Argentina luzapenean sailkatu da, eta Egiptok eta Kolonbiak ere aurrera egin dute

Final-zortzirenetarako sailkatu diren azken hiru selekzioak dira. Argentinarrek 3-2 irabazi diote Cabo Verderi, egiptoarrek penaltietan garaitu dute Australia: 4-2; eta kolonbiarrek 1-0 hartu dute mendean Ghana.

Argentinako jokalariak Lisandro Martinezen gola ospatzen. ALBERTO BOAL / EFE
Argentinako jokalariak Lisandro Martinezen gola ospatzen. ALBERTO BOAL / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko uztailaren 4a
11:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru selekzio falta ziren Munduko Kopako final-zortzirenetako kanporaketak osatzeko, eta jada argitu da zeintzuk izango diren: Argentina, Egipto eta Kolonbia. Argentinak majo sufrituta lortu du garaipena Cabo Verderen kontra, luzapenean. 111. minutuan  sartu du bere atean Dineyk  Lionel Scalonik zuzentzen duen taldeari sailkatzea ahalbidetu dion gola. Afrikako selekzioa ezustea ematetik gertu egon da. Egipto penaltietan sailkatu da, Australiaren aurka. Arauzko denbora eta luzapena 1-1 amaitu dira, eta penaltietan 4-2 irabazi dute egiptoarrek. Kolonbiak, berriz, 1-0  hartu du mendean Ghana. Kolonbiarren gola Ariasek sartu du. Argentinak Egiptoren kontra jokatu du final-zortzirenetan, asteartean, 18:00etan; Kolonbiak Suitzaren aurka, egun berean, 22:00etan.

ARGENTINA 3-2 CABO VERDE 

Argentinak nagusitasunez irabazi zituen multzoen faseko hiru partidak. Baina estu gainditu du final-hamaseirenetako partida. Cabo Verdek estu hartu du Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioa. Luzapena behartu du, eta bere atean sartutako gol bat tarteko gelditu da txapelketatik kanpo. Baina egindako lanarekin harro joateko moduan da, estreinakoz aritu baita Munduko Kopan, eta buruz buru lehiatu da aurkari guztiekin. Txapelketetako ezusteetako bat izan da. 

Aurreko partidetan, jokoagatik baino gehiago, emandako itxura sendoagatik irabazi du Argentinak. Gaurkoan, hasieratik argitasuna falta izan zaio baloia izan duenean, eta fisikoki ere nekea nabaritu zaie hainbat jokalariri. Cabo Verdek esperotakoa egin du: atzean kokatu da, eta zelai erdian bost jokalari ipini ditu, aurkariak trabak izan zitzan jokaldiak sortzeko. 29. minutuan, ordea, Lisandro Martinezek pase bikaina eman dio Leo Messiri, hark ondo kontrolatu du baloia, eta sareetara bidali du. Markak apurtzen jarraitzen du argentinarrak. Gol horrekin hogei daramatza Munduko Kopan. Txapelketan jokatu dituen azken zortzi partidetan 12 gol sartu ditu. Aurretik Vozinhak bi gelditu on dizkio.

Leheh zatia 1-0ekoarekin amaitu da. Bigarrena motel hasi da. Bigarrenaren bila joan beharrean, Argentina baloia izatera mugatu da, erritmorik eman gabe. Cabo Verde konfiantza hartzen joan da, eta pare bat abisuren ostean berdinketaren gola sartu du. Enzo Fernandez ez da fin aritu baloiarekin, eta Duartek baliatu du Dibu Martinezen atea urratzeko. 59. minutua zen. Argentina saiatu da bigarrena sartzen, baina berriro ere Vozinha atezainarekin egin du topo. 

