San Antonio 23. Naturhouse 25

Anitz sufritu, eta galdu

San Antoniok ez du partida ona egin bere pistan, eta Naturhousek mendean hartu du azken txanpan

Niko Mindegia, atzo, atera jaurtitzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antonio. Lucau, Sevaljevic (1), Guardiola (5), Mindegia (6), Vargas, Eloy (2), Agirrezabalaga (2, 1p)—hasierako zazpikoa—; Humet (1), Meoki, Victor (2), Crowley (2) eta Rasic (2).

Naturhouse. Aginagalde, Juarez (2), Arrieta (6), Velasco (2), Sorrentino (2), Lopez (3), Garabaya(5) —hasierako zazpikoa—, Parra (1), Victor Hugo (2), Dujshebaev, Praznik (1), Kallman (1) eta Silva.

Markagailua. 2-1, 3-4, 5-5, 7-6, 8-7, 9-9 (atsedenaldian); 12-13, 15-15, 17-16, 20-16, 21-21 eta 23-25.

Epaileak. Fernandez eta Rodriguez. Bi minutuz kanporatuak San Antonioko Mindegia, Agirrezabalaga eta Borragan; Naturhouseko Juarez, Victor Hugo (2) eta Garabaya (2).

Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru NUPeko pabiloian.

Amaya Sport San Antoniok ez zuen partida ona egin atzo, eta, ondorioz, saririk gabe gelditu zen etxean, Naturhouseren aurka. 23-25 galdu zuen Iruñeko taldeak, partida amaitzeko bederatzi minutu eskas falta zirenean lau goleko aldea izan arren. Aldea hutsean gelditu zen partidaren azken txanpan. Gehiegi sumatu zitzaien nekea nafarrei. Gehiegi sumatu zitzaizkien hutsak erasoan. Lucau atezaina izan zen jokalaririk nabarmenena. Hogei geldiketa egin zituen. Naturhouseko atezain Gurutz Aginagalde ere bikain aritu zen, eta hemeretzi geldiketarekin, hutsean utzi zituen San Antonioko jokalarien jaurtiketak.

Lehen zatian oreka izan zen nagusi markagailuan. Atezainen lana izan zen aipagarriena. Pistan, berriz, ezinean aritu ziren Juanto Apezetxearen jokalariak. Baloia mugitzeko hamaika arazo izan zuten nafarrek. Europako Errekopako azken partidak eragindako nekeari aurre egitea ez zen batere erraza izan iruindarrentzat, eta nabaritu zen.

Lehen zatia bederatzina berdinduta amaitu zuten bi taldeek, hala ere. Bigarrenean, etxean jokoan ziren puntuei eusteko gogor borrokatu zen San Antonio. Niko Mindegia erdikoak hartu zuen taldearen ardura bere bizkar, eta, lan horri esker, garaipena eskura izan zuten etxeko jokalariek.

Bederatzi minutu eskas falta zirenean, 20-16 ziren nafarrak aurretik. Kontraerasoari etekina atera zioten nafarrek, eta irabazteko bidean jarri ziren. Azken bederatzi minutu horietan, ordea, buelta eman zion Naturhousek partidari, eta 23-25 hartu zuen mendean San Antonio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.