Aritmetikak erabakiko du

Nazioarteko Pilota Federazioak bihar bozkatuko du Euskadiko Federazioa kide izan dadin estatutuak aldatu edo ez. Batzarrera joango diren bazkideen bi herenen baiezkoa behar du euskal federazioak

Miarritzen jokatu zen munduko txapelketaren aurretik Durangon egindako elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Inoiz baino gertuago dago pilotan euskal selekzio ofiziala ikusteko aukera. Bihar egingo du Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Federazioa kidetzat hartu ala ez erabakitzeko bozketa, ezohiko batzarrean. Mexiko Hirian egingo dute, Euskal Herriko 18:00etan. Bi bozketa egingo dituzte, eta bietan botoen bi heren lortu beharko lituzke Euskadiko Federazioak, helburua lortzeko. Aurrenekoan, batzarreko partaideek Nazioarteko Federazioak bere estatutuak aldatzea onartu beharko luke. Hori onartuz gero, segidan egingo lukete bigarren bozketa, Euskadiko Federazioa kide gisa onartu edo ez erabakitzeko. Ikusteko dago zer gertatuko den.

Ikusi gehiago:Euskadiko Pilota Federazioak nazioartekoan onartzeko lau arrazoi nabarmendu ditu

Historian bigarren aldiz bozkatuko dute Euskadiko Pilota Federazioa Nazioartekoaren kide gisa onartu edo ez. 2002ko abuztuan aztertu zuten eskaria lehen aldiz, Iruñean, han jokatu zen Munduko Txapelketaren harira. Venezuelak egin zuen proposamena, baina ezezko nabarmena jaso zuen erantzun gisa.

Oraingoan, aldiz, bestelako emaitza bat lortzeko esperantza badago Euskal Pilota Federazioan. Eta badira itxaropena ez galtzeko zenbait arrazoi. Lehendabizi, ezohiko batzarra Nazioarteko Pilota Federazioaren presidente Xavier Cazaubonek berak proposatuta egingo dela. Bertan erabakiko dute Euskadiko Federazioa onartzeko estatutuak aldatuko dituzten edo ez. Bereziki nabarmentzekoa da hori, Euskadiko Federazioak bitan egin baitio aurretik eskaera, eta eskaera horiek ez baitzuten erantzunik jaso.

Bestalde, egun berean bi bozketak egitea bera ere beste aurrerapauso bat da. Berez, gai bakarra izan behar zuen ezohiko batzarrak: euskadiko federazioa onartzeko estatutuak aldatu edo ez erabakitzea. Baina, orain, estatutuak aldatzea onartuz gero, jarraian bozkatuko dute Euskadiko Federazioa onartu edo ez. Eta espero izatekoa da lehen puntuari baiezko botoa emango dioten federazioek bigarrenari ere baiezkoa emango diotela.

Gainera, Cazaubon Nazioarteko Federazioko presidenteak nazioarteko idazkariaren kargua kendu zion Espainiako Pilota Federazioko buru Julian Garcia Angulori hil honen hasieran, Euskadiko Federazioaren kontrako kanpaina egiteagatik.«Iraintzea eta eraso egitea» egotzi zion Cazaubonek Garcia Angulori, gutun baten bidez: «2023ko apirilaren 13tik Nazioarteko Pilota Federazioari eraso egiten aritu zara, eta, zehazki, neuri».

Zuhurtzia azkenera arte

Nazioarteko Federazioan 33 herrialdek dute ordezkaritza, eta hamabostek bozkatzen dute; bakoitzak boto kopuru jakin bat du, munduko azken txapelketan parte hartutako diziplinen araberakoa. Esaterako, Espainiak, Frantziak eta Mexikok bederatzinaboto dituzte; eta Kubak eta Argentinak, zortzina. Bozketan parte hartu dezaketen beste federazioak hauek dira: Bolivia, Txile, Costa Rica, El Salvador, Guatemala, Italia, Peru, Uruguai, Venezuela eta Haiti. Guztira 76 boto dira. Bozketa egiteko, arau batzuk daude: botoa presentziala izango da, eta federazio bakoitzean titular batek edo ordezko batek baino ezin dute botoa eman. Gainera, batzarra egin ahal izateko, batzarkideen erdiek behintzat joan beharko lukete.

Bozkatuko diren bi gaiak onartzeko, parte hartzaileen bi herenen berrespena beharko luke Euskadiko Federazioak gai bakoitzean. Alegia, lehen bozketaren babes bera beharko luke bigarren bozketak ere, gutxienez. Beraz, batzarkide guztiak joanez gero, 51 baiezko beharko lirateke. Aldiz, 26 ezezko nahikoa lirateke euskal selekzioari etorkizunean nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera emango liokeen proiektua bertan behera uzteko.

Hala ere, ikusteko dago botoa emateko aukera duten guztiak Mexiko Hirira joango diren edo ez. Edozein moduz, bazkide guztien bi herenek ez, baizik eta batzarrera joango diren bazkideen bi herenek babestu beharko dute eskaria.

Eguna iritsi baino lehen, zaila da jakiten zer erabakiko duen batzarkide bakoitzak. Gaur-gaurkoz, Euskadiko Federazioa Nazioartekoaren partaide izatearen aurkako jarrera irmoa agertu duen bakarra Espainiakoa izan da. Garcia Angulo kritiko agertu zen Nazioartekoak hartutako erabakiarekin, hasiera-hasieratik. Ezohiko batzarra egingo zela jakin eta berehala, Garcia Angulok esan zuen ezetz bozkatuko duela bihar, argudiatuta Euskadiko Federazioa sartzeak «eraso» egiten diela Espainiako Federazioari eta Espainiari. Beste aldera, Euskadiko Federazioa Nazioartekoaren kide izatearen alde bozkatuko duela publikoki esan duen batzarkiderik ez dago.

Batzarra egingo zela jakin zenetik, buru-belarri jarri ziren Euskadiko Federazioko ordezkariak auzi honetan, ahalik eta babes handiena lortzeko. Hala ere, azkenera arte zuhurtziaz jokatu nahi dute, euskal selekzioa inoiz baino gertuago izan arren dena airean baitago oraindik. Bozketaren emaitza positiboa bada, bihar bertan egin daiteke ofizial euskal selekzioarena. Hala izanez gero, bertako pilotariek nazioarteko txapelketa guztiak jokatzeko aukera izango lukete. Horien artean, 2026an San Luisen (Argentina) jokatzekoa den Munduko Txapelketa. Handik lau urtera, berriz, 2030ean, Euskal Herrian jokatuko da. Hori dute amets: 2030ean Euskal Herrian jokatuko den Munduko Txapelketan etxeko selekzioa aritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.