Antzokitik meategira

Athleticek Schalke 04 izango du aurkari Europako Ligako final-laurdenetan, eta, sailkatuko balitz, Sporting edo MetalistAlemanian izango da joanekoa, hilaren 29an, eta itzulikoa, Ostegun Santuan, Bilbon

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Europako Ligako trenaren ibilbidea Bukaresten amaituko da, maiatzaren 9an: egun horretan jokatuko da finala. Beraz, kopa altxatuko duen taldeari bi geldialdi geratzen zaizkio finalera iritsi aurretik. Athletic da lehian jarraitzen duten zortzi taldeetako bat. Pausoz pauso, oinak lurrean izanda, datorrenari aurre egiten eta lehiakor izaten ahaleginduko da talde zuri-gorria.

Bidaia erakargarri horretan, Ingalaterrako Ametsen Antzokia atzean utzi eta Alemaniako meategirako bidea hartuko du Athleticek. Talde zuri-gorria Schalke 04ren aurka ariko da final-laurdenetan —joanekoa Alemanian jokatuko dute, hilaren 29an, eta, itzulikoa, Ostegun Santuan, San Mamesen—. Kanporaketa erakargarria ere bada. Batetik, Schalke talde ona delako. Bigarrenik, Espainiako Ligan ezagunak diren jokalari asko daudelako taldean: Jose Manuel Jurado, Raul Gonzalez, Klaas-Jan Hunterlar... Eta, hirugarrenik, futbola maite dutenek nahitaez erreparatu behar dietelako Alemaniako taldeei eta hango zelaietan sortzen den giroari.

Alemaniako Liga arlo askotan da eredugarria. Ispilu izan beharko luke. Alemaniako talde gehienek, esate baterako, ez dute gastatzen daukaten baino diru gehiago. UEFAko buru Michel Platinik ezarri gura duen finantzen joko garbiaren premiarik ez dago Bundesligan. Horrek, nola ez, desabantaila bat ekartzen die Alemaniako taldeei Europako beste klub batzuekin lehiatzen direnean, aurkari gehienek ez daukaten diru batekin indartzen baitituzte taldeak. Baina, hala ere, lehiakorrak dira alemaniarrak, eta, zenbait urtetan gordeta egon ostean, punta-puntara bueltatzeko bidean dira. Harrobiko lan ona egin dute azken sasoietan, eta horren ondorioznabarmentzen ari dira bai selekzioa eta bai taldeak.

Alemaniako futbola garai gozoan dago. Kirol arloan hazten ari da, baina ez da hori ondo zaintzen ari diren arlo bakarra. Bundesligan, zaleak ere kontuan hartzen dituzte. Futbola ikuskizuna da, eta, edozeinek gozatu ahal izan dezan, gehienentzat eskuragarri diren prezioetan saltzen dituzte sarrerak. Ondorioz, jardunaldiak joan eta jardunaldiak etorri, jarraitzailez lepo egoten dira zelai guztiak. Ikusgarria da. «Giro bikaineko kanporaketa izango da. Bai han, bai San Mamesen, giro ona egongo da. Schalkek zale asko ditu, eta babes handia jasotzen du. Baina guk gustuko ditugu gisa horretako zelaiak», adierazi zuen atzo Andoni Iraolak.

Iraola: «Parekatua izango da»

Bistan da joanekoak garrantzi handia izango duela kanporaketan, etxean jokatzen duenean baita arriskutsua Schalke. Veltins Arenako harmailak betetzen dituzten zaleen laguntzarekin, edozer gauza egiteko gai izaten da Huub Stevensek zuzentzen duen taldea. «Txapelketa hasi zenean, irabazteko hautagai nagusietako bat zen. Kanporaketa parekatua eta erakargarria da», esan zuen kapitainak.

Bundesliga eta Schalke indartsuak dira oso. Sasoiko daude. Kirol arloari dagokionez, berriz, Schalke txukun ari da, eta laugarrena da ligan. Datu horrek erakusten du ondo ari dela, baina ez da punta-puntako taldea. Bayern Munich eta Borussia Dortmund askoz boteretsuagoak dira. Esan daiteke Schalkek aurretik dituen taldeak urrunago daudela atzetik dituenak baino. Jokoz ere, ez omen da talde fidagarria. Onena eta txarrena egiteko gai omen da. Defentsan egiten duen lan eskasa da gorabehera horien arrazoi nagusia. Erraztasun handiak ematen ditu. Sasoi honetan, gainera, Neuer atezain bikaina galdu du —Bayern Munichen ari da—, eta horrek agerian utzi ditu atzealdeko gabezia gehienak. Hori dauka aprobetxatu beharra Athleticek.

Baina nola da posible atzealdean makal dabilen talde bat Bundesligan eta Europako Ligan onenen artean egotea? Erantzun erraza dauka horrek: erasoan sekulako joa daukalako. Aurrera begira, kontuan hartzeko taldea da. Jokalari on asko ditu, eta, guztien gainetik, bat nabarmentzen da: Huntelaar. Herbeheretar hori egun Europan dauden errematatzaile onenen artean dago. Ajaxen egin zen ezagun, baina Real Madrilen eta Milanen ez zuen zorte handirik izan. Hala ere, taldez maila txiki bat jaitsi eta konfiantza eman diotenean, erakutsi du aurrelari bikaina dela. Europako Ligako golegilerik onena da, bederatzi gol sartuta, eta beste hemeretzi sartu ditu Bundesligan. Gertutik zaindu beharrekoa da. Ez da komeni haren atzetik jokatzen duena gutxiestea ere: Raul, Real Madrileko jokalari ohia. Futbolari aparta izan da, irabazle nekaezina. Urteetan aurrera doan arren, ondo aritzen da oraindik ere. Eta, haiekin batera, Farfan, Jurado, Metzelder, Hildebrand… Futbolari asko dira ezagunak zaleentzat. Baita Escudero ezker hegalekoa ere. «Athletic aurkari gogorra izango da. Llorente aipa genezake, baina beste jokalari on asko ditu. Nabari da Bielsaren eskua», esan zuen atzo Escuderok.

Athleticek nahikoa lan izango du Schalke kanporatzen, baina badago aurrerago begiratuko duenik ere. Alemaniarrak gaindituz gero, Lisboako Sportingen eta Ukrainako Metalisten arteko kanporaketako irabazlea izango du aurkari finalerdietan. Adar horrek ez du faborito garbirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.