Sara Alonso (Donostia, 1999) sasoi betean da berriro ere. Chamonixen (Frantzia) jokatutako OCC lasterketa gogorrean —61 kilometro, +3.500 metro— hirugarren izan berri da, eta denboraldi bikaina egiten ari da. Azken bi urteetan izan dituen lesioak eta ezbeharrak bazterrean utzi, eta inoiz baino indartsuago dago. Hori baliatu nahi du, eta ez dauka atseden luzerik hartzeko asmorik.
Ia bi aste igaro dira Chamonixen OCC lasterketa jokatu zenuenetik. Nola zaude?
Uste baino hobeto nago. Lasterketa jokatu eta lau egunera hiru orduz ibili nintzen korrika, erritmo oso lasaian. Hurrengo egunean ordu eta erdiko entrenamendu bat egin nuen, serioagoa. Bizikleta eskura izan banu, beste saioren bat ere egingo nuen.
Lasterketa amaitu eta gero kosta egin omen zitzaizun lo egitea.
Gau horretan hiru ordu baino ez nituen lo egin. Adrenalinagatik-edo izango zen. Hurrengo egun osoa ohean eman nuen, baina lo hartu ezinik. Gauerdian Courmayeurrera joan nintzen, Chamonixen jokatzen den UTMBko lasterketa nagusia ikustera. Bi egunetan gehienez ere sei ordu egingo nituen lo. Lasterketa hori ikusten amaitzean, izugarrizko makalaldia izan nuen.
Aurten zenuen helburu nagusia al zen OCC lasterketa?
Bai, podiumean egon nahi zuen. Lasterketa horretan lehenbizikoz parte hartu nuenetik, horrekin amesten nuen. 2024an pneumonia izan ostean heldu nintzen lasterketara; 2025ean, aldiz, behiarekin izandako istripua eta gero. Aurten inoiz baino indartsuago ikusten nuen neure burua, nahiz eta banekien korrikalarien maila ere asko igo dela azken urteetan.
Pilatutako esperientziaren ondoren, aldaketaren bat egin zenuen lasterketa prestatzeko?
Aurten askotan entrenatu naiz egunean bitan. Bizikletan ere askoz kilometro gehiago egin ditut, eta Chamonixen bertan denbora asko eman nuen lasterketa aurretik. Taldeak etxe bat alokatu zuen maiatzetik irailera, eta bertan elkartu ginen taldekide asko. Horrek asko lagundu zigun. Taldekideen emaitzak ikusi besterik ez dago! Nik hilabete eta erdi eman nuen bertan entrenatzen, eta aurreko egunetan konturatu nintzen sasoiko nengoela.
«Aurten askotan entrenatu naiz egunean bitan. Bizikletan ere askoz kilometro gehiago egin ditut, eta Chamonixen bertan denbora asko eman nuen lasterketa aurretik»
Tove Alexandersson suediarra zen lasterketa irabazteko hautagai nagusia, baina azkenerako ez zuen parte hartu. Hori kontuan hartuta, aukera gehiago zenituen irabazteko?
Zalantzarik gabe. Podiumean amaitzeko aukera izatetik lasterketa irabazteko aukera izatera igaro ginen gutariko asko. Parekotasun handiagoa zegoen gure artean, eta ikusleentzat ere hori erakargarriagoa zen. Hala ere, gutariko inork ez genuen espero horrela amaitzea.
Azken bi urteetan laugarren postuan amaitu ondoren, askoren ustez faboritoen artean zinen. Horrek presiorik eragin al zizun?
Gustuko dut irabazteko hautagaien artean egotea, ez dit presiorik sortzen. Are gehiago: amorru pixka bat ere sentitu nuen UTMBko puntuen arabera zazpigarren postuan nengoela esan zidatenean. Nik banekien aurrean ibiliko nintzela. Hori bai, urteak ziren ez nintzela hain urduri sentitzen lasterketa baten aurreko egunetan. Egun handi bat izan daitekeen sentsazioa dudanean bakarrik jartzen naiz hain urduri. Zegama-Aizkorri irabazi nuenean bezala nengoen.
