Abuztua amaitzearekin batera, atseden apur bat hartzeko moduan da Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1997). Azken urteekin alderatuta, aurtengo udan erakustaldi gehiago egin ditu aizkoran, eta, irailerako ere batzuk lotuta dituen arren, ohiko bizimodura itzuli nahi du. Erakustaldiak egiteko ez ezik, bidaiatzeko tartea ere hartu du, aizkoran aritzeko, betiere. Australian izan zen udaberrian, eta hogei egunetik gora egin ditu udan Estatu Batuetan.
Aizkolariontzat amaitu al da udako denboraldia?
Oraindik ez. Irailean ere baditugu erakustaldi batzuk, baina egia da beste erritmo batean ariko garela aurrerantzean. Uztaila eta abuztua gogorrak izan dira. Irailean asteburuetan izango ditut batez ere erakustaldiak, baina astez jada ohiko bizimodura itzuli nahi dut. Entrenamenduetan zentratu, gimnasiora joan, eta, batez ere, betiko dietari eutsi. Udan ordu askoz egoten gara etxetik kanpo, eta ez da batere erraza dieta zaintzea, baina hemendik aurrera txapelketetan zentratuta egingo dut prestakuntza osoa.
Zer moduz joan da uda? Ohi baino erakustaldi gehiago izan dituzu, edo gutxiago?
Aurten gehiago. Azken hiru urteetan beherakada sumatzen genuen, baina aurten berriz ere herri askotatik deitu digute puntan gauden aizkolarioi. Oso pozik gaude. Ikusi dugu udalek herri kirolen aldeko apustu sendoa egin dutela, eta eskertzen diegu.
Ezohiko hilabeteak bizi dituzu aspaldian. Australiara joan zinen udaberrian, eta, munduko bigarren egin arren, amorruz itzuli zinen, ezta?
Aurrez bi aldiz sailkatua nintzen bigarren, eta irabazteko itxaropenez joan nintzen. Egur horizontalean abiadura proban aritu nintzen, eta nire akats tekniko batek kondenatu ninduen. Horrek sortu zidan amorrazio gehien. Hasieran, lanak izan nituen hango orduetara egokitzen, baina, hamabi eguneko txapelketa zenez, behetik gora egin nuen nabarmen. Penaz etorri nintzen Euskal Herrira, baina aurrerantzean ere joango naiz Australiara. Bidaiatzeko gero eta grina handiagoa pizten ari zait, mundu osoan aritzen baitira aizkoran.
«Ikaragarria izan zen Boisen bizi izandakoa. Bi aste oso euskara hutsean aritu nintzen, eta beti gogoratuko dut han bizi izandakoa»
Estatu Batuetan ere izan zara: Wisconsinen lehenik, eta Boisen gero. Zer moduzko esperientziak izan dira?
Oso aberasgarriak. Wisconsinera txapelketa bat jokatzera joan nintzen, eta uste nuen hobeto moldatuko nintzela. Pinu zuria ebakitzen dute han; hemen ez dugu halako egur klaserik. Moldatu ezinik ibili nintzen. Gainera, asteburu bat iraun zuen lehiak, eta ez zidan denborarik eman neurria hartzeko. Dena den, jende mordoa ezagutu dut, eta nahi nuke hara itzuli.
Boisen, berriz, Euskal Etxean aritu zineten.
Ikaragarria izan zen Boisen bizi izandakoa. Garai batean artzain lanetara joan zirenek beren seme-alabak bagina bezala hartu gintuzten, eta ez dugu hitzik eskertzeko. Dena zekiten guri buruz artzain haiek: zenbat txapel genituen, zein ziren gure markak… Asko eta asko goizeko ordu txikietan esnatzen omen dira herri kirolak telebistaz zuzenean ikusteko. Bi aste oso euskara hutsean aritu nintzen Boisen, eta beti gogoratuko dut han bizi izandakoa.
Handik itzuli, eta bi txapelketa irabazi dituzu jarraian: Ramon Latasaren oroimenezkoa eta Donostiako Urrezko Kopa. Azken horretan irudi tristeak ikusi ziren telebistaz.
Telebistaz ez zen laurdenik ere ikusi. Aizkoran igarotako une kritikoenak bizi izan nituen. Eta beste aizkolariak ere larri ziren. Berrogei gradutik gora ez dago lan horiek egiterik, eta akaso proba bertan behera uztea zen egokiena. Baina momentuan bertan erabakiak hartu behar ziren, eta jokatzea erabaki genuen. Aizkoran aritu nintzen bitartean sufritu egin nuen, baina lanak amaitzean etorri nintzen behera. Zorabiatuta eta buruko minez, ezin nion gorputzari bueltarik eman.
Irabazi egin zenuen, dena den. Inoizko ondoen al zaude?
Uste dut baietz. Heldutasun betean sentitzen naiz, eta gorputzak inoiz baino hobeto barneratzen dizkit aizkoran jasandako nekeak. Ikasi dut erregularra izaten urte guztian zehar, eta, nire gorputza gero eta hobeto ezagutzen dudanez, badakit noiz jo eta noiz lasaitu. Oso ongi nago; gozatzen ari naiz aizkoran. Aurten sanferminetako binakakoan izan ezik beste lehia denetan txapeldun izan naiz.
«Heldutasun betean sentitzen naiz, eta gorputzak inoiz baino hobeto barneratzen dizkit aizkoran jasandako nekeak»
Aurrera begira, ze erronka dituzu?
Euskadiko Txapelketa daukat begiz joa, udazkenean jokatuko baita. Txapelketa hori izan ohi da garrantzitsuena aizkolariontzat, eta nahi nuke berriro txapelaren bila joan. Aurten borroka handia izango da, bueltan edukiko baititugu Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia, Eneko Otaño eta beste hainbat.
Eta apusturen bat aterako balitz?
Pozik hartuko nuke. Gustatzen zait saltsa hori, eta prest nengoke edonorekin hitz egiteko. Lehenbizi, Euskadiko Txapelketa nola joaten den ikusiko dugu, eta, gero, badut apusturen bat aterako den itxaropena. Bestela negua oso luze egiten da. Orain arte jokatutako apustu guztiak irabaziak ditut, eta prest nago edozer proposamen aztertzeko.