AUTOMOBILISMOA

Argi laranja

Bilboko hiri zirkuituak FIAren homologazioa jaso du 2005eko uztailean Munduko Serieetako lasterketa bat antolatzeko. Proiektua zehaztea eta horren onespena jasotzea falta da orain

jon ordonez garmendia
2004ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko hiri zirkuituak jada badu FIA Munduko Automobilismo Federazioaren baiezkoa, eta orain arte aurreproiektua zena proiektu sendo izango da aurrerantzean. Ofizialki ezer ez dago eginda, baina lanean hasteko argi berdea dute jada RPM enpresa antolatzaileak eta Bilboko eta Bizkaiko erakundeek. Otsailean ekimena publikoki aurkeztu ondoren, Jaime Nove-ren hiri zirkuituaren aurreproiektua bidali zitzaion FIAri homologa zezan. Orain benetako proiektua aurkeztu beharko da. Adibidez, aurreproiektuan bihurgune batean sare metalikoa jarriko dela azaltzen bazen, orain proiektuan zer lodiera izango duen zehaztu beharko da, eta lodiera horrekin autoen kolpea zenbateko abiaduran gera dezakeen. Hori zehazteak diru gastu handia ekartzen du, eta horregatik FIAk homologazioa emateko mahai gainean izan duena auurreproiektu bat besterik ez da izan.

Antolatzaileak lehendik ere itxaropentsu zeuden FIAren erabakiari buruz, eta ziurrenik behin betiko proiektua aurreratuta egongo da. Behin hori esku artean duela, FIAren ordezkariek Bilbora etorri beharko dute hiri zirkuitua ikuskatzera. Horrelako lanetan Roland Bruyseraede zirkuitu ikuskatzailea, Charlie Witting 1 Formulan FIAren ordezkari teknikoa, eta segurtasun batzordeko beste ordezkari bat aritzen dira. Prozesua oraingoz espero daitekeen epeen barruan dago, baina ez dago denbora asko galtzerik, urrirako FIAk hurrengo urteko lasterketen egutegia egin beharra izaten duelako. Proiektua garaiz aurkezten bada, udako oporretatik bueltan jaso dezake Bilbok lasterketa antolatzeko baiezkoa.

Data zehatzik ez du oraindik lasterketak, baina 2005eko uztailean korrituko da, beti ere FIAk onartzen badu. Aurten lasterketa korritzeko saiakera bat ere egin zen iaz, eta uztailaren 18rako zegoen lasterketa aurreikusita. Hurrengo urtean uztailaren 17an ez bada, 24an izango da ziurrenik, Santiago egunean. Egun horiek begi onez ikusten dituzte antolatzaileek. Alde batetik Bilbon euririk ez egiteko aukera gehiago dagoelako. Bestetik, hilabete hori opor garaia delako askorentzat. Hirian bilbotar gutxiago egoteak trafiko arazoak saihestuko lituzke, eta zaleak oporretan egoteak lasterketaren arrakasta ziurtatuko luke.

Aldaketak egon daitezke

FIAk ibilbideari bere baiezkoa eman dion arren, baliteke oraindik ere zirkuituaren marrazkian aldaketaren bat egotea. Itxuraz Bilboko hiri zirkuitua oso azkarra da, eta hori beti izaten da arazo hiri barruetan. Hiri barruko lasterketak oso motelak izaten dira, Montecarlokoa esate baterako, eta horri esker korritu ahal izaten dira, edozer istripu gertatuta ere abiadura ez delako beste zirkuitu batzuetan bezain handia izaten. Edonola ere, arazo hori badago chicane bat gehituz konponduko dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.