LABURRAK
- Euriteak direla eta, zelaia lehortzen. Euri dezente bota du azken egunotan Port Elizabethen, eta horrek kalte egin dio Nelson Mandela Bay zelaiari. Hura lehortzeko aparatuak erabili zituzten atzo FIFAko langileek. Serbia eta Alemaniaren arteko partida da gaur han jokatzekoa eta, hortaz, atzo han ziren entrenatzekoak. Bi selekzioek beste zelai batzuetan egin zituzten bezperako lan saioak.
- Blatterren hotelean lapurreta. Joseph Blatter FIFAko presidentea dagoen hotelean lapurreta egin dute bart. Dena dela, haren deus ez dute harrapatu. Gabriel Batistuta Argentinako selekzioko jokalari ohia izan da pairatu duena; gauza handirik ez, hala ere.
- Buffon eta Pirlo ez dira oraindik erabat osatu. Jokalari garrantzitsuak ditu min hartuta Italiako selekzioak, eta badirudi datozen egunetan ere ez dutela jokatzerik izango. Gianluigi Buffonek lehen partidan bertan hartu zuen min bizkarrean, eta ez da oraindik osatu. Pirlo ez zen lehen partidan aritu, eta min hartuta jarraitzen du oraindik. Medikuarenean izan ziren biak atzo, Pretorian. Buffonek geldirik jarraitu beharko du, eta Pirlok iganderako egon nahi du jokatzeko prest.
ESANAK
- Robinho (Brasilgo jokalaria). "Gure komandanteak dioena errespetatzen dut. Dunga da agintzen duena. Aurreko mundiala ez genuen behar bezala prestatu; festa askotxoko aroa izan zen".
- Espainiako kazetari bat. "Brasil finalean izan beharrean aurkari, final-zortzirenetan izango dugu".
- Javier Aguirre (Mexikoko hautatzailea). "Parekatuta dago mundiala. Alemania salbu, beste faborito denak hor dabiltza, berdinketatxoa lortzen, edo 1-0 eta 0-1".
- Carlos Alberto Parreira (Hegoafrikako hautatzailea). "Uruguairen aurkako porrot honek herrialde oso baten ilusioa pikutara bidali du".
- Vladimir Weiss (Eslovakiako hautatzailea). "Zeelanda Berriaren kontra berdintzea ez da ona, baina ez tragedia".
- Arjen Robben (Herbehereetako jokalaria). "Talde sendoa dugu eta urrutira hel gaitezke txapelketan".
DATUAK
- Tenperatura iragarpena: -3. Datozen egunetan gauez jokatzen diren partidetan -1 eta -3 graduko tenperaturak izango direla iragarri du Hegoafrikako Metereologia Agentziak. Negua da Hegoafrikan, eta barrualdeko hiriburuetan egingo du hotz gehien: Johannesburgon, Pretorian eta Bloemfonteimen.
- 87 orduz futbola ikusten telebistan. Australiako bi neska gazte 87 ordu segidan izan dira Munduko Kopako futbola telebistan ikusten, eta munduko errekorra lortu dute hala. Alanah Argyrou 824 urte) eta harez ahizpa Joanne (22) dira biak. Aurreko marka Herbehereetako mutil batek zeukan: Efraim van Oeverenek, 86 ordu -iaz-.
- Milioi bat ikusle dagoeneko. Bihar iritsiko da Munduko Kopa milioi bat ikusle izatera, Alemania-Serbia partidan, antolakuntzak esan duenez. Orain arteko neurketa denetan estadioak ia beteta egon dira.
- Argentinako 17 zale deserrituko dituzte. Hegoafrikako agintariek jakinarazi dute Argentinako selekzioaren hamazazpi zale deportatuko dituztela, «lehiaketaren egonkortasunerako arriskutsuak direlako». Estadio batera sarrerarik gabe sartzeko asmoarekin harrapatu dituzte, esaterako.
laburrak, esanak, datuak
Argentinako 17 zale deserrituko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu