Berriaren I. Erremonte Txapelketa

Ansa II.ak erabaki du finala

Ansa II.a-Arruartek irabazi dute Berria txapelketa, Goikoetxea V.a-Aizpuru II.ari 40-31 nagusituta

Joxin Aizpuru, Ander Goikoetxea, Josu Arruarte, Imanol Ansa finalistak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariarekin, atzo, Galarretan. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
Hernani
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Amaitu da Berriaren I.Erremonte Txapelketa. Final lehiatu batek eman zion amaiera atzo hilabeteko lehia estuari. Hernanin (Gipuzkoa) jokatu zen finala, Galarreta pilotalekuan, eta handik oso gertu joan ziren txapelak, bost kilometro eskasera, Urnietara, Imanol Ansa eta Josu Arruarte hango bizilagunen buruetara. 40-31 irabazi zieten Ander Goikoetxeari eta Joxin Aizpururi.

Ansa II.a-Arruartek behetik gora eginda irabazi dute oraina eta geroa uztartu dituen txapelketa hau. Behetik gora, lehen partida galdu ondoren irabazi egin baitituzte jarraian jokatutako hirurak: ligaxkako bigarrena, finalerdia eta finala. Atzo, ordea, ez zuten atzetik aurrera egin beharrik izan, hasi eta buka gailendu baitziren. Inoiz ez ziren atzetik joan, eta lautan baino ez ziren egon berdinduta. Nagusitasunez jantzi zuten txapela.

Eta horrela izan zedin zerikusi handia izan zuen Ansa II.aren jardunak. Aurrelari urnietarrak denbora darama estelarrak jokatzen, baita maila nagusiko txapelketak ere. Koska bat gorago dago Berria txapelketan kontrario izan dituenen aldean. Agerian geratu zen atzo, erakustaldia eman baitzuen. Ez zen ondo hasi, eta Goikoetxea V.a nagusitu zitzaion hasieran. Baina, behin lehian bete-betean sartuta, erabakigarri izan zen. Neurketa amaieran lortu zituen estatistika bikainek ezin hobeto islatzen dute zein handia izan zen haren nagusitasuna: 24 tanto egin zituen, eta hiru huts besterik ez.

Alde handia egon zen aurrean aurkari izan zuen Goikoetxea V.arekin: hamahiru tanto egin zituen urnietarrak, baina bederatzi huts egin zituen. Atzean, ordea, Aizpuru II.a Arruarteri gailendu zitzaion: azpeitiarrak bederatzi tanto egin zituen, eta lau huts egin; Arruartek, berriz, hiru egin zituen, eta bost huts egin. Aizpuru II.ak berak, hala ere, etsita amaitu zuen norgehiagoka, Ansa II.aren eraginkortasunari aurre egin ezinik. Garaipenak sari bikoitza du: txapela eta Promozio Mailako San Fermin torneoa jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.