Futbol jokalaria

Itxaso Uriarte: «Apala izan naiz, eta uste dut jendeak hori ikusi duela. Maitatua sentitu naiz»

34 urterekin erretiroa hartu du Itxaso Uriartek, Realean hamar denboraldi eta Athleticen bost egin ondotik. Azken bi denboraldietan gorabeherak izan ditu belaunarekin, eta «nahitaez» utzi behar izan du futbola. «Pozik» dago osatutako ibilbidearekin.

Itsaso Uriarte. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Gasteiz
2026ko martxoaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaso Uriarte futbolaria (Gasteiz, 1991) antzematen erraza izan da zelaian, beti eraman baitu zinta beltz bat buruan. Hamabost denboraldiko ibilbidea egin du, eta itzalpeko lana egitea tokatu zaio, euskarri postuan. Zelaitik kanpo ere arretagunetik kanpo egon da: «Uste dut jendeak asko baloratu duela apaltasunez jokatu izana». Gasteiztarra izanda, «pena» du ez duelako Alavesen jokatu. Nahiz eta bera jokatzen hasi zenean Alavesek ez zuen emakumezkoen talderik. Uriartek Realean eta Athleticen osatu du bere ibilbidea. Azken bi denboraldiak zorigaiztokoak izan dira: 2024ko apirilean lehen ebakuntza egin zioten belaunean, eta, geroztik, ezin osatu ibili da; tartean beste ebakuntza bat ere izan du. Horregatik, «behartuta» utzi behar izan du futbola.

Belauneko lesioagatik halabeharrez utzi behar izan duzu futbola?

Bai, eta horregatik dut pena. Ez dut aukerarik eduki zer egin nahi dudan erabakitzeko. Beti amestu izan dut nik nahi nuenean uztea futbola, baina behartuta utzi behar izan dut. Belauna ez dut ondo oraindik. Hainbeste denboran lesionatuta egonda, ikusten nuen ez nuela hobera egiten, belaunak ez zuen behar bezala erantzuten. Gainera, ez naiz 20 urteko emakume bat; denbora dezente daramat futbolean, eta etorkizunean ondo egon nahi nuela pentsatzen hasi nintzen. Ziurrenik horregatik izan dut argiago erabakia.

Gogorrenak azken bi denboraldiak izan dira?

Bai, oso gogorrak izan dira. Lehenengo ebakuntzaren ondoren, denboraldiaurrea egin nuen, eta ligako lehen bi partidetan jokatzeko moduan nengoen, nahiz eta belaunean min nuen. Hor pentsatu nuen gauzak ez zihoazela ondo. Bigarren ebakuntza egin aurretik, tratamendu bat egin zidaten, baina ez zen ondo atera. Orduan ebakuntza egitea erabaki genuen. Horren ondoren, osatzen ari nintzela, nabaritzen nuen oraindik ere belauna ez zegoela ondo. Hor buruak klik bat egin zidan. Futbolean jarraitu nahi nuen, baina pentsatu behar nuen garrantzitsuena belauna ondo edukitzea zela. Belaunaren osatze prozesua nahi baino motelago zihoan.

Gustura zaude, beraz, osatu duzun ibilbidearekin?

Hamabost urte egin ditut futbol profesionalean. Atzera begira, pena ematen dit horrela uzteak, baina, ibilbide guztia ikusita, polita izan da. Jende askok, familiak eta lagunek, zera esaten didate: «Lesio batengatik utzi duzu, baina edonork ezin dezake esan hamabost sasoi egin dituela gorenean, eta gainera, garrantzitsua izanda».

«Hamabost urte egin ditut futbol profesionalean. Atzera begira, pena ematen dit horrela uzteak, baina, ibilbide guztia ikusita, polita da»

18 urterekin iritsi zinen Realera. Geroztik, asko aldatu da klub txuri-urdina? 

Oraingoarekin ez du zerikusirik. Hobekuntzak sekulakoak izan dira: klubaren egitura, lan egiteko modua, baliabideak, osasun arreta... Oraindik uste dut hobetzeko tarte handia dagoela, baina egia da lehen urte haiekin alderatuta aldaketa handia izan dela. Gero eta jende gehiagok ikusten du emakumezkoen futbola, gero eta baliabide gehiago daude, eta hori eskertzekoa da. Guk egindako lanari esker ere, gauza asko hobetu dira. Prozesu luzea izan da.

Baliabideak hobetu direnez, orain jokalariak askoz ere prestatuago iristen dira gorenera?

Orain egituran prestatzaile gehiago daude, mediku gehiago, egokitzaile gehiago.... Orain, gazte mailatik, zelaiko lanari eta gimnasiokoari ematen zaion denbora asko parekatu da. Gazteak fisikoki prestatuago datoz, eta, horrenbestez, 16-17 urterekin iristen dira gorenera. Realean nengoenean, adin horretako askoz ere jokalari gutxiago iristen ziren Lehen Mailara. Orain, gazteak prestatuago daude Lehen Mailara azkarrago eta lehenago iristeko. Emakumezkoen futbolak aurrerapauso bat eman du horretan, eta, aldi berean, ikusgaitasuna ere irabazi dugu. Eta horrek, ezinbestean, kritika gehiago jasotzea dakar. Gustatzen ez zaizkigun gauzak dakartza ikusgaitasunak, alde negatibotik begiratuta.

«Emakumezkoen futbolak aurrerapauso bat eman du, eta aldi berean ikusgaitasuna irabazi. Horrek, ezinbestean, kritika gehiago jasotzea dakar»

2019an Espainiako Kopa irabazi zenuen Realarekin. Zure kirol ibilbideko unerik gorena izan da?