Hala, luzapenera joan da partida. Hasi eta berehala sartu du gola Scalonik zuzentzen duen selekzioa. Bazirudien hala amaituko zela neurketa. Lisandrok egin du 93. minutuan. Baina 102. minutuan gol ikusgarria sartu du Lopesek, jaurtiketa indartsu batekin. Kanporaketa penaltietan erabakiko zela zirudien. Baina 111. minutuan Messi azaldu da. Erdiraketa ona egin du, Romerok errematatu du, eta Dineyri jo ostean baloia sareetara joan da. Epaileak neurketaren amaiera adierazi aurretik Cabo Verdek bizpahiru aukera izan ditu berdinketa lortzeko. Baina ez da posible izan. 

(ID_16248233) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Egiptoko jokalariak, pozarren, sailkapena lortu eta gero. MARISCAL/EFE
AUSTRALIA 1 (2)-1(4) EGIPTO

Penaltietan erabaki da Australiaren eta Egiptoren arteko kanporaketa, eta egiptoarrek egin dute aurrera txapelketan. Lehen aldiz lortu dute kanporaketa bat gainditzea Munduko Kopa batean. Hasieratik ikusi da Australiaren asmoa: Egiptori baloia uztea. Horri esker, pare bat baloi arriskutsu lapurtu ditu, eta lehen bi aukerak izan dituzte australiarrek. Baina 14. minutuan Egiptok 0-1ekoa sartu du. Ashour izan da golegilea buruz. Partidak berdin jarraitu du, baina lehen zatiaren azken txanpan Australiak aurrerapausoa eman du berdinketa lortu asmoz, eta pare bat aukera izan ditu. Baina emaitza ez da aldatu, eta 0-1 joan dira atsedenaldira. 

Bigarrenean Australia erdiraketen eta geldikako jokaldien bidez saiatu da min egiten. Horietako batean gola sartu du. Hanyk sartu du bere atean, 55. minutuan. Egiptorentzat kolpea izan da gola. Hortik aurrera parekatu egin dira indarrak, eta partida luzapenera joan da

Luzapenean Egipto hobea izan da, eta bizpahiru abagune izan ditu garaipena lortzeko. Baina azkenean  markagailua ez da aldatu, eta penaltiak jaurti behar izan dituzte. Penaltietarako ustraliako hautatzaileak atezaina aldatu du, eta Mathew Rayan Realeko atezain ohia zelairatu du. Baina apustua ez zaio ondo atera. Izan ere, Egiptok jaurtitako lauak sartu ditu, eta Australian Souttarek eta Mabilek huts egin dute. 

(ID_16249182) FOTODELDÍA FÚTBOL MUNDIAL 2026
Ariasek sartu du Kolonbiaren gola. AMY KONTRAS / EFE
KOLONBIA 1-0 GHANA 

Kolonbiak sendo jarraitzen du bere bidea egiten txapelketan. Oraingoan 1-0 irabazi dio Ghanari final-hamaseirenetan. Hasieratik intentsitate handikoa izan da neurketa, buruz-buruko lehia askokoa, gogorra ere une batzuetan. Izan ere, 15. minuturako bi jokalarik zelaia utzi behar izan dute min hartuta. 14 minutuan iritsi da neurketako gol bakarra, Kolonbiari sailkapena eman diona. Ariasek sartu du, Luis Suarezek egindako buruz buruko jokaldi baten ostean.

Horrek patxada eman die kolonbiarrei. Erritmoa jaitsi, eta komeni zitzaien moduan jokatu dute, jokaldi luzeak eginez, eta baloiaren jabe izanda. Ura edateko etenaren ostean jokatu ditu Ghanak minuturik onenak. Antoine Semenyoren eta Iñaki Williamsen abiadurari esker, hainbat aldiz gerturatu dira Camilo Vargasen atera. Atsedenaldia baino lehen Kolonbia bigarrena egitear egon da, baina Luis Diazei gutxigatik joan zaio kanpora errematea. 

Aldageletatik bueltan Kolonbia nagusi izan da, zelai erdia mendean izan du, eta hainbat aukera izan ditu aldea handitzeko. Luis Diazek berak gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako. Riosek ere are bat aukera on izan ditu. Errenta hain txikia izanda, edozer gerta zitekeen. Ghana saiatu da kontraerasoren batean gola sartzen. Baina ez du lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA