Txirrindularitza

Arensman faboritoei nagusitu zaie mendiko azken etapan

Onenak elkarri begira ibili dira La Plagnen, eta Ineoseko txirrindulariak bikain baliatu du aukera. Urrunetik eraso egin, eta ozta-ozta eutsi dio aldeari. Pogacarrek birritan aldatu du erritmoa, baina alferrik. Lipowitzek, berriz, podiuma ziurtatu du.

Thymen Arensman, hunkituta, etapa irabazi ostean. MARTIN DIVISEK / EFE
Thymen Arensman, hunkituta, etapa irabazi ostean. MARTIN DIVISEK / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 25a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

La Plagnen gora zihoazen txirrindulariak, Tourreko azken etapa menditsuaren bukaeran. Taldeburuen tenorea iritsi da, eta denetan ahaltsuenak, Tadej Pogacarrek (UAE), erasoari ekin dio. Momentu horretan, pentsaezina zirudien garaipena Thymen Arensmanek (Ineos) eskuratuko zuela. Alabaina, tokia egin du faboritoen multzoan, eta, haiek utzitako zirrikitua baliatuz, bere egin du garaipena lasterketako 19. etapan. Pogacarren saiakerak antzuak izan dira, eta Jonas Vingegaardek (Visma) uzkur jokatu du; ez dio errelebo bakar bat ere eman. Arensman hiru bider saiatu da alde egiten, eta berea egin du azkenean. Pirinioetan garaipen bat eta Alpeetan beste bat lortu duen txirrindulari bakarra da.

Herbeheretarrak alde izan du etaparen bilakaera. Azken igoeran, faboritoak oso goiz geratu dira laguntzailerik gabe. Pogacarrek ezin izan ditu aurkariak atzeratu, eta hartara, trostan igo dute La Plagne. Esloveniarrak gurdian eraman du Vingegaard, eta badaezpada, ez du esprinta abiatu; danimarkarrak garaipena ebats ziezaiokeen azken unean. Bada, Arensmanek etekin handia atera dio onenen arteko zainketari.

Hasiera batean, 130 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, eta bost mendate igo. Alabaina, ostegun gauean lehen 35 kilometroak kentzea erabaki zuen Tourrak. Arrazoia zera izan zen, Saisies mendateko behi aziendari atzemandako gaixotasun bat —«dermatosi nodular kutsakorra», antolatzaileek azaldu zutenez—, eta zehatzago, nekazariek egin zitzaketen protestekiko beldurra. Izan ere, gaitzak jotako abereak hiltegira eraman beharko dituzte. Ondorioz, tropela ez da Saisiesetik igaro. Berez laburra zen ibilbidea are gehiago laburtu dute. 

Edonola ere, ez da etapa samurra izan, ezta hurrik eman ere. Berehala piztu da sua, maila bereziko Pre mendatean. Primoz Roglicek (Red Bull) temati jardun du, eta bigarren egunez jarraian tropelari aurrea hartuta ibili da. Lenny Martinezekin (Bahrain) batera abiatu da gailurrerantz, eta geroago Valentin Paret-Peintre (Soudal) batu zaie. Multzo nagusiak kate motzean lotu ditu, UAEren ekimenez.

Arnasa berritzeko betarik gabe, Cormet de Roselendeko aldapetan barneratu dira. Kevin Vauquelinen (Arkea) ezina bistaratzean, tropelean beste martxa bat sartu du Uno-X taldeak, Tobias Johannessenek sailkapen nagusian Vauquelin aurrera zezan. Bada, azkenean, Roglici ere gaina hartu dio Johannessenek, eta hartara, seigarren postura egin du jauzi. Esloveniarrak larrutik ordaindu du ihesaldian egindako apustu ausarta. Bere kasa abiatu da La Plagnera bidean, baina indarrez hustu egin da ordekan, eta 12.39ko galera izan du helmugan. Zortzigarren postura jausi da sailkapenean, eta Felix Gallek (Decathlon) bete du haren tokia bosgarren koskan.

Gallek berak piztu du sua La Plagnen, helmugatik 14 kilometrora, eta Arensmanek berandu gabe egin du ihes. Pogacarren erasoak, ordea, alferrekoak izan dira; gurpilean itsatsi zaio Vingegaard. Danimarkarrak soilik azken metroetan hartu dio aurrea. Arensmanek bi segundo eskasera izan ditu, eta sei segundoko atzerapenarekin iritsi da Florian Lipowitz (Red Bull), laugarren postuan. Atzean utzi du Oscar Onley (Picnic); hots, ia ziurra du podiumeko postua. Ustekaberik ezean, ezer gutxi aldatuko du bihar Nantua eta Pontalier artean jokatuko den etapa gorabeheratsuak.

Tronua berreskuratu nahian

Tourraren zirrara ez da igandean Parisen amaituko, emakumezkoen lasterketa bihartik abuztuaren hirura bitarte jokatuko baita. ASO enpresak antolaturiko laugarren aldia izango da, eta orain arte baino etapa bat gehiago jokatuko dute: bederatzi izango dira guztira. Erlojupekorik ezean, bi mendate ezagunek piztuko dute ikusminik handiena: La Madeleinek —azken-aurreko etaparen helmuga izango da— eta Joux Planek —azken etapan igoko dute—.

Iazko garaile Katarzyna Niewiadomak (Canyon) zail izango du berriz ere irabaztea, mendeku gosez baita Demi Vollering (FDJ), 2023ko txapelduna. Maillot horiak lau segundo eskasengatik egin zion ihes iragan Tourrean. Lehiakiderik ez zaio faltako: Niewiadomaz gain, Elisa Longo Borghinik (UAE), Marlen Reusserrek (Movistar) eta Sarah Gigantek (AG Insurance) ere ahalik eta goren amaitu nahiko dute lasterketa. Laboral Kutxak bigarren Tourra izango du, eta hiru euskal ziklista lehiatuko dira lila koloreko elastikoarekin: Usoa Ostolaza, Ane Santesteban eta Idoia Eraso. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.