Erabakita geratu dira Munduko Kopako final-laurdenak. Kanporaketa bat falta zen zehazteko, eta Argentinak eta Suitzak jokatuko dute, igandeko 03:00etan. Argentinarrak txapelketatik kanpo geratzear egon dira. 0-2 egon dira galtzen Egiptoren aurka, neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirenean. Baina hamabi minututan hiru gol sartu dituzte, eta norgehiagoka iraultzea lortu dute. Penaltietan erabaki da Suitzaren eta Kolonbiaren arteko kanporaketa, eta hor finago aritu da Europako selekzioa, lau sartu baititu, eta aurkariak hiru. Txapelketa hasi zenetik lehen aldiz, gaur ez da neurketarik izango. Bihar hasiko dira jokatzen final-laurdenetako kanporaketak. Lehen partidan, 22:00etan, Frantziak eta Marokok neurtuko dituzte indarrak.
Ikusi gehiago
ARGENTINA 3-2 EGIPTO
Cabo Verderen aurka luzapenean aurrera egin eta gero, Argentina majo sufrituta sailkatu da Egiptoren aurka ere. Neurketa bukatzeko hamar minutu falta ziren, eta oin eta erdi txapelketatik kanpo zuen Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioak, bi golen aldeaz ari baitzen galtzen. Merezita, gainera, ausart eta ondo ari baitzen jokatzen Egipto. Baina 79. eta 92. minutuen artean neurketa irauli dute argentinarrek. Izan ere, hiru gol sartu dituzte: Romerok, Messik eta Enzo Fernandezek. Beste behin Messi erabakigarria izan da. Hala final-laurdenak jokatuko dituzte. Ez sinestekoa. Poza eta zoramena Argentinako jokalarientzat; kolpea egiptoarrentzat. Partidak ere izan du jokaldi eztabaidagarririk, epaileak baliorik gabe utzi baitio Egiptori gol bat.
Ausart zelairatu da Egipto, baloia eduki nahian, eta egungo munduko txapeldunarekin nor baino nor gehiago lehiatuz. Berehala izan du saria horrek, 15. minutuan Ibrahim bizi ibili baita, eta gola sartu du buruz. Ia segidan, 19. minutuan, Messik penalti bat huts egin du. Espero bezala, aurretik egonda Hossam Hassanek zuzentzen duen selekzioak jokoaren ekimena izaten utzi dio Argentinari, eta pauso bat egin du atzera. Lionel Scaloniren jokalariak erosoago aritu dira horrela, eta atsedenaldia aurretik hiru aukera on izan dituzte berdinketa lortzeko. Baina Mac Allisterrek Messik eta Julian Alvarezek ez dute asmatu. Azken horri gelditu bikaina egin dio Shobeir atezainak.
Argentina saiatu da bigarren zatian biziago jokatzen. Baina Egiptok sartu du bigarrena. Jokaldi ona egin dute Hassanek eta Salahk, eta Zicok gol ona sareratu du. Baina epaileari VARetik abisatu diote jokaldia ikustera joateko, Hassanek baloia berreskuratzerakoan Lisandrori falta egin diolakoan. Ez zuen ematen falta adierazteko modukoa zenik jokaldia, baina epaileak baietz erabaki du, eta gola baliorik gabe utzi du. 59 minutuan zen. Egiptok, ordea, ez du etsi, eta bigarren golaren bila segitu du; baita lortu ere. Zicok baliorik gabe utzi dioten golaren arantza kendu ahal izan du, antzeko jokaldi batean gola sartuta.
Argentinak maldan gora zuen kanporaketa. Ordu erdi zuen neurketa iraultzeko. Eta lortu du. Bihotzarekin buruarekin baino gehiago, Egiptoren atera iristen hasi da, eta Messi azaldu da. Hark eman dio lehen golaren pasea Cuti Romerori, 79. minutuan. Gol hori sartuta, Scalonik zuzentzen duen selekzioa sinesten hasi da. Messik zortzigarren gola sartu du txapelketan, 21.a Munduko Kopan. Enzo Fernandezek sartu du, berriz, gol erabakigarria.
Amorratuta eta penatuta, baina oso harro esan dio agur txapelketari Egiptok. Argentinak, berriz, bigarrenez segidan txapeldun izatearekin amets egiten du, eta elastikoan laugarren izarra jartzearekin. Baina badu zer hobetua horretarako.

SUITZA 0(4)-0(3)KOLONBIA
Partida lehiatua, intentsitate handikoa eta gogorra jokatu dute Suitzak eta Kolonbiak. Arauzko denbora eta luzapena 0-0 amaitu dira, eta azkenerako penaltiak jaurti behar izan izan dituzte, final-laurdenetan nor izango zen erabakitzeko. Bertan Suitzak jaurtiketa bat huts egin du: Akanji izan da 11 metroetatiko asmatu ez duena; Kolonbian, berriz, Davinson eta Cucho izan dira. Hala, Nestor Lorenzok zuzentzen duen selekzioak etxerako bidea hartu behar izan du.
Kolonbia selekzio oso indartsua da fisikoki, eta hori erakutsi asmoz zelairatu da. Buruz buruko lehiak egotea nahi zuen. Horren aurrean Suitza ez da kikildu. Izan ere, Europako selekzio horrek bazekien kanporaketa gainditzeko aukerak izan nahi bazituen fisikoki Kolonbiaren pare aritu beharko zuela. Neurketako lehen abagunea Puertak izan du Kolonbiarentzat. Area ertzetik erremate ona egin du, baina Kobelek gelditu ona egin dio.
Kolonbia nagusi zen, partida nahi zuen bilakaera izaten ari zen. Baina orduan ura edateko etena iritsi da, eta Munduko Kopako beste hainbat neurketetan gertatu bezala, horrek aldatu egin du zertxobait partidan gertatzen ari zena. Suitzak baloiaren jabe izatea lortu du, eta ezker hegaletik min egiten hasi da, Dainel Muñozen bizkarrera. Hala, Murat Yakinek zuzentzen dituen jokalariak aurretik jartzear egon dira, Riederrek eta Ndoyek egindako erremate banatan. Baina Vargasek geratu dizkie.
Bigarren zatian Suitza hobeto aritu da, eta pare bat aukera on izan ditu aurkariaren atea urratzeko. Baina Sowk eta Shakak ez dute asmatu. Kolonbia presaka aritu da, ideia argirik gabe, baloia erraz galduz. Minutuak aurrera joan ahala, dena den, apur bat hobetu du eta Luis Suarezek abagune argia izan du gola egiteko Baina ez du ondo errematatu, eta baloia kornerrera joan da. Arauzko denboraren amaiera gerturatu ahala, bi selekzioek nahiago izan dute arriskurik ez hartu, eta hala luzapena jokatu behar izan dute.
Luzapenak neurketak izan ez duen bizitasuna eduki du. 100. minutuan Lucumik langara bidali du buruz baloia. Kolonbiak izan duen aukerarik argiena izan da. Campazi ere gelditu ona egin dio gero Kobelek. Suitzak ere izan du berea, baina Vargasek geratu ona egin dio Amdouni. Azkenean penaltietan erabaki da kanporaketa, eta Suitzak egin du aurrera.