11:00etan hasiko da nagusien proba, baina gaztetxoena jokatuko da aurretik (9:30). Urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa duen proba da. Lau mailatan banatuta arituko dira: benjamin, alebin, infantil eta kadeteak. Azken eguna baino lehen baziren 580 izena emandakoak, eta proba jendetsua espero da gaur. Santo Tomas, Ibai eta Axular lizeoetako, Intxaurrondo, Orixe, Zurriola, Igeldo, Lauaxeta, Aitor eta Langile ikastoletako, eta Zubiri-Manteo institutuko ikasleek eman dute izena, besteak beste. Antiguako krosarekin batera, Iruñekoa eta Gasteizkoa ere sustatuko ditu Berriak aurten, eta proba horietan parte hartzen duten haur guztien artean zozketa egiteko asmoa dauka. Saria ez da nola-halakoa: bere gela guztiarekin, bost egunez Port Aventura jolas parkean gozatzeko aukera.Gazteenen proba amaitutakoan hasiko da nagusiena. 500 korrikalari baino gehiago espero dira, eta lehia gogorra espero da 10 kilometroko ibilbidean, iazko bera. Gero eta sona handiagokoak dira parte hartzen duten atletak, eta norbaitek marka berriren bat ezartzea ere ez dute baztertzen antolatzaileek. Iazko proba Kamel Ziani oriotarrak irabazi zuen. Parte-hartzaile guztientzat izango da saria (elastikoa) eta Donostiako jatetxe ezagunetako bazkari eta afari txartelak zozketatuko dira. Gaur bertan izena emateko aukera ere izango da, 10 euroren truke.
-
OMENALDIA
Jose Maria Ibarburu gogoan
Atletismo Federazioko epaile lanetan makina bat urte egin ostean, duela gutxi zendu da Jose Maria Ibarburu. Antiguako Krosak omenaldia eskainiko dio probaren alde horrenbeste lan egindakoari, eta minutu bateko isilunea egingo da proba aurretik.