala ere, taldeari kostatzen ari zaio arriskua sortzea eta golak sartzea. Aurrelaria izanda, nola daramazu hori?
Zaila da bi aukera izan eta bat sartzea, baina horretarako prest gaude. Gure onena ematen saiatzen gara, eta ahalik eraginkorrenak izaten.
Horregatik ere bada garrantzitsua aurkariei golik sartzen ez uztea, ezta?
Bai. Aukera gutxi izaten ditugunez, gol bat sartutakoan garrantzitsua da defentsan sendo egotea. Horrek ematen digu modua puntuak lortzeko eta partidak irabazteko.
Jaitsiera postuak urrun samar dituzue oraindik. Zer iritzi duzu denboraldiaren inguruan?
Lasai gaude, beheko taldeak ez baitira ari puntuak biltzen. Bolada ona izan genuen, eta orduan egindako lanari esker, orain lasai egoteko moduko aldea lortu genuen. Baina konfiantzaz gaude, eta uste dugu partida gehiago irabaziko ditugula. Beheko taldeekiko dugun aldea handitu nahi dugu, eta oraindik ere lasaiago heldu denboraldi amaierara.
Puntuen alde hori izateak on egin dizue? Edo gehiegi erlaxatu zarete?
Izan daiteke eragozpen bat, erlaxatu egiten zarelako. Baina aldatu dugu txipa: partidak irabazi nahi ditugu, eta horretan saiatuko gara.
Zein da taldearen helburua? Eta zurea?
Ahalik azkarren mailari eustea da taldearen helburua. Puntuak pilatzen segitu nahi dugu, eta, berandu baino lehen, matematikoki salbatu. Ez dugu larri ibili nahi denboraldi bukaeran. Eta pertsonalki, horrela segitu nahi dut. Ondo sumatzen dut neure burua. Taldeari ahalik gehien lagundu nahi diot: golak sartuta, lana eginda...
Aurrez ere egona zinen Eibarren. Gustura zaude klubean?
Bai. Denboraldi erdiz aritu nintzen utzita [2021-2022 sasoian], eta oso gustura egon nintzen. Beti nahi izan dut itzuli, eta joan den denboraldian aukera sortu zen. Oso gustura nago hemen. Asko aldatu da multzoa azken sasoitik hona, baina talde ona dugu. Denok bat eginda jokatzen saiatzen gara. Gainera, badaude oraindik bertako jokalariak, eta haiek transmititzen dizute zer den bertakoa izatea, zer den Eibarren jokatzea, zer balio dituen klubak... Uste dut oso garrantzitsua dela hori.