Zein estrategia zenuen?
Helburua irabaztea zen. Ni igoeretan ibiltzen naiz indartsuen; horrenbestez, Trienteraino [24. kilometroa] taldean joan nahi nuen, eta handik aurrera estutzen hasi. Baina lasterketaren hasiera eroa izan zen. Banekien nire taldekidea, Laura Hottenrott, dena ematera aterako zela lehen kilometroetan, eta ondoren ez zuela lasterketa amaituko. Lehen igoera [7. kilometroa] oso kontrolatuta egin nuen, minutuko 150 bihotz taupadaren erritmoan. Bigarren postuan kokatu nintzen konturatzerako. Lehen postuan jartzearen antzekoa zen hori. Beti pentsatu izan dut lasterketa hau irabazteko ezinbestekoa dela hasiera-hasieratik aurreko postuetan joatea. Aurten ere berdin gertatu da.
Kilometro asko egin zenituen bigarren postuan.
Bai. Baina Bovineko igoeran [17. kilometroa] gainean nituen Makena Morley, Judith Wyder, Naomi Lang eta Lauren Gregory. Gero Langek hartu zidan aurrea. Ez ninduen harritu, hura baita trebeena jaisten. Igotzen, ordea, hari aurrea hartzeko gai izaten naiz. Trienten [24. Kilometroa], Wyderrek lasterketa utzi zuen, eta bakarrik geratu nintzen. Aurretik, Lang besterik ez nuen. Hurrengo igoeran lehen postuan jarri nintzen hamar minutuz, baina, zatirik teknikoenean, Langek berriro aurrera egin zuen. Handik aurrera begi bistan izan nuen ia lasterketa osoan. Hurrengo jaitsieran denborarik ez zidala atera konturatu nintzen. Oraindik ere lasterketa irabazteko aukerak nituela pentsatu nuen. Hala ere, Vallorcineko jaitsieran [42. kilometroa] Lauren Gregory minutu batera zetorrela esan zidaten. Albiste txarra zen hori, korrika asko eta azkar egiten baitu. Azken kilometroak aproposak ziren horretarako.
Azken kilometroak luze egin zitzaizkizun?
Bai, luzeegiak! Argentierreko anoa postuan [51. kilometroa] ura hartzean nahasi egin nintzen. Denbora asko galdu nuen, eta, gainera, nahi baino ur gutxiago hartu nuen. Azken igoeran aurrekoak harrapatzeko itxaropena nuen, baina konturatzerako izugarrizko karranpak hasi zitzaizkidan. Aurretik ez zitzaidan sekula halakorik pasatu, eta Malen Osarekin gogoratu nintzen. Konturatu nintzen ezin nuela korrikarik egin ia. Egoera oso muturrekoa izan zen. Halako batean lasterketa utzi beharko nuela pentsatu nuen. Bigarren edo hirugarren izateak ez ninduen kezkatzen, baina ez nuen laugarrena gerturatzerik nahi. Ez nuen berriro laugarren amaitu nahi! Azken kilometro eta erdian oso gaizki pasatu nuen. Ez nuen sekula halako minik izan! Lasterketa bat irabaztera zoazenean, arriskuak hartu behar dira, eta horrelakoetan ondorioak izaten dira. Halere, sufritzeko gaitasun izugarria daukat. Hori da nire indargunerik handiena. Azken kilometroetan nituen indar apurrak ondo kudeatzen jakin nuen.
«Azken kilometroetan konturatu nintzen ezin nuela korrikarik egin ia. Egoera oso muturrekoa izan zen. Halako batean lasterketa utzi beharko nuela pentsatu nuen»
Gozatzeko denborarik izan al zenuen?
Bai. Lehen hiru orduetan gozatu nuen. Handik aurrera, eta bost orduak bete arte, larri joaten zara. Handik helmugara sufritzen da gehien [barrezka].
Gustura gelditu zinen egindako lasterketarekin?