Inork ez zuen espero Realak Kopa irabaztea, eta sekulakoa izan zen. Ez guk ez Realaren zaleek ez zuten espero. Hurrengo egunetan eduki genituen harrerak, ospakizunak... Astebete ospatzen ibili ginen [barrez]. Baina arantza bat dut. Finala jokatu baino astebete lehenago lesionatu egin nintzen. Bete-betean ez nengoenez, ez nuen jokatzerik izan, nahiz eta aulkian egon nintzen. Gogorra izan zen; irabazi egin genuenez, beste modu batera ikusten dut orain. Gainera, Kopa irabazteak beste ikusgaitasun bat eman zion emakumezkoen futbolari Gipuzkoan. Balentria lortu ostean, denak ohartu ginen kalean jende askok ezagutzen gintuela. Klubeko emakumezkoen taldeko hobekuntza asko horregatik etorri ziren. Aurrerapauso bat emateko garaia izan zen.

Denboraldi horren amaieran hamar jokalarik utzi zenuten taldea. Kanpotik ikusita, arraro samarra izan zen.

Alde horretatik, denboraldi arraroa izan zen. Jende asko joan ginen, denboraldia ona izan zen arren. Realean urte asko generamatzan jokalariak joan ginen, gipuzkoar asko tartean. Nork bere arrazoiak edukiko zituen. Niretzat, denboraldi gogorra izan zen, eta beste zerbait bizitzeko garaia iritsi zitzaidala iruditu zitzaidan. Arraroa? Jendeak hitz egiten du, eta nik besteen arrazoiei buruz ezin dut hitz egin. Nire ahotik ezingo dute entzun ezer txarrik ez Realaz, ez Athleticez. Denentzat esker hitzak besterik ez dut.

Beste denboraldi bat egin zenuten Gonzalo Arkonadarekin, eta ondoren Natalia Arroyo etorri zen. Entrenatzaile kataluniarrarekin egin zenuen azken denboraldia Realean, askoz ere minutu gutxiago jokatuta. Nola bizi izan zenuen?

Gogorra izan zen azken denboraldia. Ez nuen espero bezainbeste jokatu, baina inoiz ezingo didate esan ez nuenik lanik egin. Hainbeste denbora klubean egonda, horren parte sentitzen nintzen, baina beste leku batetik. 

Eta hortik Athleticera joan zinen. Kontratuen negoziazioak ordezkaririk gabe egiten zenituzten garai hartan?

Niri gurasoek edo gertukoek lagundu naute. Ez dut inoiz ordezkaririk izan. Hasi nintzenean jokalari gutxik zuten ordezkaria. Orain, lehen taldera iritsi baino lehen ere, gazteek ordezkariak dituzte. Negoziazio batean, 16 urteko gazte batek zailtasunak edo ezjakintasunak izan ditzake, eta baliteke lagungarria izatea halako figura bat. Ez nago ez alde edo ez kontra. Laguntzeko baldin bada, ondo iruditzen zait.

«Niri gurasoek edo gertukoek lagundu izan didate. Ez dut inoiz ordezkaririk izan. Hasi nintzenean jokalari gutxik zuten ordezkaria. Orain, lehen taldera iritsi baino lehen, gazteek ordezkariak dituzte»

Nola ikusten dituzu Reala eta Athletic etorkizunera begira?

Athleticek jokalari gazte asko ditu orain, eta uste dut pixkanaka gazte horiek ardurak hartuz joan behar dutela. Aldaketa garai hori igaro behar dute. Realean, berriz, bidea pixka bat egingo dute. Nahiz eta denboraldi bat bestea baino hobeagoa izan edo jokalariak aldatu, badakite zein den bidea. Orokorrean bi klubek hobekuntza asko egin dituzte, eta horrek eramango ditu bata zein bestea kontuan hartzeko moduko taldeak izatera etorkizunean.

Jokalari moduan, euskarri gisara, itzalpeko lana egitea egokitu zaizu.

Oso langilea naiz. Denboraldiero daude gauzak hobetzeko, eta hemen inork ez du ezer oparitzen. Lehen Mailara zerbaitengatik iristen zara, eta esango nuke ni beti saiatu naizela nire onena ematen, taldeko beteranoetako bat izan naizenean ere bai. Lan asko egin behar izan dut honaino iristeko, eta horri esker lortu dut gorenean hamabost denboraldi egotea. Irakaslea naiz, eta gustatzen zait nik bizitakoa gazteei erakustea. 

Etorkizunean entrenatzaile izatea gustatuko litzaizuke?

Oraintxe ez dut neure burua entrenatzaile lanetan ikusten. Irakaskuntzara begira nago. Entrenatzaile izateko tituluren bat atera dut, baina ez dakit etorkizunean horretan arituko naizen ala ez.

Maitatua sentitu zara?

Bai. Gainera, ez zait sekula gustatu jendearen arreta neureganatzea. Apala izan naiz, eta uste dut hori jendeak ikusi duela. Errespetuz tratatu naute beti, eta futbolean hori sentitzea garrantzitsua da. Jendeak nire inguruan duen ustea oso ona dela iruditzen zait, eta hori gordeko dut gogoan batez ere.

MOTZEAN

Zelai bat? Ezin dut bat aukeratu.

Partida bat? 2019ko Kopako finala.

Erreferente bat? Ez dut erreferenterik, emakumezkorik ez baitzegoen gaztea nintzenean.

Amets bat? Jendeak ni ondo hartzea. 

Betetzeko duzun amets bat? Futbolari izateagatik egin ezin izan ditudan beste gauzak egitea.

Zer eman dizu futbolak? Lagunak.

Arantzaren bat: Granadako finala ez jokatu izana.

Taldekide bat? Leire Baños. 

 

Entrenatzaile bat? Unai Gazpio

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA