LABURRAK
- Leonardo prest Brasil entrenatzeko. Leonardok Brasilgo Futbol Federazioari adierazi dio prest dagoela selekzioa entrenatzeko eta Carlos Dunga ordezkatzeko. "Esperientzia daukat, Milanen zuzendaritzakide izana naiz eta denboraldi honetan Milan entrenatu dut", esan du Leonardo Brasileko selekzioko jokalari ohiak. 1994an mundiala irabazi zuen, eta Dunga taldekide zuen.
- Martinok utzi egin du hautatzaile postua. Inoiz baino lan hobea egin du Paraguaik Munduko Kopan, baina Gerardo Martino Tata hautatzaileak utzi egin du kargua. "Lau urte egin ditut karguan, eta uste dut garaia heldu dela beste bati tokia uzteko", adierazi entrenatzaile argentinarrak. Dena den, Paraguaiko Federazioari ordezkoa bilatzen lagunduko diola jakinarazi du.
- Zaleek harrera beroa egin diote Ghanari. Ghanako hiriburu Akkrara iritsi zen atzo selekzioa, eta jarraitzaileek harrera beroa egin zioten kaleetan. Izar Beltzena izan da urrutien heldu den Afrikako selekzioa. Stephen Appiah kapitaina mintzatu zitzaien zaleei: "Gure onena ematen saiatu gara, bai Ghanarengatik eta bai Afrikarengatik".
ESANAK
- Michel Platini (UEFAko presidentea). "Europako hiru talde finalerdietan aritzea sekulakoa da. Hiru herrialde horiek futbol politaren alde egin dute, erasoan oinarritutako jokoaren alde. Merezi zuten".
- Lothar Matthaus (Alemaniako jokalari ohia). "Alemaniak Ballack gabe hobeto jokatzen du, eta honek uko egin beharko lioke selekziora joateari".
- Laurent Blanc (Frantziako hautatzaile berria). "Gillotinara noan sentsazioa dut oraintxe bertan. Espero egoera aldatzea".
DATUAK
- Inkesta baten arabera, argentinarren %63,5 Maradonak jarraitzearen alde.Pagina 12 hedabideak egindako inkestaren arabera, argentinarren %63,5en ustez Diego Armando Maradonak segitu beharko luke herrialdeko selekzioko hautatzaile izaten. %32 haren aurka daude. Maradonak aitortu du bere aroa bukatu dela, baina oraindik ez dute dimisioa ofizial egin.
- Alemaniak Munduko Kopetan 99. partida. Errekorra ezarriko du Alemaniak Hegoafrikan: hura izango da Munduko Kopetan partida gehien jokatu duen selekzioa. Gaurkoarekin 98 dauzka, eta 99rekin bukatuko du -jokatu finala edo hirugarren eta laugarren posturako lehia-. Brasilen marka apurtu du horrela. 92rekin zeuden berdinduta Hegoafrikan hasi aurretik, eta 97rekin amaitu du Brasilek.
laburrak, esanak, datuak
Argentinarren %63,5 Maradonaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu