Anoeta berriaren laurden bat inguru Qbao enpresak finantzatuko du

Realak eta Txinako enpresak hitzartutako akordioaren arabera, Qbao marka 2020ra arte izango du soinean Donostiako taldeak

Jokin Aperribai, Qbaoko ordezkaria besarkatzen, joan den igandean. REALA.
jon eskudero
Donostia
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Anoeta estadioaren birmoldatzearen %20-25 inguru bere gain hartuko du Txinako Qbao enpresak. Halaxe jakinarazi zuen atzo Jokin Aperribaik. Realeko presidentea Txinan izan zen iragan astean, Nanjinen, eta han itxitako akordioaren nondik norakoak azaldu zituen. Garrantzitsuena: Qbaok estadio berriaren laurden bat inguru finantzatuko duela. «Etorkizunean Reala talde lehiakorra izatea nahi badugu, beharrezkoa dugu estadio berria. Beraz, hitzarmen bikaina da Qbao-rekin sinatutakoa». Trukean, beste hainbat baldintzaren artean, Anoetan nabarmendu egingo den publizitatea izango du Txinako enpresak.

Ordea, estadio berriaren lanak hasterako denbora igaroko dela dirudi. Izan ere, Anoeta eraberritzeko lehiaketa bertan behera geratu ostean, etena da nagusi. Lehiaketaren baldintzetan «irregulartasunak» topatu zituela argitaratu zuen Madrilgo Optima Sport Media enpresak bere txostenean, eta helegitea onartu zuen Kontratu Ebazpenen Organoak. «Haien arabera, Realak erraztasun guztiak zituen lehiaketa irabazteko. Ez nago ados. Gainera, eurak ez dira aurkeztu ere egin lehiaketara. Oker jokatu dute, eta pena da proiektua atzeratzea».

Qbao enpresarekin hitzartutako akordioaren beste puntu bat da publizitatearena. Aurtengo denboraldirako zera zuten sinatua: Realak Qbao marka eramango zuela elastikoan. Bada, beste bost urtez, 2020ra arte luzatu dute akordioa. Asko hobetuta gainera. «Orain arteko diru kopurua %60 gehituko da. Realak hazten jarrai dezan balioko du». Azkenik, hitzarmenaren arabera, Realak jokalari gazteen formazioan lagunduko dio Qbaori.

Lorenekin, «gustura»

Kirol arloaz bi hitz egiteko ere baliatu zuen Aperribaik prentsaurrekoa. Hasteko, Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariaren inguruan mintzatu zen. Besteak beste, ekainean amaituko baitzaio kontratua. «Ez dut ikusten haren lanean ez sinesteko motiborik. Aurtengo sasoian salbu, Realak bilakaera ona izan du». Hori bai, haren etorkizuna «zuzendaritzan erabakiko dugu». Bestalde, presidentea gustura dago David Moyesekin. «Emaitzak ikusita, oso pozik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.