Jokin Aperribai Realeko presidenteak esan zuen denboraldi hau «liburu berri baten hasiera» izango zela. Baina talde txuri-urdina espero baino okerrago ari da. Bi jokalari garrantzitsu galdu zituen udan: Robin Le Normand eta Mikel Merino. Hala ere, gutxik espero zuten Reala hamaikagarren postuan egongo zenik Espainiako Liga amaitzeko lau jardunaldi falta direla.
Egoera horretan ariko dira txuri-urdinak gaur Atletico Madrilen aurka, Metropolitanon (21:00, Dazn). Lehen garaipena lortu nahi dute han. Realak puntu batera dauka zortzigarren sailkatua, Rayo Vallecano. Postu horretan bukatzen duen taldearentzat izango da azken tokia Europan aritzeko, Konferentzia ligan. Txuri-urdinek seigarren urtez jarraian sailkatu nahi dute Europarako, baina ez dabiltza ondo jokatzen, batez ere erasoan.
Hala ere, ezkortasunean, jokalari bat gailentzen ari da azkenaldian: Jon Martin (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 2006). 19 urteko erdiko atzelaria nabarmendu da gehien azken neurketetan. Besteak beste, bikain kendu zion baloia Alex Berenguer Athleticeko jokalariari Alex Remiroren aurrean bakarrik geratzear zela. 89. minutua zen. Martinek jokaldi horretan erakutsi zuen zer-nolako kalitatea duen.
Lasarte-Oriako erdiko atzelariak hamabost partida jokatu ditu denboraldi honetan. Betisen aurka jokatu zuen lehen partida aurreko sasoiaren amaieran, eta, denboraldi honetan, Nizan (Frantzia) jokatu zuen hasieratik lehen aldiz, irail amaieran. Realak sasoi honetan Europa ligan jokatutako lehen bi neurketetan aritu zen hasieratik, Imanol Alguacilek bost atzelariz osatutako defentsaren alde egin baitzuen. Gero, ordea, gutxiago jokatu zuen Jon Martinek, baina Igor Zubeldiaren eta Aritz Elustondoren lesioak direla-eta, dena jokatu du azkenaldian: hasieratik aritu da azken lau partidetan.
«Defentsan dituen bertuteak ia jaiotzetik ditu», dio Alberto Gorriz Bixio-k (Irun, Gipuzkoa, 1958), Realarekin partida gehien jokatu duen jokalariak: 599. Jon Martin bezala, Gorriz ere erdiko atzelaria zen. Jon Martinen bi dohain azpimarratu ditu: «Sendotasuna eta aurreratzeko gaitasuna». «Oso kontuan hartzeko bertuteak dira bi horiek, are gehiago kontuan hartuta oraindik oso gaztea dela».
«Sergio Franciscok inork baino hobeto ezagutzen du, eta txinparta aterako dio. Uste dut hurrengo denboraldian titular izan daitekeela»
ALBERTO GORRIZ, 'BIXIO' Realeko jokalari ohia
Jon Martinek indargune bat baldin badu, aireko dueluak irabazteko gaitasuna da hori. Hain zuzen, Realak horren falta sumatu du Le Normand eta, batez ere, Mikel Merino joan direnetik. Baina lasartearrarekin nagusiagoa izaten ari da aireko jokoan. Erasoan, adibidez, baliagarria gertatzen ari zaio hori, orain arte geldikako jokaldietan ia ez baitzuen arriskurik sortu. Baina Martinek hainbat korner eta falta errematatu ditu. Ahaleginak, ordea, ez du izan saririk, eta ez du golik sartu.
Jon Martinek aireko dueluen %84,5 irabazi ditu denboraldi honetan: 49. Batez beste aireko duelu gehien irabazi duen jokalaria da Europako bost liga garrantzitsuenetan; %80 baino gehiago irabazi dituen bakarra da. «Ederki aurreratzen zaio aurkariari, eta, gainera, garaia da [1,87 metro luze da]», azaldu du Gorrizek.
Jokalari ohiak defentsako jokalari gaztearen ausardia estimatzen du aurkariari aurreratzeko orduan. Batzuetan okerren bat egiten du, baina «esperientziarekin hobetuz» joango dela uste du. Esperientzia hartu ahala «indar handiagoa eta gorputza» hartuko dituela iritzi dio.
Azken hilabetean Martin zein ondo aritu den ikusita, badago jendea pentsatzen duena gutxi jokatu duela. Hala ere, Gorrizen ustez, gaur egun «zaila» da Realean jokatzea: «Aguerd ia mugiezina izan da ezkerrean, eta Zubeldia ondo ibili da beti». Haren arabera, Imanolek beste atzelarien «esperientziaren alde» egin nahi izan du, eta lasartearrari «pixkanaka aukerak» eman nahi izan dizkio.
Etorkizuna, argia
Imanolek Reala utziko du denboraldi amaieran, eta Sergio Franciscok ordezkatuko du. Teknikari berriak Reala B-n entrenatu zuen Martin, eta hori jokalariari «ondo» etorriko zaiola uste du Gorrizek: «Sergio Franciscok inork baino hobeto ezagutzen du, eta txinparta aterako dio. Oso ondo daki zeintzuk diren haren bertuteak eta gabeziak, eta, harekin, hobetu egingo du jokalari gisa. Nik titular ikusten dut. Uste dut hurrengo denboraldian titular izan daitekeela».
Gainera, Nayef Aguerd gabe, eta Jon Pacheco erdiko atzelari ezker bakarra izanda, hurrengo denboraldian lasartearrak ezkerretik joka dezakeela dio Gorrizek: «Baloia ateratzeko zailtasun gehiago izan ditzake, baina berak ere ezkerretik joka dezake». Eskuinean ere hasieratik joka dezakeela iritzi dio. Halaber, baloia ateratzeko daukan abilezia goraipatu du.