Oso pozik. Lasterketak irabazteko horrela korritu behar dut. Aurrean joatea gustatzen zait. Neure buruari leporatzen diodan gauza bakarra zera da: azken anoa postuan nahikoa ur hartu ez izana. Beste gauza guztietan asmatu nuela esan dezaket. Zentzuz jokatu nuen lasterketan.
Gaur egun lasterketa luzeenen emaitza ere xehetasun txikienek baldintzatzen dutela iruditzen zaizu?
Gero eta argiago daukat baietz! Une batean oinetakoen lokarriak lotzen gelditu nintzen hogei segundoz. Pentsatu nuen 61 kilometroko lasterketa batean tarte hori ez zela ezer. Ondoren, begira nola amaitu genuen.
UTMBko lasterketetan inoiz izan den amaierarik estuena izan zen.
Bai, latza izan zen! Lehen bi sailkatuen artean hiru segundoren aldea egon zen, eta ni ere minutu batean azaldu nintzen helmugan. Orain dela urte batzuk lehen hirurak hogei minutuko tartean ibiltzen ziren. Gauzak asko estutzen ari dira. Orain ikasi dut ezin direla hogei segundo galdu oinetakoak lotzen [barrezka].
Nola ari zara ikusten zeure burua distantzia luzean?
Niretzat OCC ultra distantziako lasterketa bat da. Iruditzen zait korrikalari osoa naizela; errepidean ordubete eta hamar minutu egin ditzaket korrika, bi orduko mendi lasterketak ere bai, baita seikoak ere… Distantzia luzean beti iritsi naiz lehen bost sailkatuen artean. Buruz oso gogorrak egiten zaizkit, baina, aldi berean, ondo moldatzen naizela iruditzen zait.
Ikusten al duzu zeure burua CCC lasterketa korritzen (107 kilometro, +6.200 metro)?
Beste bi edo hiru urte pasatuko direla iruditzen zait. Aurretik, OCC lasterketa irabazi beharra daukat. Datorren urtean munduko txapelketa izango da, eta ez dakit CCC lasterketan izango ote naizen; hemendik bi urtera ere nork daki. Argi dudana zera da: ez dudala UTMBko lasterketa luzea korrituko. Azkar korritzea gustatzen zait, eta lasterketa horretan asko ibili behar da oinez.
Sei lasterketa jokatu dituzu aurten. Hiru irabazi dituzu, beste bitan hirugarren izan zara, Sierre-Zinalen hamaikagarren… Zer-nola ikusten duzu egindako lana?
Oso-oso pozik nago orain arteko denboraldiarekin. Skyrunningeko bi lasterketetan oso ondo aritu nintzen. Zegamako eta Chamonixeko podiumek izugarrizko balioa dute, eta irabazi banu bezala hartu nituen. Gogotsuago egoteko balio dit aurtengo denboraldiak.
«Bilakaera ikaragarria da. Profesionaltasuna, markak, babesleak, nutrizionistak, sariak, ikerketak… Txirrindularitza eta atletismoa aurretik doaz, zalantzarik gabe, baina mendi lasterketak jada ez daude hain urruti»
Hala ere, oraindik ez duzu denboraldia amaitu, ezta?
Ez. Gorbeia Suzien lasterketan parte hartzeko gogo handia daukat aspalditik, eta hiru aste barru bertan izango naiz. Irabaztea eta errekor berria ezartzea gustatuko litzaidake. Hortik aurrera Skyrunningeko beste bi lasterketetan arituko naiz lehiatzen: Sobrescobio Skyrace eta Marato dels Dements lasterketetan. Lehen bi lasterketak irabaziz gero, aukera dut zirkuitu hau irabazteko. Hori da helburua.
Urte batzuk daramatzazu mendi lasterketetan. Nola ari zara ikusten bilakaera?
Izugarria da. Profesionaltasuna, markak, babesleak, nutrizionistak, sariak, ikerketak… Txirrindularitza eta atletismoa aurretik doaz, zalantzarik gabe, baina mendi lasterketak jada ez daude hain urruti. Espainian bertan industria handi bat dago mendi lasterketen inguruan, eta jada dozena bat korrikalari izango gara profesionalki honetara bideratu dugunok gure etorkizun laburra.