Baiona 19. Tolosa 13

Anoetak magia dauka

Baionak defentsan partida bikaina jokatu du eta kontraerasorako duen trebeziak garaipena eman dio Tolosaren aurkaBaiona aitzinetik izan da partida osoan, eta Tolosak azken minutuan lortu du entsegua

Thibault Lacroix Baionako erdikoa bere taldearen garaipena ospatzen, gibelean taldekideak dituela. Baionako zaleek Anoetako harmailak bete zituzten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Donostia
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Baiona. Iginiz (Legras, 79. min.), Roumieu (Hegi, 49. min.), Avril (Baiocco, 59. min.); Filipo (Flavell, 55. min.), Boutaty; Haare (Bernad, 49. min.), Baget (kap.), Martin (Haare, 59. min.); Gartzia (Audy, 79. min.), Boyet; Gerber, Lacroix (Fauque, 79. min.), Mazars, Huget; Peyras.

Tolosa. Human (Poux, 56. min.), Lacombe (Servat, 40. min.), Lecouls (Johnston, 40. min.); Millo-Chlusky (Maestri, 56. min.), Albacete; Nyanga (Dusautoir, 56. min.), Picamoles (Lamboley, 66. min.), Bouilhou (kap.); Michalak, Skrela (Bezy, ; Heymans (Clerc, 66. min.), Jauzion, Fritz, Medard; Poitrenaud.

Markagailua. 3-0; 6-0; 6-3; 9-3; 16-3 (atsed.) 16-6; 19-6; 19-13.

Epailea. Christophe Berdos.

Besta eta poza. Poza eta besta. Baionako zaleek, hurrenez hurren bi sentimendu horiek bizi izan zituzten atzo, Donostiako Anoetan. Bestarako gogoz joan ziren Donostiara, partida aitzinetik zegoen giroa seinale.Pozik atera ziren Anoetatik, eta pozarren jarraitu zuten bestan partidaren ondotik. Tartean, hamabost baionarrek dena utzi zuten berdegunean, hain nunbre handian jiniko zaleei garaipena eskaintzeko.

Atzoko garaipena sufrimenduaren izerdiak ematen duen plazerarekin lortutakoa izan zen. Astean zehar izandako liskarrei arretarik ezarri ez, eta xuri-urdinak dakiten errugbia jostatzera sartu ziren zelaira. Sasoi osoan hain uzta ona eman dien errezeta aplikatu zuten Christian Gajanen jokalariek: defentsa txalogarria, izan buruz buruko plakaketan, edo zuloak ixteko berrantolaketan ; Boyeten zango sendoa, eta kontra erasoan jokatzeko trebezia izugarria. Horiek izan dira orain arte Baiona sailkapen burura eraman dituzten osagaiak. Eta horiek izan ziren atzo Tolosa irabazteko erabili zituzten armak.

Partida gogor hasi zen Baionarentzat. Tolosak, ohikoa duen bezala, erritmoa eman zion jokoari, zelaiaren zabalera baliatuz. Lehen hamar minutuak Okzitaniakoen aldekoak izan ziren, baina Baionak sartu zituen lehen hiru puntuak. Uztartze batean, Iginizek Lecouls harrapatu zuen eta Boyetek zigor kolpea sartu.

Hiru minutu berantago, Boyetek bere bigarren aukera ez zuen huts egin: 6-0. Parean, Tolosa erritmoa ematen ari zen, baina Baiona ez zegoen ezer oparitzeko. Partida txalogarria egin zuen Boutatyk, erraterako, sekulako presioa egin baitzuen defentsan. Lacroix eta Hugeten plakaketak ere aipatzekoak izan ziren.

Hugeten entsegua; gakoa

Partida bere ildotik zihoan: Tolosa erasoan, eta Baiona defentsan argi, kontra erasoan estu hartzen Okzitaniakoak. 32. minutuan Tolosak erasora jo zuen. Baionako 22 metroetan sartu zen, eta entsegua eskura zeukan. Orduan agertu zen Huget, baloia lapurtu zuen, eta 85 metroko lasterraldi bati esker entsegua sartu zuen.

Lehen zatian zuloa egin zuen etxeko taldeak (16-3), eta bigarren zatian oldarkor hasi zen Tolosa. Hamabost minutuz ez zuen baloirik ikusi Baionak, eta kuraiaz beteriko defentsari esker bi entsegu aukera garbi ezerezean utzi zituen. Skrela ordezkatu zuen Bezyk, gainera, ez zituen bere ostikadak sartu. Orotara bost zigor kolpe huts egin zituen Tolosak.

Baionak, orduan, sekulako sustoa eman zion Tolosari, Hugetek hasitako kontra eraso bat 90 metro urrunago bukatu baitzuen, baina ez entsegu marran, eskaseko marran baizik.

Pixkanaka, Baiona arnasa hartzen ari zen, Tolosak bere luxuzko aulkia mugitu arren. Bezyk, azkenean lortu zuen haren ostikoa behar bezala botatzea, eta 16-6 hurbildu zuen Tolosa. Christian Gajanen taldeak, baina, berehala aldea zabaldu zuen, Boyeten ostikada bati esker: 19-6.

Gajanek omen egin zion Boyeti partida ondotik: «Askoz hobeto dago azken asteotan. Taldearen patroia bihurtu da». Omenaldi merezia, ederki eman baitzion haizea bere taldeari une estuetan.

Minutuak aitzina zihoazen, eta partida Baionak nahi zuen eremuan zegoen. Tolosa erasoan saiatzen zen, baina geroz eta ezin handiagoa somatu zuen, parean harresi gaindiezin bat topatzen zuelako. Boutaty borroka guztietan zegoen, Baget erne eta taldea gidatzen, eta uztartzeetan, hilabete baten ondotik lehen partida zuen Iginiz, sendo.

Azken bost minutuetan zegoen partida, eta zaleak garaipenean sinesten hasi ziren. Baionari deus ezin zitzaiola gertatu sendi zen. Nekearen nekez, Huget edo Gerber lurrean gelditu ziren, karranpak jota.

Azken jokaldian baloia punta batetik bestera joan zen. Baionaren erasoari erantzunez, Tolosa ziztu bizian joan zen entseguaren bila, eta Clercek lortu zuen 80. minutuan. Entsegu horrek defentsako puntua eman zion Tolosari, baina Baionaren poza ez zuen zapuztu. Garaipena etxean gelditu zen, eta zaleak besta egitera joan ziren parte zaharrera. Bukaera ona ongi hasi zen egunarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.